Kirol eskalada

Eñaut Uson Espainiako txapeldun, eta Elur Arteaga bigarren

Getafeko (Espainia) Indoorwall rokodromoan jokatu da, larunbat honetan, zailtasuneko Espainiako txapelketa. Nagusien mailan, Mikel Linazisoro podiumaren atarian geratu da, laugarren, eta Ainhize Belar seigarren izan da.

Eñaut Uson, podiumaren koskarik gorenean. JAVI PEC / FEDME
ramon olasagasti
2023ko azaroaren 6a
11:33
Entzun

Kirol eskaladako zailtasuneko Espainiako txapelketa jokatu da asteburu honetan Getafen (Espainia), Indoorwall rokodromoan. Berrehun eskalatzaile lehiatu dira guztira, horietatik 50 maila nagusian —20 neska eta 30 mutil—. Euskal eskalatzaileei dagokienez, denetariko emaitzak izan dira. Nabarmentzekoa, beste behin, Eñaut Uson tolosarrak 14 urtez azpikoetan lortutako garaipena. Espainiako orain arteko proba guztiak irabazi ditu aurten Usonek: Espainiako Kopa boulderreko eta zailtasuneko modalitateetan, eta zailtasuneko Espainiako txapelketa orain.

Maila nagusian, gizonezkoetan, Espainiako Kopako probetan ez bezala, Espainiako txapelketan, bai, lehiatu ziren euskal ordezkari nagusiak: Mikel Linazisoro, Andoni eta Joanes Esparta anaiak, Eneko Carretero, Iñaki Arantzamendi... Haietako bi, Linazisoro eta Arantzamendi, finalean sartu ziren, eta Linazisoro podiumeko postuen atarian geratu zen, laugarren azkenean. Arantzamendi, berriz, zortzigarren izan zen. Gainerako ordezkariei dagokienez, Andoni Esparta hamargarren izan zen, Eneko Carretero hamaikagarren, eta Joanes Esparta hamazazpigarren.

Guillermo Peinado 17 urteko madrildar gaztea izan zen Espainiako txapeldun, bigarren urtez jarraian. Bigarren, Javi Cano extremadurarra (berriki Espainiako Kopa irabazitakoa), eta hirugarren, Lluc Macia kataluniarra.

Mikel Linazisoro, finaleko bidean. Javi Pec / FEDME

Nesketan, maila nagusian, Ainhize Belar izan zen finalean sartu zen euskal ordezkari bakarra. Atxondarra seigarren izan zen azkenean. Haizea Oses hamaikagarren izan zen; Irati Zabala, hamahirugarren; eta Maria Feo nafarra, hamaseigarren. Txapelketa Iziar Martinez 18 urteko gazteak irabazi zuen; Valladolideko eskalatzaile horrek hirugarren urtez jarraian lortu du Espainiako txapeldunaren titulua. Lucia Sempere valentziarra izan zen bigarren, eta Rut Monsech kataluniarra hirugarren.

Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan, Elur Arteaga hirugarren izan zen Getafeko proban. Espainiako Kopako probetan, boulderrean eta zailtasunean, maila eta erregulartasun handia erakutsi du Arteagak, eta Espainiako txapelketan ere goranzko bide horri eutsi dio. Proba Laia Taulats Andorrako eskalatzaileak irabazi zuen, baina, ez dagoenez FEDMEn federatuta, Espainiako txapeldunaren titulua India Persson andaluziarrarentzat izan zen, eta Arteagarentzat, berriz, zilarra eta bigarren postua. Ainhoa Uskola eta Garazi Uriarte ere finalean sartu ziren, eta bosgarren eta zortzigarren izan ziren, hurrenez hurren. Irati Aso hamaikagarren izan zen, eta Naroa Morales, hamaseigarren.

Hamazortzi urtez azpiko maila berean, mutiletan, Manex Guenetxea hamaikagarren izan zen; Manex Iñurrategi hamabosgarren, eta Nikolas Fuentes hogeita bosgarren.

Hamasei urtez azpikoetan, nesketan, hiru euskal ordezkari sartu ziren finalean: Udane Mujika bosgarren izan zen, Maddi Agirre seigarren, eta Ines Allende zortzigarren. Finaletik kanpo geratu ziren, berriz, Sara Sanmartin (20), Naroa Aierdi (23) eta Haizea Pinto (32) nafarrak. Maila berean, mutiletan, Gari Markuerkiaga seigarren izan zen, Aratz Sanzol hogeigarren, Israel Heras hogeita hirugarren, eta Haritz Urkiola hogeita zortzigarren.

Gaztetxoenen artean, 14 urtez azpikoetan alegia, Eñaut Usonek lortutako garaipenaz gainera, Lier Perez ere lehiatu zen (24). Nesketan, berriz, Elene Otermin laugarren izan zen, Araceli de Bilbao hamaikagarren, Laia Beltran de Heredia hamabosgarren, eta Aiora Perez hogeita hamargarren.

Sailkapen guztiak, FEDMEren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.