Nafarroako Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren, Sorkuntzako Dokumentalen Masterra egin zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta, masterreko 32 ikaslerekin eta Viktor Kosakovski zuzendari errusiarrarekin batera, Demonstration filma ondu zuten. Geroztik, Kosakovskiren laguntzaile aritu da haren azken filmetan. Gaur egun, Bartzelonan ari da lanean, Pompeu Fabra Unibertsitatean bertan, Sorkuntzako Dokumentalen Masterreko muntatzaile, aholkulari eta proiektuen tutore.
Iazko Cannesko zinemaldian estreinatu zenuten Polaris filma, eta orain Trentoko Mendi Zinemaldiko sari nagusia eskuratu du. Zer bide ari da egiten?
Lehen urte honetan, hainbat jaialditan izan da: Sevillako Europako zinemaldian, Bilboko Zinebi jaialdian, Kanadako Hot Docs jaialdian, Amsterdamgo IDFAn... Frantzian oso harrera ona izaten ari da, Frantziako produkzio bat baita, eta ekainaren 21ean estreinatuko da Frantziako aretoetan. Beraz, bide polita ari da egiten.
Pentsatzekoa da Trentoko Mendi Zinemaldiko sari nagusiak ere bultzada emango diola.
Hasteko, ez nekien mendiko zinemaldi batean aintzat hartzeko moduko filma izan zitekeenik. Ez nuen imajinatzen. Hortaz, filma lehiaketarako hautatu zutenean, pentsatu nuen: «Begira, zer bitxia!». Filmak, egia da, oso mendi giroko espiritua du: naturarekiko hartu-emana, nork bere burua esploratzea, abentura ingurunea bera... hor daude. Hortaz, Trentorako hautatu izanak aldatu egin zidan filmaren inguruan neukan ikuspegia. Film bat egiten duzunean, helburua da jendearengana iristea. Hortaz, halako sari bat jasotzea, hainbeste film onen artean, bultzada nabarmena da, «jarrai ezazu filmak egiten» esatea bezala. Azkenean, ez da erraza film bat aurrera ateratzea, are gutxiago film dokumental bat, eta halako aitortzak oso garrantzitsuak dira.
Filmak bi ahizpa frantsesen istorioa kontatzen du, Hayat eta Leilaren istorioa. Bat itsasontziko kapitaina da, Artikoan barna bidaiak gidatzen dituena bere iraganetik ihesi, eta bestea ama izan berri da, bakarrik. Zer transmititu nahi izan duzu?
Portugaldik Groenlandiarako itsas zeharkaldi batean ezagutu nuen Hayat. Bera zen itsasontziko kapitaina. Zeharkaldi konplexua zen teknikoki, eta itsasontzi bakarra zen hori egiten zuena. Ni beste filmaketa batean nengoen orduan, eta Hayatek hamabi bizitzaren ardura zuen bere gain. Itsasontziko guztiek tough cookie gisa hartzen zuten; nola esango nuke, pertsona zailtzat edo. Nik ikusten nuen, ordea, oskol horren atzean pertsona oso sentibera zegoela. Adibidez, kontatu zigun hamar egun zeramatzala aurpegia garbitu gabe, balea batek bere txorrotarekin blai egin zuelako. Nire artean pentsatu nuen: bai pertsona bitxia, ia 40 urterekin, goizero esnatu eta aurpegia garbitu gabe egotea, balearen txorrota hori sentitu nahi duelako. Gau batez, izozmendiak begiztatzeko zaintza lanetan nengoela (iceberg txikiak ez ditu hartzen radarrak), kontatu zidan ahizpa gaztea kartzelan zuela, eta ezin zela bisitatzera joan, gauza asko nahasten zizkiolako. Kontraste hori niri oso deigarria egin zitzaidan: halako kemena duen pertsona bat, gai dena Artikoan barna klima gogorrari aurre egiteko eta hainbeste jenderen ardura bere gain hartzeko, ez gauza izatea ahizpa bisitatzeko. Kemen, sentiberatasun eta hauskortasun konbinazio hori polita iruditu zitzaidan. Finean, niretzat hiruren konbinazioa da bizitza, eta filmaren bidez hori adierazi nahi nuen. Eta naturak nola salbatu zuen Hayat bere demonioetatik.
Hartu-eman berezia sortu zen zuen artean, ez da hala?
Baietz esango nuke, eta Leila ahizparekin ere bai. Hayatekin, prozesu osoan, leialtasun, ulermen eta babes handia sumatu dut proiektuarekiko, bion arteko harremanarekiko... Prozesu osoan egon da adiskidetasuna, eta maitasuna egon dela esatera ere ausartuko nintzateke; maitasuna, arau zurrunetatik harago ulertuta: bestearentzat onena desiratzea.
