Kirol eskalada

Eñaut Uson garaile Espainiako Kopan

Elur Arteaga hirugarren izan da 18 urtez azpikoetan. Ainhize Belar laugarren geratu da maila nagusian, eta Maddi Agirre ere laugarren 16 urtez azpikoetan. Euskal eskalatzaileak hobeto aritu dira Vilanova i la Geltruko (Katalunia) azken proban.

Eñaut Uson Torrejon de Ardozeko finaleko une batean. INDORWALL CLIMBING
ramon olasagasti
2023ko urriaren 18a
10:46
Entzun

Amaitu da kirol eskaladako Espainiako Kopa zailtasuneko modalitatean. Joan den asteburuan Vilanova i la Geltru herrian (Katalunia) jokatu zen hirugarren eta azken proba, eta, euskal eskalatzaileei dagokienez, emaitzak Getafeko (Espainia) lehen proban eta Torrejon de Ardozeko (Madril, Espainia) bigarrenean baino hobeak izan ziren.

Hamalau urtez azpikoetan, Eñaut Uson tolosarra garaile izan zen Vilanova i la Geltrun ere. Finaleko bidean bera izan zen goraino iritsi zen bakarra. Horrenbestez, hirutik bi proba irabazita, Espainiako Kopako txapeldun izan da Uson, alde nabarmenarekin. Gogoratu behar da, aurrez, boulderreko modalitatean ere berak irabazi zuela Espainiako Kopa.

Nabarmentzekoa, beste behin, Elur Arteagaren hirugarren postua 18 urtez azpikoetan. Kopako hiru probetan hirugarren izan da eskalatzaile tolosarra, oso erregular aritu da, eta azken sailkapenean ere podiumeko hirugarren koskara igo da. Maila honetan, bertan, Garazi Uriarte (5) eta Ainhoa Uskola (6) ere finalean sartu ziren Vilanova i la Geltruko proban. Finaletik kanpo geratu zen, aldiz, Irati Aso nafarra, hamargarren.

Ainhize Belar, Vilanova i la Geltruko probako finalean. Indoorwall Climbing

 

Maila nagusian, Ainhize Belar hirugarren izan zen, Torrejon de Ardozeko bigarren saioan bezala. Kanporaketetan bikain aritu zen eskalatzaile atxondarra (Bizkaia), baina finalean finago ibili ziren Rut Monsech eta Uxia Bohorque. Monsech bera izan zen irabazle hirugarren proban, eta Bohorque, berriz, Kopako sailkapen nagusian. Erregulartasunean oinarritu du Bohorquek garaipena, probarik irabazi gabe ere, podiumera igo baita hiru probetan (3. Getafen, eta 2. Torrejonen eta Vilanovan). Kopako sailkapenean bigarren Rut Monseh izan da, eta hirugarren, Maria Benach. Ainhize Belar, azkenik, laugarren geratu da. Maila nagusi berean, Vilanovan, Irati Zabala 12. izan zen, Iune La Hidalga 14. eta Maria Feo 15.

Gizonezkoen maila nagusian, Javi Cano extremadurarra gailendu zen, bai Vilanovako hirugarren proban bai Espainiako Kopako sailkapen nagusian (Getafeko eta Vilanovako probetan garaile, eta Torrejonekoan bigarren). Vilanovako proban, Raul Escribano valentziarra eta Lau Macia katalana izan ziren bigarren eta hirugarren. Eta Espainiako Kopako sailkapen nagusian ere horiexek igo dira podiumera: Cano txapeldun, Escribano bigarren eta Macia hirugarren. Gizonezkoen maila nagusian, Iker Carrera nafarra izan zen ordezkari bakarra Vilanovan, hamabosgarren postuan.

Gazteen artean, gizonezkoen 18 urtez azpikoetan, Manex Guenetxea eta Manex Iñurrategi, biak sartu ziren finalean. Azkenik, Guenetxea bosgarren izan zen eta Iñurrategi zortzigarren. Asier Antunez, hamabosgarren.

16 urtez azpikoetan, hiru euskal eskalatzaile sartu ziren finalean: Ines Allende (4), Maddi Agirre (5) eta Udane Mujika (8). Finaletik kanpo geratu ziren Sara Sanmartin (11) eta Naroa Aierdi (25) nafarrak. Maila honetan, nabarmentzekoa da Maddi Agirreren txapelketa: oso erregular aritu da hiru probetan, eta, azkenik, laugarren izan da, podiumaren atarian. 16 urtez azpiko maila berean, mutiletan, Gari Markuerkiaga 12. izan zen eta Haritz Urkiola 14.

Gaztetxoenen artean, 14 urtez azpikoetan, Eñaut Usonek lortutako garaipenaz gain, nabarmentzekoa da, Elene Oterminek lortutako bigarren postua eta Araceli de Bilbaok lortutako zazpigarrena. Maila berean, mutiletan, Lier Perez 20 izan zen. Eta nesketan, Laia Beltran (13), Aiora Perez (25), Olatz Cabrera (29) eta Jone Aretxaga (30) ere kanporaketetan geratu ziren Vilanovan.

Sailkapen guztiak FEDMEren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.