Mendi ibilaldia

Errialtabaso Zumeltzatik

Urkiola eta Aramozko eremuen arteko gailur bakartua, ikuspegi handiak eragozten dituen zuhaizti batez estalita dagoena; hala ere, bertarainoko ibilaldiak paisaiaz gozatzeko aukera emango digu.

Errialtabasoko ekialdeko hormak. GORKA LOPEZ
Errialtabasoko ekialdeko hormak. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Errialtabaso
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Zumeltza, Iturriotzko mendi-lepoa, Errialtabaso
  • Distantzia: 13,2 km
  • Iraupena: 3 ordu eta 15 minutu
  • Ingurunea: Urkiola, Aramotz
  • Estekak: Errialtabaso
2024ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun

Zumeltza mendi gaineko atsedenlekutik abiatuko gara, Dima eta Otxandio herriak lotzen dituen errepidetik etorrita. Bertan, GR 12 eta GR 282 ibilbide balizatuak dituen pistarekin bat egingo dugu, Urkiolako santutegirantz. Baso batetik ibiliko gara, hasieran Lawson altzifre faltsuak nagusi direlarik, baina gorago, beste zuhaitz espezie batzuen artean, hurritzak eta pagoak ere agertzen direlarik. Arkaola baserriaren inguruan, Azpikoarri haitzulora ematen duen eskuineko bidezidorra utzi eta zuzen jarraituko dugu.

Saibi ingurutik

Aurreraxeago, bidezidorraren beste bidebanatze bat dago, non GR biak eskuinetik desbideratzen diren; guk norabide zuzenari eutsiko diogu, eta Iturriotz zein Akalarra aldeko mendilerroetara eramaten duen seinalearen atzetik joango gara. Pagadiraino jaitsi, berriro igo, eta jaitsiera nabarmenago bati ekingo diogu berriz ere, Ursaltuko errekatxo bateraino. Xirripa atzean utzi, eta eskuineko adarkadurari jarraituko diogu, zeina oso modu zuzenean igotzen den, pinudi bat zeharkatu eta malda handiko mendi mazela bati aurre eginda Txupitalarra Txikiko pinudian sartuko garelarik.

Handik irtetean, lurrezko bidezidor batekin bat egingo dugu, eskuinetik desbideratu, eta berriro igoko gara, Saibirako ikuspegiak tarteko, bere zuhaitzik gabeko muinoaren gainean gurutze handia primeran ikus daitekeelarik. Malda amaitzean, Iturriotzko lepoaren gainean agertuko gara, BI-83 PRko zutoin baten ondoan, zeinari ezkerretik jarraituko diogun. Jarraian, mendi lepo batera jaitsiko gara, Errialtabasoko hegoaldeko magalaren behealdean dauden Deabru Atxako harkaitzetara begira dagoenera.

Maldak kateatuz

Iturriozko muinoa zeharkatu, Akalarra aldeko lepora jaitsi, eta eskuinera utziko dugu Mañariarako eta Urkuletarako desbideratzea, PR BI-83ri zuzen jarraituz. Ondoren, jaisten hasiko gara, pagadi batetik biraketa bat eginez; kanpoaldetik zohikaztegi bat igaro, eta ezkerreko larre hesituaren gainetik berriz ekingo diogu igoerari. Pagoei eta harkaitzei izkin eginda luzatuko da bidezidorra, hesitik ia bereizi gabe, eta, zutoin batera heltzean, PR BI-83a utzi, eta eskuinetik desbideratuko gara, Errialtabasorako norabideari jarraikiz.

Bertan hasten da igoeraren zatirik nekosoena, bere ibilbidea markatzen duten mugarriei eta bidezidorrari jarraituz garatzen dena. Lehenik, gainazal berdean egingo dugu aurrera, ondoren harkaitzak agertuko dira, eta, gorago, guztia estaltzen duen karstaren gainazal malkar gorabeheratsua. Muino bat zeharkatu, pixka bat jaitsi, eta mendi mazela handiago bati aurre egingo diogu. Mendilerroaren azpian, mugarriak erdibitzen diren puntura ailegatuko gara, non gorantz jarraituko dugun, eta, jarraian, ezkerrera egingo dugu, gailurreko sokaren harrizko tolesturetan barrena igarota. Aurretik ezkerretara utzitako bidezidorrarekin bat egitean, metro pare bat igo, eta eskuinera Errialtabasoko postontzia topatuko dugu.

Bidezidor horretatik jaitsi, eta bikoizketara iritsiko gara, baina, joaneko mugarrien bidea hartu beharrean, eskuinera egin, eta mugarrien atzetik jaitsiko gara. Karstetik irten, eta pinudia dagoen zelaia gurutzatuko dugu; Ezkoagako haitzuloa ezkerretara utzi, eta Ezkurmineko leporaino joango gara. Hantxe, PR BI-83rekin bat egingo dugu berriro, zeinari ezkerretik jarraituko diogun. Nahi izanez gero, Neberazarra gailurreko izoztegi zaharrera bil gaitezke, Ezkurminerantz berrehun bat metro eginda.

Nolanahi ere, bidezidorretik jaitsiko gara Gorostibakar lepora eramaten duen xendra batetik hartzen den desbideratzeraino, eta Errialtabasora igotzeko PR BI-83a utzi genuen puntura jeitsiko gara. Handik, etorritako leku beretik itzuliko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.