Ezezaguna dugu Enkarterriko Zaramillo (Bizkaia). Gueñesko auzo horri Errusia Txikia deitu izan zaio, bertan bizi ziren komunista nahiz meatzariengatik. Saratxo auzuneko meategietan lanean zebiltzan langileak gutxitan herriratzen zirenez, egiten zuten bakoitzean San Keremos jaiak ospatzen zituzten, eta izenari gaurdaino eutsi diote, udalak Magdalenak izena —herriko patroia— nahiago badu ere. Autoz, trenez edo autobusez gerturaturik, plazan abiatuko gara.
Eretza kalean gora egingo dugu, berehala alboratu eta Basetxetatik jarraituko badugu ere. Harrobiko errepidea zeharkatu, eta 400 bat metrora ezkerrari emango diogu, ur biltegira heltzeaz bat. Gaztainondoak nahiz pinu zaharrak nagusituko zaizkigu bidean gora, errepide aldapatsuan. Ezkerretik tentatzen gaituzten bideei jaramon egin barik, arazorik gabe iritsiko gara Saratxo auzo lasaira. Eskumatik sartuko gara, eta atoan San Sebastian baseliza ikusiko dugu. Bertako landatxoa leku egokia dugu atsedena hartu zein umeekin jolasteko.
Zuzen jarraituko dugu tarte honetan, GR marka zuri-gorriak bidaide. Meategi abandonatu baten gaineko zubia igarotzean, merezi du alde bietako zuloari erreparatzea. Zuhaiztia bukatu eta hormigoizko pista ezkerrera beheratzeaz bat, noranzkoari eutsiko diogu. Ehun bat metro aurrerago, hartxintxar pista baztertuko dugu eta eskuinetik sartuko gara, argindar dorrerantz. Behin belardira heldurik, aurrez aurre azalduko zaigu azken aldatsa, txiri-txiri igo beharrekoa. Motorrek lurrean eragindako orbainek lagunduko digute ia tontorreraino.
Gezi laranjak bidelagun
Apuko edo Ganeroitz puntatik (561 metro, hiru buzoi eta erpin geodesikoa) ikuspegia sekulakoa da, Grumerango nahiz Bilboaldeko tontorrak nagusi, Ganekogorta, Gallarraga eta Eretza batez ere. Gailur zabalean argazkiak egin ostean, atzera joango gara, eta burdin hesiarekin bat jaitsiko gara (I). Legar pistara ailegatutakoan, ezkerrari emango diogu (I), hamar minutuz beheratuz. Lehengo belardi parera heltzearekin batera, pista utzi eta zuzen jarraituko dugu, 50 bat metrora dauden goiko pinuetarantz.
Adi ibili behar dugu orain, ez baitago argi zidorra non hasten den. Gezi laranjek lagunduko digute horretan. Urtero-urtero herrian burutzen den mendi lasterketa baten erruz daude gezi horiek guztiak. Itsusia bai, baina, zoritxarrez, praktikoa gure kasuan. Pinuak eukalipto bihurturik, bost minutuan eskumara joango gara (M), eta 200 metroan ezkerretik segituko dugu, beherantz (HM). Bide nabarmenari men une oro, bizpahiru minutuan ezkerrera egingo dugu, geziarekin bat (E).
Gorabehera handirik ez bada, zazpi bat minutuan helduko gara nahiko zuzena den tarteunera. Bihurgunean eskuinera jo, eta, 200 metro pasatzeke, pista alboratuko dugu, ezkerreko bidezidortxoari emanda (H, harripiloak). Gerizpean eramango gaitu bidexka gozoak, errekastoraino. Hesia zeharkatu ondoren, hamar minuturekin soberan izango dugu plaza berriro zapaltzeko.
Herrira iritsita eliza bisitatu daiteke. Luis Gabiña Aizpuru abadeak (Bilbo, 1921-1996) 30 urtetik gora eman zuen apaiz Quadran. Zaramillon elizarik ez zegoela ikusita, eliztarrekin batera eraikitzeari ekin zion, eta 1968an inauguratu zuten. 1988an omenaldia egin zioten Aizpururi, eta haren izenean monolito bat jarri.
Mendi ibilaldia
Haranen arteko mendi baztertua
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Zaramillo, Saratxo, Ganeroitz Apuko
- Distantzia: 8,4 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 10 mn.
- Ingurunea: Altuera apaleko mendia izanagatik, Apuko edo Ganeroitz tontorretik Grumerango eta Bilboaldeko tontor eta bazterrak begiztatzeko modua dago.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu