Mendi ibilaldia

Haltzamendi, Ortzaizetik

Begi bistan, mendi txikia dirudi, eta halaxe da, baina kontuan hartu behar da abiapuntua ez dagoela oso garai, eta, beraz, ahalegina egin behar igoeran. Hori bai, aukera izango dugu bidean ikuspegi ederrez gozatzeko.

Iparla aldeko ikuspegia, Haltzamendi gailurretik
Iparla aldeko ikuspegia, Haltzamendi gailurretik. GORKA LOPEZ
Iparraldeko ibilbidea. Haltzamendi
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ortzaize, Sakana, Hegoaldeko harkaitza
  • Distantzia: 11,1 km (740 m+)
  • Iraupena: 2 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Baigura
  • Estekak: Ibilbidea
2024ko azaroaren 13a
05:00
Entzun

Pirinioetako mendi inguruetara joango gara, Nafarroa Behereko (Baigorri aldean) eta Lapurdiko (Kanbo aldean) zelai berdeak mugakide dituen ingurura. Belardi gozo horien erdian, baserri zuriz zipriztindutako ingurune batean, mendi bat topatuko dugu, bestelako haitz lerroetatik aparte. Baigura da: belarrezko olatuen arteko uhartetxo bat dirudien mendia. Lau muino txiki ditu, bakoitza dagokion gailur izenarekin: Erregelu, Baigura, Laina eta gaurkoan jomuga dugun tontorra, Haltzamendi.

Haltzamendi dago hegoalderen, eta hura da baxuena ere. Haren gailurrera Ortzaizeko herritik (Nafarroa Beherea) abiatuko gara, eta ikuspegi ederrak izango ditugu: Baigorri eta Garaziren zati bat barnebiltzen duen arku menditsua eta iparralderantz luzatzen diren landazabalak. Jakina, mendilerroari jarraitu diezaiokegu eta tontor guztiak kateatu. Edonola ere, gora eta gora egitea luxua da begietarako, inguruko naturaren soseguan. Zalantzarik gabe, bete-beteko aukera da, erraza, eta gutxitan egin ohi dena.

Ortzaizetik mendi magalera

Ortzaizeko plazatik hasiko dugu ibilbidea, eta Baigura ikusiko dugu, oso-osorik, bertako eraikinen atzean. Eliza atzean utzi eta aurrera egingo dugu, hotel baten ondotik pasatuz, San Mixel eskolarantz, seinaleztatuta dagoen eskuinaldeko lehen desbideratzeraino. Kale horretatik segitu, eta bat egingo dugu marra horiz markatutako ibilbide batekin. Herrigune nagusia atzean utzi, eta aurrera egingo dugu larre eta etxeen artean doan auzo bide batetik. Ezkerretara, Larla mendia ikusiko dugu. Era berean, futbol zelaia dagoen zabaldia gurutzatzen dugun bitartean, atzean utziko dugu Jara.

Bidegurutze batera ailegatu eta ezkerrera egingo dugu, belardi eta etxetzarretatik aurrera eginez. Etxalde baten aurretik igaro ondoren, bi bide zabalduko dira, eta eskuinetik jarraituko dugu. Larre, zuhaizti eta errekatxo artean ibilita, azken etxebizitza atzean utzi, bidezidor batetik bidearekin bat egin, eta goranzko ibilbideari ekingo diogu. Lizar eta haritz artean igoko gara, eta, harkaitzen azpitik igarota, amildegi baten barruan sartuko gara. Aurrerago, eskuinera jo, amildegitik urrundu eta sigi-saga segituko dugu. Horrela, basoa zeharkatuko, eta harkaiztegi bat izango dugu goialdean, eta amildegia behealdean.

Basotik mendilerrora

Gora egingo dugu, baina aurrekoak baino malda arinagoak izango dira orain. Tarte ia lauak ere badira txandaka. Halaber, haritzez, gaztainondoz eta urkiz osatutako basoak tartekatuko ditugu. Azkenik, beheko muinoetan utziko ditugu zuhaiztiak, eta Baigurako mendilerro nagusitik pixka bat aldendutako lepo batera ailegatuko gara. Handik, inguruko mendi handiak bistaratuko ditugu, hala nola Iparla, Hauza, Adi eta Adartza.

Muino horren goialdera joko dugu, baina, bertara iritsi aurretik, ezkerrera egin, eta mendi hegalean zehar ibiliko gara, mendilerroaren goiko alde harritsurantz. Harkaitzen oinarrira iritsi gabe, bidezidorra bitan banatzen denean, eskuinera joko dugu, harkaitza albo batetik zeharkatzen duen pasabidearen bila. Hori egiten dugunean, Haltzamendiko gailurraren parean jarri, alboko lepora jaitsi, eta, ezkerrera jo beharrean, bat egingo dugu xendra batekin. Jarraian, mendi lepotik zuzen jarraituko dugu, gorago dagoen beste bidezidor batekin bat egin arte.

Gero, gailurraren ezkerretara dagoen mendi mazela zeharkatuko dugu, eta mendiaren mendebaldeko tolestura batera iritsiko gara, non idazkun bat aurkituko dugun, tontorrerako bidea erakusten duena. Seinaleei jarraikiz, eskuinera egingo dugu, eta ondoen deritzogun lekutik igoko gara, bide zehatzik ez baitago. Mendilerroaren gainaldera ailegatuta, erlaitzak Ortzaizerantz ematen duelarik, ezkerrera joko dugu, eta laster batean Haltzamendiko mugarrira iritsiko gara, ikuspegi paregabe batzuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.