Erdi Aroko Leintz Gatzaga herritik abiatu eta Dorletako santutegira doan errepidean barna beteko ditugu lehen metroak. Ezker aldean Gatzaren Museoa eta Dorlas baserria ikusiko ditugu, baina lehen bihurgunera iristean, egurrezko panelaren ondoan, errepidea utziko dugu, baso trinkoan sartzen den xenda estu bati jarraitzeko. Deba ibaiaren paraleloan igotzen den bide zati hori nahikoa traketsa suertatzen da. Hala ere, berehala altuera hartu eta pagadira iristean, bidea atseginagoa bihurtzen da. PR GI-37 zidorrari dagozkion bide seinale zuri-horiei jarraituz, pista batera helduko gara, eta, metro batzuk aurrerago, Vasco-Navarro trenbide zaharra pasatzen zen bidearekin bat egingo dugu. Puntu horretan GR 121en —Gipuzkoako itzuliare— marka zuri-gorriak agertuko zaizkigu.
Pista oso zabala eta erosoa da. Aurrera segitu, eta, GI-627 errepidearen ondora heltzean, hura gurutzatu eta seinaleek erakusten diguten norabideari jarraituko diogu. GR 121ek eskuinerantz hartzen du, eta guk, berriz, ezkerrerantz lurrezko pista erosotik aurrera egingo dugu, pinu, haritz eta pago artean. Gorabehera handirik gabe, Deba ibaiak zeharkatzen duen haranaren gainaldetik pinudi trinko batean sartuko gara, eta aurrerago Deba ibaiaren sorlekuan izango gara.
Deba ibaia sortzen duten hiru erreken urek apurtzen dute lekuaren isiltasuna. Errekastoa gainditzeko egurrezko zubitxo bat pasatu, eta norabidea erabat aldatuko da. Tantaduiko pagadi bikainean zehar zabaltzen den pistatik erraz iritsiko gara Olaun auzoa osatzen duten baserrien ondora. Asfaltatutako bidetik beherantz egingo dugu, eta berehala helduko gara Sanjuanzar baserrira.
Xenda batek Gi-627 errepidera eramango gaitu, eta, hura gurutzatu eta gero, baso trinkoak eskaintzen duen itzalpean berehala galduko dugu Dorletako Santutegira dagoen altuera. Santutegiari bisita egin eta bertako iturrian freskatu ostean, ezkerretik ateratzen den zidor piko batetik errepidera jaitsiko gara, eta, hura gurutzatu ondoren, beste xenda batek Gatzaren Museoaren ondoan utziko gaitu, Dorlas baserriaren parean.
Mende askoan gatza izan da Leintz Gatzagako bizigarria. Izan ere, urre zuria esan izan zaion horrek, herria sortzeaz gain, izena ere eman zion. Gatz iturria herritik 250 metrora dago, garai batean herria eta gatz produkzioa zaintzeko erromatarrek eraiki zuten Dorletaren ondoan —gaur egun santutegia da—. Leintz Gatzagak duen klima hotz eta hezeagatik, ezinezkoa egiten zitzaien gatza lortzeko beste zenbait lekutan erabiltzen zuten lurrinketa sistema erabiltzea. Hori dela eta, suaren bidez berotu behar izaten zuten ur gazia, likidoa lurrindu eta horrela gatza lortzeko.
Gaur egun, herriak bere iragana berreskuratu eta museo monografiko bat zabalik du. Museo horrek gatzaren ustiapenaren bilakaera erakusten du, eta mineral horrek izan duen garrantzia ulertzen laguntzen digu, Burdin Aroan hasi eta 1972ra arte, itsasoko gatzaren konpetentziak ixtera bultzatu zuen arte. Museoak lau garaitan banatzen du gatzaren ustiapenaren historia: Burdin Aroa, XVI. mendeko dorlak, XVIII. mendeko putzupada gurpila eta XX. mendeko industria aroa. Bisita egin eta gero, gure eskuinera Santa Kolunba ermita hondatua atzean utzi, eta abiapuntura helduko gara, Leintz Gatzagara hain zuzen.