Mendi ibilaldia

Ibaizabalen iturburuak

Ibaizabalen iturburuak.
Ibaizabalen iturburuak.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Apatamonasterio, Arrazola, Errekaundi, Adasto, Txareta, Tellamendi
  • Distantzia: 22 km.
  • Iraupena: 5 ordu.
  • Ingurunea: Jakina da Ibaizabal ibaiak Bizkai osoa zeharkatzen duela ekialdetik mendebaldera, eta Bilboko itsasadarrean itsasoratzen, Nerbioi ibaiaren urak jaso odoren. Iturburua zehaztea, ordea, ez da horren erraza.
  • Estekak: Ibilbidea
2016ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ibaizabal da Bizkaiko ibai nagusia, Durangaldean sortu eta Bilboko itsasadarrean itsasoratzen dena. Nerbioi ibaiarekin batuta, Bizkaiko sistema hidrografikorik zabalena sortzen du. Ibaizabalen iturburua zein den zehaztea ez da erraza, ibaia sortzen hainbat errekak hartzen baitute parte: alde batetik, Udalatx eta Intxorta mendien arteko magalean sortzen diren Zomelegi, Kortazar, Intxorta, Larrate eta Aldabe erreken urak Elorrion bildu, eta Zumelegi erreka osatzen dute. Kilometro gutxi batzuk aurrerago, Zumelegi eta Arrazola errekek bat egiten dute Apatamonasterion, eta bien baturak Ibaizabal sortu. Arrazola ibaiak ere hiruzpalau iturburu ditu Tellamendi eta Andasto mendien magaletan. Iturburu horiek aurkitzea da ibilaldi honen proposamena.

Ibilaldia Apatamonasterion has dezakegu (Bizkaibus A3923 eta A3913), Arrazola errekaren ondotik ibiliz, XX. mendearen hasieran jasotako burdinbidean zehar. 1903 eta 1905 bitartean, trenbidea luzatu zuten Arrazola eta Elorrioraino; besteak beste, Arrazolako meategietako burdina Bilboko itsasadarreko lantegi siderurgikoetara eraman ahal izateko. Aurrera izeneko lurrunezko tren makinak hamaika joan-etorri egin zituen Apatamonasterio eta Arrazola artean, 1930eko hamarkadan meategiek errentagarri izateari utzi zioten arte. Egun, bidegorri bihurturik, sekulako ibilbidea da baserri, zelai, baseliza txiki eta ur-jauzi artean, eta, jakina, Anboto erraldoiaren oinetan.

Errrekaundi

Arrazola herritxora heltzear gaudela (Bizkaibus A3913), bidegorria utzi, eta errepidera jaitsi behar da zubiaren ondotik. Errepidea zeharkatu, eta, bidexka labur bati jarraikiz, Arrazolako Elizondo plazara heltzen da. Elizaren ondotik pasatu, eta baserri artean aurrenengo aldapari ekin behar zaio. Azkenengo baserriak pasatu ondoren, pasabide kanadarrean eskuinera okertu behar da, pinuan barrena jarraitzeko.PR-BI-85 balizajearen laguntzaz, galtzadaraino aise hel daiteke. Horren ondoan, Errekaundi erreka dator, salto txikiak eginez. Udaberriko belarraren berde biziaz gozatu behar da lehendabizi, eta pagadiaren koloreen nahasketaz geroago: zorua udazkeneko hosto zaharrez estalita, eta goialdea jaio berriak diren hosto berdez estaltze prozesuan. Bizpahirutan zeharkatu behar da errekatxoa, haren bazter batetik eta bestetik txandaka ibiliz. Azkenik, banatu egiten dira. Errekatxoak ekialdeko magal pikoan gora egiten du. Han nonbait dago Errekaundiren iturburua, batzuetan gorago, beste batzuetan beherago, urtaroaren eta euri kantitatearen arabera.

Galtzadak mendebaldera jotzen du orain, Andastoren magal pikoan gora, sigi-sagaka pagadian gaindi. Basotik irtetean, gailurreriaren ezkerretara Andastoren haitza gailentzen da, eskuak lagun igo behar delarik hango txartel-ontzira heltzeko eta Anbotoren ekialdeko amildegi piramidala miresteko. Hantxe daude Ezkillar-begia, Mariurrika Kobea eta Artaungo Sakona. Hegoalderantz joz, gailurreriaren bukaeran, ezkerretara okertu behar da Ipiztekoarriagarantz, GR-123-aren marka zuri-gorriekin batera. Uren banalerroa da Tellamendirainoko tarte hori. Ezkerreko trokan erortzen den ura Kantauri itsasora doa; aldiz, eskuineko magalean erortzen dena, Ebrora. Amilondoko sakana eta tontorra utzi, eta Tellamendiren oinetan ezkerretik jarraitu behar da, pagadian barrena, gailurrera igo gabe. Txareta errekaren lehen ura zapaldu daiteke ia ohartu gabe.

Txareta

Pinudian sartu eta iparraldeko norabidea hartzean, GR-123 utzi, eta ezkerrera okertu behar da, mendebalderantz jaisten den pistari jarraikiz. Bihurgunean pista utzi, eta norabide berari eutsi behar zaio, antzina utzitako bidean behera sigi-sagaka Txareta errekaraino. Horren iturburua aurkitu, eta, ur-jauziez ederretsi nahi bada, errekan gora ibil daiteke iparralderantz eginez, norberak nahi eta ahal duen beste. Osterantzean, eskuinerantz jo, eta errekaren ondotik ibiliz, Errotabarriko tren geltokira heltzen da. Ondoan daude meatzari herri baten eta kaltzinazio labe baten aztarnak. Errekaundi eta Amilondo errekekin bat egin, eta, bidegorrian barna, Arrazola errekaren ondotik Apatamonasteriora iristen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.