Zalantza barik, Bizkaiko jairik ospetsuenak eta arrakastatsuenak Bilboko Aste Nagusikoak ditugu. Horrela izanda ere, Urduñako (Bizkaia) otxomaioak, Otxomaio jaiak, tradizio handiagokoak dira, egiaztatuta baitago 1600. urtean ospatzen zirela. Hainbat ekintzaz disfrutatzeko aukera egoten da urtero-urtero Urduñan, tokiko abere azokaz eta Txaroles arrazako abere txapelketaz, besteak beste.
Aurreko batean egin genuen legez, Urduñako tren geltokia hartuko dugu abiapuntu. Oraingoan, ordea, Txarlazo alderantz joan beharrean ezkerretik joko dugu. Plaza zeharkatutakoan, Artekale kaletik barrena abiatuko gara, eta, osasun etxea ezkerrean dugula, beherantz jarraituko dugu.
Errepidearen azpiko pasabidea iragan ondoren, ezkerrera egingo dugu, berrehun bat metroan Nerbioi ibaiaren gaineko zubia igaroko dugula. Ibazurra auzoko txakolindegia atzean, zuzen joango gara, goiko elkargunera heldu arte, non eskumari emango diogun. Ezkerretik segituko dugu hurrengoan, eta ehun bat metro aurrerago zuzen joko dugu, legarra bidaide. Hamar bat minutu beharko dugu trenbidearen azpitik pasatzeko. Belarra zapaldu berri, hesia zeharkatu, eta ezkerrera joango gara bihurgunean. Basabide nagusiari men ibiliko gara hemendik aurrera, fresko, pagoak zein haritzak nagusi. Baso-soilgunean noranzkoari eutsi (I), eta hamar bat minutuan eskuinera egingo dugu (HE), zuzen eta beherantz doanari muzin eginda. Hurrengoan, eskumatik jarraituko dugu, eta hamar minuturen buruan ate ondoan egongo gara. Iragan gabe, eskuineko zidortxoak tontorreraino eramango gaitu.
Beratza mendiko tontorra (708 metro, erpin geodesikoa, jaiotza, xafla eta buzoia) leku paregabea da atsedena eta mokadua hartzeko. Gorobel mendilerroko tontorrak nagusituko zaizkigu handik, Txarlazo, Bedarbide eta Iturrigorri harrigarria batez ere. Burdin hesiaren beste aldera pasatuko gara eta, bigarrena zeharkatzeke, eskuinetik segituko dugu. Belar zidortxoa aurki bihurtuko zaigu basabide, eta basoko hezegune hesitura iristeaz batera, zuhaitzetatik irten eta ezkerrari ekingo diogu, pista zabalean.
Hesia iragan ostean, eskumara joango gara, eta segituan zuzen joko dugu, belarrarekin bat (H). Untzaga berehala izango dugu bistan, aurrean, ezkerrean Gorbeia nahiz Arnoko mendiak begiztatzen ditugun bitartean. Gasteizko errepidea iragandakoan, zuhaizti gozoak hurreratuko gaitu Untzagara. Ez sartzea erabakitzen badugu, eskuinetik jarraituko dugu (HM), eta, hamar minutu baino lehen eskumara sartuko gara, bigarren belarditxoan.
Herrian sartuko gara, ura hartu, eta, bide batez, San Fausto eliza erromanikoa ikusiko dugu. Hego-mendebalerantz irtengo gara, Nerbioi kaletik zehar. Azken etxea iragan ondoren, eskuineko pistatik joko dugu (IM). Minutu bira, belarditxo bat ikusiko dugu ezkerrera; han sartu, hesia zeharkatu, noranzkoari euts,i eta argindar-dorre berdeetarantz egingo dugu, betiere goiko aldean, alboetara jo gabe. Gogor jaisten hasi, eta lehenengoan ezkerretik segitu; elkargune guztietan zuzen joango gara.
Pagoek eta haritzek freskaturiko bideak errekatxora eramango gaitu. Behin hara helduta, eskumara joango gara (M), urarekin bat. 500 bat metroan belarra desagertuko zaigu, ate berdera iristeaz batera. Eskuinera, legar pistan, hamar bat minutuan trenbidea igaroko dugu, bai Txarlazo bai Iturrigorri deigarria parean. 300 bat metro ibili beharko dugu, eta Artomañako dorretxean izango gara,etasegituan elizara azalduko. Ezkerretik jota irtengo gara herritik, erreka zeharkatu barik. Arabako txakolina ekoizteko mahasti artean ibiliko gara, zuzen, eskumatik sartzen garen arte. Hurrengo bidegurutzean ezkerrera joango gara (M), bide txukuna alboratuta, kilometro bat baino gehiago zuzen beteko dugula. Ezkerreko bideei jaramonik ez, Santa Klara monasterioko harresiak lagunduko digu eskuman. Zuhaitzek markaturiko Gasteizko errepidera heldu, eta, hortixe,lehengo bidearekin bat egingo dugu abiapunturaino.
Mendi ibilaldia
Hiri bakarreko mugetatik
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Urduña, Beratza, Untzaga, Artomaña
- Distantzia: 17,2 km.
- Iraupena: 4 ordu.
- Ingurunea: Arabako eta Burgosko udalerriek inguraturiko Bizkaiko lurraldea da Urduña. Gure urratsak Beratza mendira bideratuko ditugu oraingoan, Gorobel mendilerroa bistan dugula.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu