Mendi ibilaldia

Gartxot, azken bardoaren arrastoan

Bidea Iratiko belardi berde eta baso ederren artean zabaltzen da. Zenbait ur jauzi eta Pirinioak ikusi ahalko ditugu.

Iratiko oihaneko pagadian
Iratiko pagadi miresgarrietan, Gartxoten urratsei jarraika. MIKEL ARRIZABALAGA
Nafarroako ibilbidea. Gartxot bardoaren ibilbidea
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Itzaltzu, bunkerra, Krutxetako begiratokia, Ripalda ur-jauzia, Elkorreta, Salera ur-jauzia
  • Distantzia: 12,5 km (585 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 35 minutu
  • Ingurunea: Iratiko oihana, Artoleta ibarra
  • Estekak: Gartxoten ibilbidea
mikel arrizabalaga
2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zuri eta laranja kolorez balizatutako ibilbide zirkular honek Artoleta ibar txikia inguratu eta Iratiko oihanean murgilduko gaitu, paraje hauetan bizi izan zen Gartxot bardoaren elezaharra gogora ekarriz. Bidea Iratiko belardi berde eta baso ederren artean zabaltzen da. Ibilian-ibilian, zenbait ur jauzi ikusteko parada izango dugu, eta, horrez gain, Elkorretako haitzulora heldu aitzin, Pirinioetako ikuspegi ederrez gozatzeko aukera ere izango dugu.

Itzaltzu (Nafarroa) herrian emango diogu hasiera ibilaldiari. 1024. urtean agertzen da lehendabiziko aldiz herri dokumentazioan. Blasco Ibañez jaunak Leireko monasterioari bertze monasterio txiki bat emanen dio, “in terra de Saresazo nomine Yçiçuloa”. Herriaren sarreran dagoen aparkaleku txikitik abiatu, herria zeharkatu eta Uztarrozera zuzentzen den errepidetik aurrera egingo dugu. Kilometro eta erdi eskas bete eta ezkerretik ateratzen den bidea hartuko dugu basoan murgilduz.

Sigi-sagan marrazten den xenda erosoak bunker baten aurrien ondora gerturatuko gaitu. Ez dugu ahaztu behar 1936ko gerra ostea oso gogorra gertatu zela paraje hauetan, soldaduak denbora luzean aritu baitziren muga zaintzen, batik bat makien erasoei aurre egiteko. Ibilbide honetan, metrailadore habia deituriko baten ondotik pasatuko gara. Gutierrez lerroaren lekuko da gune hori. Diktadura garaian, 1940 eta 1944 bitartean, defentsarako zenbait azpiegitura eraiki zituzten soldadu eta presoen lanaz baliatuz.

Basoaren itzaletik ateratzean, gertu dagoen gain batera igoko gara, Krutxeako begiratokitik Pirinioetako gailurren ikuspegi ederraz gozatzeko. Xenda balizatu eta nabarmenetik gora eginez jarraituko dugu belardi eta pago artean. Erripalda ur jauziaren ondotik igaro eta berehala ikusiko ditugu Elkorretako haitzak. Erreka aldera jaitsi, ur jauzi baten ondotik igaro eta egurrezko zutoinak erakutsiko digu Elkorretako leizera iristeko norabidea.

Haitzetan dagoen zuloa oso txikia izan arren, Gartxoten kondaira ezagutzeko leku esanguratsua da. Gogorra da Gartxot bardoaren kondaira. Itzaltzu (Nafarroa) inguruak bertsoz alaitzen zituen, baina, XII. mende hasieran, Orreagako fraideek haren seme Mikelot bahitu zuten. Haurraren ahots ederrak liluratuta, abade etxean nahi zuten Mikelot, eurentzat kanta zezan, baina Gartxotek ezin izan zuen hori jasan, eta semea Orreagatik ateratzea lortu zuen, ihesean. Zaraitzuko jaunak, ordea, biak atxilotzeko agindua eman zuen, eta, atzeman zituztenean, Gartxotek nahiago izan zuen semea beste behin bahitu baino bere eskuz hil. Sutara kondenatua izan zen, baina kondairak dionez, kondena haren ordainean, Abodi mendiko Elkorretako haitzetako leizean bizitzera kondenatu zuten. Usoek mokoaz gari aleak eramaten omen zizkioten gosez hil ez zedin.

Arturo Campion idazleak El bardo de Itzaltzu izeneko kontakizunean jaso eta zabaldu zuen gertaera tragiko hori. Benito Lertxundik, berriz, Altabizkar diskoan Itzaltzuko bardoa izenburua duen kantan jaso zuen Gartxoten kondaira.

Haitzuloa atzean utzi eta berriro jaitsiko gara Salera ur auziaren ondora. Horren ondotik igotzen hasi, soka batzuen laguntzaz baliatu eta xenda nabarmenak Elkorretako haitzen gain aldera eramango gaitu. Ibilbidearen punturik gorenetik Artoleta ibarraren ikuspegi osoa edukiko dugu. Seinale zuri-laranjek erakusten diguten norabidean jarraituko dugu maldan behera, erraz. Alanbrezko zenbait hesi gurutzatu, pista zabal batera iritsi eta berehala, eskuinetik basoan sartzen den bidetik Itzaltzu herrira gerturatuko gara. Ibilbidearen azken zatia xenda estu batetik beteko dugu errepidera ateratzeko. Herria zeharkatu eta abiapuntura iritsiko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.