Eta esango zenuke hartu-eman eta konfiantza hori sakondu ahala bigundu egin dela arestian aipatutako oskol hori?
Hayatek, filma egiteko konpromisoa hartu genuenetik, konfiantza itsua agertu zuen, horrek sortzen duen ardurarekin. «Zugan erabateko konfiantza dut», esaten zidan. Halakoa da: erabat oskolduta eusten dio, edo guztiz zabaltzen dizu barrua, eta nirekin horixe egin zuen. Leilarekiko harremana ez zen erraza izan, nik ez baitut frantsesez hitz egiten. Haurra izan zuenean, une oso politak bizi izan genituen: erditu eta lehen hamar egunetan haren etxean bizi izan nintzen, eta harreman oso polita sortu zen. Haren bizitza zaila da, ordea, eta, denborarekin, harreman hori laxatu egin zen zertxobait, baina betiere errespetuzkoa izateari utzi gabe.
Artikoan nabigatzen duen itsas kapitain bat irudikatzeko esan, eta, seguru asko, gizonkote bizardun, gotor eta zaildu bat etorriko litzaiguke burura. Hayaten soslaia bestelakoa da, ordea. Horren kontra ere borrokatu beharko zuen bere bizitzan, ezta?
Hayat 1,60 metro garai da, eta 43 kilo ditu. Emakume txikia da, baina sekulako indarra du, hala fisikoa nola mentala, eta oso argia da. Baina itsasontzira igo orduko, jendeak galdetzen du: «Non dago kapitaina?». Eta berak esan behar du: «Ni naiz». Areago, zenbaitek ez du harekin joan nahi izan, emakumea delako. Zeharkaldia egiten dutenek, ordea, ezagutzen dute, eta askok errepikatu egiten dute.
Inaya txikiaren izenaren esanahia, arabieraz, ontasuna da. Txikiak, haren izenak, zer esanahi hartzen du bi ahizpen arteko erlazioan?
Hiruren izenak arabiarrak dira. Aita ez zuten ezagutu, baina ama aljeriar jatorriko bigarren belaunaldikoa zen Frantzian. Hayatek bizitza esan nahi du; Leilak, gaua edo iluntasuna; eta Inayak, ontasuna. Inayaren jaiotzari esker, bi ahizpek hartu-emana berreskuratu zuten, eta Hayatentzat familiaren zikloarekin hausteko modu bat izan zen. Amak arazoak izan zituen drogarekin, eta Leila ahizpak ere bai; ama espetxean egon zen, eta Leila ere bai, espetxe berean, eta bientzat beste hasiera bat izan zen Inaya txikia, abiapuntu bat. Nolanahi ere, dena ez da hain erraza; zauri guztiak ez dira bat-batean ixten.
Groenlandia, Islandia, Artikoa oro har, agertoki soil bat da, ala badu haragoko esangurarik edo garrantzirik?
Ez nuen lehen aldia Artikoan, eta han izan naizen aldiro, sentitu izan dut nik ez nuela han egon behar. «Iruñeko neska batek zer egiten du hemen?», pentsatzen nuen nire artean. Eta filmaketan ere sentimendu bera izan nuen. Ekoizleetako bat Groenlandiakoa zen, eta laguntzailea eta argazki zuzendaria ere inuitak ziren, baina, hala ere, sentitzen nuen leku hura ez zegokidala. Ez dut esango kolonialismo modu bat zenik, hitz gogorra delako hori, baina bai sarkina sentitzen nintzela: «Zer egiten dut nik hemen?». Behin han egonda, ardura bat ere sentitzen nuen, hara joateko aukerarik izango ez duen jendearekin edertasun hura guztia partekatzekoa. Ez nuen Groenlandiako postal bat erakutsi nahi; kameraren bidez ingurune hura habitatu nahi nuen. Oreka hori aurkitu nahi nuen: postal turistiko huts bat erakutsi beharrean edo edertasuna banalizatu beharrean, bene-benetako edertasuna agertu nahi nuen.
Ederra bezain gogorra da Artikoa. Alde horretatik badu parekotasunik bi protagonisten bizitzarekin?
Hain zuzen, Hayatek esaten du itsasoan eta Artikoan nabigatzeko behar diren dohain berak behar direla familia zail batean nabigatzeko.
Egilea, filmaketa betean. Ainara Veraren bilduma
Nolakoa izan zen filmaketa Groenlandian eta Islandian?
