Urrustiko Burdin Hesira eraman ninduen polizia motorduna zen nire bizkartzaina. Iparraldera jo genuen, erasoa espero genuen lekura. Zortiretan jada, mendi-bizkarra artilleria erasopean zegoen. Lubakietan sartu ginen, eta hegoalderantz jo genuen, Kantaibasorantz. Defentsa guneak oso ahulak ziren. Orduan, metrailadore berriak heldu berri ziren. Gudariek bizkarka zeramatzaten batetik bestera, sutsuki. Jaurtigaiak gure gainetik pasatzen ziren sarri. Ez genuen zalantzarik erasoaren prestakuntza pil-pilean zegoela. Etsaien kanoien distira iparraldetik hegoaldera ikus genezakeen: Mungiako ibar osoan zehar; Errigoitiko gainetan eta Mendigane, Meaka eta Morga mendixketan; eta, aurrez aurre, Fikatik Bizkargira». Hitz horiekin jasotzen du The tree of Gernika liburuan G.L. Steer kazetari britainiarrak 1937ko ekainaren 12an Gaztelumendi-Urrusti-Berreaga mendilerroan Burdin Hesiak jasandako erasoan ikusitakoaren kronika. Matxinatuek Bizkargi mendiaren posizio garaiagotik, Burdin Hesiko zatirik ahulenetarikoaren ikuspegiarekin indarrez eraso zuten 160 bat kanoirekin, alemaniarren ehun bat ehiza hegazkinekin eta baita hegazkin bonbaketariekin ere. Steerrek berak minutuko 80 jaurtigai neurtu zituen erasoaren unerik latzenetan. Suak eta keak guztia inguratzen zuen. Gudariek, aldiz, artilleriako hogei pieza baino ez zuten izan erasoari aurre egiteko. Gertakari horren azken aztarna artean ibili eta oroimen historikoa piztuta iraunaraztea da ibilbidearen aitzakia.
Larrabetzuko Askatasuna plazan hasiko dugu ibilaldia, 37ko gerran gertatutakoaren omenez jaso diren informazio panelen aurrean. Lehen urratsak iparralderantz bideratu behar ditugu. BI-3713 errepidera jaitsi, eta, haren ertzetik, Morga eta Mungiarantz jarraituko dugu. BI-2713 errepidearekin elkargunean, 1937ko ekainaren 1ean bertan hil zuten alemaniar pilotuaren hilarria dago, errepidearen eskuinean dagoen hesiaren ondoan. Abellaneda batailoiko gudariek fusilez tiro egin, eta haren ehiza hegazkina lurrera bota zuten.
Goikolexalde auzoan, San Emeteri eta San Zeledonio elizaren ondotik pasatuko gara. Hori Larrabetzuko baserritar sakabanatuen bizitzaren erdigunea izan da beti. Eliza hori Donejakue bideari ere lotuta dago, eta Zin-bidearen derrigorrezko geralekua zen. Behe Erdi Aroan, Gaztelako erregeak Bizkaiko legezko jaun gisa onartuak izateko erritu bidea egin behar zuten.
Metrailadore habiak
Bizkargirako bidea eskuinean utzi, eta Zugazti errekaren ondotik ibiliko gara, Ugalde errotaren ondoko bihurgune hertsi bateraino. Oraingoan, GR-280 Uribe eta PR-BI-254 bideari jarraikiz, Astoreka leporaino igoko gara errepidearekin bat eginez. Hiru metrailadore habi zeuden han 37ko ekainean. Errepidea zeharkatu, eta hormigoizko bidean gorantz egingo dugu Zarandoa auzoaren eta San Salvador baselizaren ondotik. Alanbre hesia eskuinean dugula, Goikomendira (272 metro) helduko gara, baina, aurretik, gudariak babesteko aterpeen aztarnak eta bonba zuloak ikusiko ditugu. Aterpe horietan bonbardaketatik babestu ohi ziren, eta, ondoren, infanteriaren erasoari aurre egiteko lubakietara bueltatu. Ikuspegia ere zoragarria da goialde horretatik: Durangoko mendiak, Bilbo Handia, Serantes, Triano, Ganguren...
Ipar-ekialderantz igoaz, Goikonaga (297 metro) gainditu, eta aurrez aurre ikus dezakegu Gaztelumendi (323 metro). Bitarteko lepora iritsi aurretik, eskuin belardian beherantz desbideratu behar dugu metrailadore habia baten aztarnak ikusteko: gela nagusia eta tirogilearen lekua, sabairik gabe. Aitzineko bidera itzuliz, aldaparen hasieran eskuineko hesia zeharkatuz gero, aterpe gisa erabili ohi zen leizea ikus dezakegu magalean. Haren gainetik igo, eta, ondoko etxearen ezkerretik gandorreko baso zidorrari jarraikiz, Gaztelumendira (272 metro) iritsiko gara. Gurutze erraldoi batek gudu horretan hildakoak oroitzen ditu. Baina metro batzuk lehenago, metrailadore habia osoa aurki dezakegu, sabai eta guzti. Barruan sartu, eta imajina dezakegu bonba soinuen eta ke artean gudariek ikusi eta sentitzen zutena, metrailadorearen katuari sakatzen zioten bitartean.
Mendilerroa utzi, eta etorritako bidetik itzuliko gara lepora. Hegoalderantz, PR-BI-254 ibilbidearen marka zuri-horiak gidari, Gaztelu eta Loroño auzoetako baserri arteko pistatik Larrabetzura jaitsiko gara. Heltzear, bi baserriren artetik pasatuko gara. Ezkerreko baserriaren ondoan, bidezidor batek beherantz egiten du hasieran, baina, eskuinera biratu ondoren, maldatsu bihurtzen da. Horren ezkerrean altxorra gordetzen da: harri hormaz jasotako gotorleku horrek hamar saietera ditu gudariek tiro egin zezaten. Lubaki arrastoak ere badira inguruan.
Ibilaldiaren azken aztarna Larrabetzuko hegoaldean, industrialdearen alboan dago, Sarrikolea auzoan. Gaur egun, oraindik, Pikene baserriaren fatxadan metrailadore habia eta hiru saietera duen horma ikus daiteke.
Mendi ibilaldia
Gaztelumendi: Burdin Hesiaren porrota
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Larrabetzu, Goikolexalde, Astoreka, Goikomendi, Goikonaga, Gaztelumendi
- Distantzia: 11,2 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 40 mn.
- Ingurunea: 1936ko aprilaren 12an, Larrabetzuko Gaztelumendin hautsi zuten Burdin Hesia matxinatuek, ehunka kanoi eta hegazkinekin artilleriako hogei piezaren aurka erruki gabe eraso eginez.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu