Euskal Herriaren erdigunera, lurraldetasuna eta federazioen batasuna aldarri

Igande honetan, urriak 1, mendi ibilaldia izango da Andia mendilerroko leku sinboliko horretara, lurraldetasuna eta mendi federazioen batasuna aldarrikatzeko. Sakanako mendi taldeak, federazioak, Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa dira antolatzaileak.

Hainbat mendizale Euskal Herriko erdigune geografikoan. UXUE BARRENETXEA
ramon olasagasti
2023ko irailaren 28a
13:20
Entzun

Hartu Euskal Herria Luzueroko lurmuturretik Orhiko kaskora edo Cortesko gaztelutik Mauleko gaztelura, eta non ote da gure lurraldearen erdigunea? Galdera horri erantzun nahirik, Felix Isasa ingeniariak hainbat ikerlan eta kalkulu egin zituen, masa zentroaren propietatea erabiliz, eta erdigune hori non den zehaztu zuen. Gerta zitekeen Arbizuko kaleetan egotea, edo Uharte Arakilgo industrialdean, edo Lakuntzako gasolindegian, baina ez, mendian dago, mendi-mendian, Andia mendilerroan, zehazki. Herri menditsua baita gurea, eta, agian horregatik, baita mendizalea ere. Olibesario saroia da Euskal Herriaren epizentroa, Lezizagoa eta Beriain mendi tontorren artean, eta behiala artzainen eta artaldeen babesleku izan zena sinbolismo handiko lekua bihurtu da.

2004an, Felix Isasak metro erdiko harri bat jarri zuen zutik leku hartan, eta zirkulu zentrokide batzuk inguruan, harrespila modura, gure lurraldearen erdigunea adierazteko. «Orduan, Irurtzungo Iratxo elkartekoak harremanetan jarri ginen Isasarekin, eta erdigune horretara ibilaldi bat antolatzen hasi ginen. Hasieran, herri mailan antolatzen genuen, gero eskualde mailan hasi ginen, Sakanako Mendizaleak eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeekin. Independentistak taldekoak ere gurekin aritu ziren antolakuntzan zenbait urtetan, eta orain Nafarroa Berriz Altxa eta Gure Esku ere elkartu zaizkigu. Azkeneko urteetan, berriz, Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendizale Federazioak ere bat egin dute ibilaldi honekin», jakinarazi du Mikel Goldarazena Irurtzungo Iratxo elkarteko kideak.

Beraz, igande honetan, ia hogei urteko ohiturari jarraituz, mendi ibilaldia egingo dute erdigune horretara. Lekuaren izaera aintzat hartuta, lurraldetasuna, «hemen bada herri bat, eta hauxe da horren erdigunea» aldarrikatzea da ibilaldiaren helburu nagusia. Eta aurten, bada beste asmo bat ere: Hego Euskal Herriko mendi federazioen batasuna aldarrikatzea. 1924an, Federacion Vasco-Navarra de Montañismo izenarekin sortu zen federazioa, bi lurraldeak bat eginik, eta, mendeurrenaren atarian, batasun hori berriro gorpuztea da asmoa. Hori dela eta, Euskadiko eta Nafarroako mendi federazioetako buruak, Zigor Egia eta Martin Montañes, Gipuzkoakoa, Bizkaikoa eta Arabakoa Olibesarioko saroian batuko dira igandean. Ipar Euskal Herriko hainbat mendizale ere joatekoak direla jakinarazi du Goldarazenak.

Ibilaldiak bi lekutatik abiatuko dira: 08:45ean Senosiaindik (Nafarroa), eta 9:30ean Irañetako bordatik. «Abiapuntu nagusiak bi horiek izango dira, baina beste hainbat lekutatik ere etorriko da jendea bere kabuz: Unanutik, Goñitik eta Treku aldetik, Ihabarretik... Denak han erdigunean elkartuko gara». 11:30ean ekitaldi xume bat izango da, federazioko presidenteen eta Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteetako ordezkarien esku hartzearekin. Trikitilariak eta musika ez dira faltako, «eta, ekitaldia bukatzeko, Ikusi mendizaleak abestuko dugu denok», jakinarazi du Goldarazenak.

Behin ekitaldia amaituta, 13:30ean, pintxo-potea eta bazkaria izango dira Irañetako Basoko Etxea bordan. Platerean, bertako jakirik goxoena: Lakuntzako baba txikiak. Ibilaldian parte hartzeko ez, baina bazkarirako izena eman behar da, irailaren 29a baino lehen, telefono honetara deituta: 620 19 02 77. Dagoeneko laurogei bat lagunek eman dute izena.

EGITARAUA
08:45 Irteera Senosiaindik (askan)
09:30 Irteera Irañetako bordatik
11:30 Ekitaldia
13:30 Pintxo-potea Irañetako bordan
14:30 Bazkaria (15€) Irañetako Basoko Etxea bordan. Lakuntzako baba txikiak.

Bazkarirako izen emateak: 620 19 02 77

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.