Aurrez ere egona nintzen han, eta ikasita nindoan pixka bat. Proiektu honetan, zailena ez da izan eguraldi txarrarekin filmatzea, baizik eta haurtzaroko egiazko traumak dituzten pertsonekin filmatzea. Unerik gogorrenetan haien bidelagun izatea, hori izan zen zailena, oreka psikologikoa: filma egitea, bukatzea, une oro errespetua gordez.
Alde horretatik, esan izan duzu film dokumentalen egile batek entzuten jakin behar duela.
Eta ez epaitzen. Denok epaitzen dugu bestea ia oharkabean edo nahi gabe, baina saiatzen naiz ez hori egiten. Filmaketa hau ikasketa oso garrantzitsua izan da niretzat, asko erakutsi didatelako.
Trentoko epaimahaiak adierazi du filma hunkigarria dela, baina sentimentaltasunean jausi gabe. Bat zatoz?
Horregatik dut hain gustuko Hayat. Filmatzen hasi ginenean, lehenbiziko hauxe esan zidan: «Ainara, kontu handia izan esperantzaren kontuarekin». Film dokumentalen egile naizen aldetik, nik ezin dut ametsik saldu, ezin dut ihesbiderako beste zinema mota horrek bezala ametsik saldu. Honelako dokumental batek ezin du hori egin. Ardura bat dut ikus-entzuleekiko, kontzientzia pixka bat duen edonork badakielako bizitzan gauza mingarriak daudela eta diren moduan agertu behar direla. Alde horretatik, Hayatek eta Leilak badute esperantza; gainerakoan, Hayatek ez luke egingo ahizparengatik egiten duena, baina ez dituzte alderdi gogorrak urardotzen. Oso bizitza gogorra izan dute, baina bizitzak ez ditu garaitu, eta, aldi berean, gordin azaltzen dute bizitako guztia.
Aipatu duzu filma aurki estreinatuko dela Frantziako zinema aretoetan. Sari honek zabaldu diezazkioke ateak Euskal Herrian ere estreinatzeko?
Nahiko nuke; ederra litzateke filma Euskal Herriko eta Espainiako aretoetan ere banatzea. Azken batean, ahalik eta jende gehienak ikusteko egiten ditugu filmak. Hala ere, Euskal Herrian eta Espainian oraindik ez dugu banatzailerik. Gutxienez, estreinaldi bat egin nahiko nuke Iruñean, familiak eta lagunek ikusi ahal izaten dezaten. Ea lotzen dugun.
Víktor Kosakovski zuzendariaren laguntzaile izan zara haren azken hiru filmetan. Zer eragin izan du Kosakovskik zure ibilbidean?
Hasieratik haste aldera, Iruñean emakumezkoek antolatutako jaialdi batean ikusi nuen nire lehen film dokumentala, Agnes Vardaren film bat. Oso gaztea nintzen artean. Jaialdi hori gabe, film hori gabe, ez nukeen jakingo zer den film dokumental bat. Ondoren, unibertsitatean, irakasle batek film dokumentalak erakusten zizkigun. Hor zegoen Iruñeko Punto de Vista jaialdia ere, bestelako zinema bat egin zitekeela erakusten ziguna... Hala, behin hazia ereinda zegoela, aurreko mugarri txiki horiei guztiei esker, ezagutu nuen Viktor Kosakovski, sorkuntzako dokumental egileen artean oso kutuna dudan zuzendaria. Eta Viktorrek zinemaz dakien guztia erakutsi dit. Duela hamar urte hasi nintzen haren laguntzaile, eta gaur egun buruz buru egiten dugu lan.
Arena Comunicacion ekoiztetxearekin egin zenuen zure lehen dokumentala, Hasta mañana, si Dios quiere. Haien babesa ere garrantzitsua izan zen, ezta?
Bakarrik hasi nintzen nire lehen film horrekin, eta IDFA jaialdian elkartu nintzen Arenakoekin, Amsterdamen. Eta haiei esker lortu genuen TVEren eta Nafarroako Gobernuaren babesa. Errespetu handiz lagundu zidaten prozesu osoan. Edozein egilerentzat, lehen filmeko ekoizleak oso garrantzitsuak dira, lehen urrats horietan ikasten duzulako industriarekin erlazionatzen, eta Arenako kideak sentiberatasun eta errespetu handiz izan nituen bidelagun, inolako presiorik erantsi gabe. Maite ditut.
Hasi zara beste proiekturen batean lanean?
Hiru ideia ari naiz garatzen. Hirurak dira animaliei loturikoak. Bat desagertutako animalia bati buruzkoa da, baina horraino esan dezaket.