Alpinismoa

Haize berriak Aizkorriko eskaladan

Joseba Iztueta, Unai Cobos, Ioseba Eskudero eta Mikel Mongelos alpinista eta eskalatzaile goierritar gazteek beste maila batera eraman dute Aizkorriko ipar hormako neguko eskalada, eta bi bide berri zabaldu dituzte: Akertegi eta Hire amak baleki.

'Hire amak baleki' bidearen tximinian. UNAI COBOS
Xabier Mujika.
2023ko martxoaren 22a
10:59
Entzun

Alpinismoaren eboluzioa errelebo lasterketa baten modukoa izan da. Belaunaldi batek aurreko belaunaldiak utzitako testigua hartu izan du, eta ahal duen urrutien eraman izan du hurrengo belaunaldiari uzteko. Lasterketa hori historian zehar behin eta berriro errepikatu izan da, eta horrek ekarri du duela urte batzuk eskalaezin zirudiena eskalagarri bihurtzea.

Euskal alpinismoaren eboluzioan lekukoa urrun eramaten ari direnetako bat Mikel Saez de Urabain alpinista eta eskalatzaile ordiziarra da. Mikelek aire berri bat eman dio Larrunarriko neguko eskalada eta eskalada mistoari, eta inork uste ez zuen lekuetatik igotzeko trebetasuna izan du, baita udan eskalatzen diren eskalada bideak negu giroan eskalatzeko trebetasuna ere.

Denbora kontua zen Mikelek Larrunarrira eramandako lekukoa Aizkorrira iristeko. Eta lekuko hori Joseba Iztueta, Unai Cobos, Ioseba Eskudero eta Mikel Mongelos alpinista eta eskalatzaile goierritar gazteek hartu dute, baita gogoz hartu ere. Estilo garbi-garbia erabiliz, Aizkorriko neguko eskalada maila berri batera eramaten ari dira. Horren adibide, otsailean mendilerroaren ipar aurpegian zabaldu dituzten bi bide zoragarriak.

Akertegi, «bide dotorea»

Unai Cobosek eta Mikel Mongelosek bi saialdi behar izan zituzten lerro hau irekitzeko. Lehenengoan ez zuten elurra baldintza onetan aurkitu: «eskiatzeko eguna zen, ez alpinismorako», Unaik dioen moduan. Astebete geroago, otsailaren 4an, baldintzak zeharo ezberdinak topatu zituzten: «Egun zoragarria egin zigun, baldintza onak aurkitu genituen, eta gainera, aurreko asteburuan irekitako arrastoak gora azkar egiten lagundu zigun. Bide dotorea atera zen, eskalatzea merezi duen horietakoa; eta egia esan, bidearen azken zatian, uste dugu irteteko zeuden aukera guztietatik politena hautatu genuela».

Bide honi izen bat jartzeko garaian ere ez zuten buruhauste handirik izan Unairen hitzetan: «Akertegi hitz-jokoa proposatu nionean Mikeli, honek baiezkoa esan zidan. Ondo iruditzen zitzaiola. Akertegi, beraz».

'Akertegi' bidearen pasarteetako bat. MIKEL MONGELOS

«Hemen gaude, ta poztutzen naiz...»

Akertegi ireki zutenean topatu zituzten baldintzak aprobetxatu nahian, biharamunean, uztailaren 5ean, Unai Cobos eta Joseba Iztueta Aketegiko ipar horman ziren, berriro ere. Oraingoan, aldiz, eguraldia ez zuten lagun izan: «Etxeko sofaren eta goxotasunaren falta sumatzen dituzun egun horietako bat izan zen, hotza eta haizea ziren nagusi, baina aurrera egitea erabaki genuen».

