Kirol eskalada

Eñaut Uson irabazle Espainiako Kopako bigarren proban

Maila nagusian Ainhize Belar hirugarren izan zen Torrejon de Ardoz-en (Madril, Espainia) jokatutako proban, eta Elur Arteaga ere, Getafeko lehen proban bezala, hirugarren izan zen 18 urtez azpikoetan.

Eñaut Uson, Torrejon de Ardozeko finaleko bidean. INDOORWALL CLIMBING GYMS
ramon olasagasti
2023ko urriaren 5a
11:59
Entzun

Kirol eskaladako zailtasuneko modalitatean Espainiako Kopako bigarren proba jokatu zen aurreko asteburuan Torrejon de Ardoz herriko (Madril) Indoorwall instalazioetan. Bigarren proba horretan euskal eskalatzaileen emaitzak hobeak izan ziren Getafeko lehenbizikoan baino. 200 eskalatzaile baino gehiago lehiatu ziren maila guztietan: 36 maila absolutuan eta 168 gazteen artean.

Hamalau urtez azpikoetan Eñaut Uson tolosarrak irabazi zuen bigarren proba horretan. Kanporaketetan onena izan zen 32 eskalatzaileren artean, eta finalean ere bera nagusitu zen. Getafeko lehen proban seigarren izan zen Uson, eta, beraz, bi probetako emaitzak batuta, bera da sailkapen nagusiko liderra, 1.495 puntu lortuta. Bigarren, berdinduta, Biel Serra eta Gonzalo Escudero daude, 1.380 puntu lortuta. Hirugarren eta azken proba Vilanova i la Geltru herrian (Katalunia) jokatuko da urriaren 14an eta 15ean, eta hor erabakiko da irabazlea, baina Uson egokiera ezin hobean da azken garaipena lortzeko. Torrejoneko proban, 14. urtez azpiko maila berean, Lier Perez 18. izan zen.

Maila nagusian, emakumezkoetan, Iziar Martinez valladolidtarra nagusitu zen. Bai sailkapeneko bideetan eta bai finalekoan bera izan zen onena. Bigarren Uxia Bohorque madrildarra izan zen eta hirugarren Ainhize Belar atxondarra (Bizkaia). Getafeko lehen proban bosgarren izan zen Belar, eta oraingoan podiumean sartzea lortu zuen. Haizea Oses finaletik kanpo geratu zen, hamargarren, eta Maria Feo nafarra 13. izan zen. Sailkapen nagusian, lehen postuan puntutan berdinduta daude orain Maria Benach kataluniarra (Getafeko probaren irabazlea) eta Uxia Bohorque.

Ainhize Belar finaleko bidean. Indoorwall Climbing Gyms

Gizonezkoen maila absolutuan, Guillermo Peinado madrildarra izan zen irabazle, Javi Cano bigarren eta Raúl Escribano hirugarren. Javi Cano extremadurarra gailendu zen Getafeko lehen proban (Peinado ez zen Getafen lehiatu), eta, beraz, bera da Kopako sailkapen nagusiaren buruan.

Elur Arteaga berriro hirugarren

Hemezortzi urtez azpikoetan, nesketan, Elur Arteaga tolosarrak berriro hirugarren postua lortu zuen Kopako bigarren proban ere. Kanporaketetan bera izan zen onena, baina finalean ez zen berak nahi bezain fin ibili, eta hirugarren izan zen azkenean. Laia Taulats izan zen garaile, eta India Persson, bigarren. Ainhoa Uskola 9. izan zen; Irati Aso, 11.; eta Naroa Morales, 16.

Hemezortzi urtez azpiko maila berean, mutiletan, euskal eskalatzaileak ez ziren ohi bezain fin ibili, eta ez zen inor sailkatu finalerako. Asier Antunez eta Manex Guenetxea, biak berdinduta, 12. izan ziren, eta Manex Iñurrategi, 23. Alain Ambrosi nafarra, berriz, 26. izan zen.

Hamasei urtez azpikoetan, nesketan, EMFko hiru ordezkariek lortu zuten finalerako sailkatzea, baina inor ezin izan zen podiumera igo. Azkenik, Maddi Agirre 5. izan zen; Udane Mujika, 6.; eta Ines Allende, 7. Finaletik kanpo geratu ziren Sara Sanmartin (18) eta Naroa Aierdi (30) nafarrak. Maila berean, mutiletan, Gari Markuerkiaga 16. izan zen; Haritz Urkiola, 21.; eta Aratz Sanzol, 22.

Hamalau urtez azpiko nesketan, Araceli de Bilbao laugarren izan zen; Elene Otermin, 10.; Laia Beltran, 18.; Aiora Perez, 28.; eta Jone Aretxaga, 31.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.