Lerroa udatik zuten begiz jota. «Asko pentsatu gabe, lerro luze eta logikoena iruditu zitzaiguna igotzeari ekin genion. Bi luze oso onak atera ziren gandorrera irten aurretik; izotza ere aurkitu genuen bertan, baina bidean Aizkorriko eskalada estiloa nabarmentzen da: belarra, harria eta trakzio txarreko elurra. Gandorrera irten aurreko tximinia eskalatze hutsagatik merezi du bidea egiteak, azkeneko luzea eskalatzen ez bada ere. Azken luzea tximinia bertikal ikusgarri bat da, fisikoa eta sostengatua; bide guztiko luzerik onena dela esatera ausartzen gara».

Izenaren jatorriari dagokionez, Itoizen Lau Teilatu abestiak badu zer esana: «Joseba abestia abesten hasi zen, 'Hemen gaude ta poztutzen naiz…', baina nik amaitu nuen estrofa, 'ta ziur zure ama ezetz', esanez. Hortik etorri zen ondoren bidearen izena izango zena».

AKERTEGI, 160 metro, M5
Luzera: 160 metro.
Luze kopurua: 3.
Nork irekia: Unai Cobos eta Mikel Mongelosek, 2023ko otsailaren 4an.
Zailtasuna: M5. Luzez-luze: 1ºL: M4+ (80 m), 2ºL: M5 (50 m) eta 3ºL: M4 (30 m).
Materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10-12 express zinta, 2 Totem sorta, 3 eta 4 zenbakiko Camalota, artaka-trabagailu sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.

Lehenengo luzea, 80 metro, M4+: Diedroa ezkerrean utzita zuhaitza bilatu eta honen ezkerretik atera. Bi irtengune erraz eskalatu ondoren zirku moduko batean azalduko zara.
Bigarren luzea, 50 metro, M5: Eskubiko kanal nabarmena hartu, eta orratz nagusiaren ezker tximinia bilatu: Goulotte fin bat da (80º-85º), sabaitxo bat gainditu ondoren dagoena. Kordino bat utzi dugu sabaiko pasagunea babesteko.
Hirugarren luzea, 30 metro, M4: Pareko diedroa hartu beharrean ezkerrera jo elurretatik. Bilgunea tontorrean.

HIRE AMAK BALEKI, 330 metro, M6.
Luzera: 330 metro.
Luze kopurua: 5.
Nork irekia: Unai Cobos eta Joseba Iztuetak 2023ko otsailaren 5ean.
Zailtasuna: M6. Luzez-luze: 1ºL: M4+ (50 m), 2ºL: M5+ (40 m), 3ºL: M4 (55 m), 4ºL: Oinez (100 m) eta 5ºL: M6 (40 m).
Materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10-12 express zinta, 2 Totem sorta, 3 eta 4 zenbakiko Camalota, artaka-trabagailu sorta eta luzera desberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.

Lehenengo luzea, 50metro, M4+: Hasiera bertikala, gero kanal erraz batetik jarraitu sabai moduko batea iritsi arte. Sabaiko pausoa kordino batez babestu da. Sabaitik ezkerrera egin eta bilgunea muntatu.
Bigarren luzea, 40 metro, M5+: Bi irtengune erraz eskalatu ondoren, kanal nagusiko irteera da zailtasun nagusiena. Pasagune polita, izotza ez badago oso zaila izan daitekeena. Iltze batekin babestu da. Ondoren, 5m-ko tximinia ikusgarri bat, motxila kentzea gomendatzen duguna. Bilgunea tontorrean.
Hirugarren luzea, 55 metro, M4: Gandorrera modurik errazenean igo eta goitik jarraitu. Pare bat pasagune dauzka. Bilgunea arista bukatutakoan.
Laugarren luzea, 100 metro, 40-50º. Oinez ensanblean.
Bosgarren luzea, 40 metro, M6: Piolet eta kranpoien puntak sartzeko zulotxo onak dauzkan tximinia bertikala eta fisikoa. Friend handiak eskatzen ditu orokorrean (5 zenbakiko Camalota eramanez gero erabiliko da). Goian dagoen bilgunea beste bide batekoa da. Bilgune hori atzean utzi eta goian muntatuko dugu gurea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.