Euskal Herriko mendiak sasiek hartutako bidexka zaharrez beteak daude. Ahaztutako bidexkak dira, garai bateko mendizaletasunaren testigu isilak, mendiek urteen poderioz berreskuratu dituztenak. Eskaladan gauza bera gertatzen da errepikatzen ez diren eskalada bideekin; hori dela eta, ez da harritzekoa gure mendietako horma «ahaztuetan» denborak herdoildutako iltze edo espit zaharrak aurkitzea, sasiak hartutako harkaitzean iltzatuta irauten dutenak.
Eginoko Goikua sektorea askorentzat ezezaguna izan daiteken horma «ahaztu» horietako bat da, Lezeko aisialdi gunetik gertu dagoen horma lasai eta bakartia. 2024. urte hasieran, Eginori aire berri bat ematen ari zaizkion Egino Bizirik plataformako kide batzuek aurpegia garbitu zioten horma horri, eta beste bizialdi bat eman. Hori aski ez, eta Egino Bizirik plataformako kide diren Josema, Naur eta Ainhoarekin elkarlanean bi bide berri irekitzeko zortea eta ohorea izan dugu. Txalotzekoa da plataforma zer lan egiten ari den bide eta sektore ahaztuak berreskuratzen, urteetan Eginoko haitzetatik jaso dutena haitzetara itzuliz.
Sektorera hurbiltzeko, Lezetik Olano mendira doan ohiko bideari jarraituko diogu. Berakaitz pitzadura (bertan kate batzuk topatuko ditugu eskubanda moduan) eta artadi bat atzean utzi ondoren, Olanora doan bideak eskuinera hartzen duen lekuan ezkerrera joko dugu (mugarri txiki bat dago bertan), mugarriak dituen bidexka batetik hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik hormaren oinera 25-30 minutu dira.
Goikua sektoreko bideak estilo bertsukoak dira: 60 metro inguruko luzera, bi luzekoak eta uztaidun paraboltak dituzten bilguneekin, bertatik rappelatu ahal izateko. Eskalada motari dagokionez, harkaitz plakak eta ur tantadun plakak tartekatzen dira; hain zuzen, azkeneko horiek dira nagusi. IV+ eta V+ arteko zailtasuna duten bideez osatuta dago, eta guztietan autobabeserako materiala erabili beharko dugu. 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztai batzuekin nahikoa izango dugu bide guztiak eskalatu ahal izateko.
Goian azaldutako guztiak kontuan hartzen baditugu, Goikua goizpasa edo arratsaldepasa baterako osagai guztiak dituen sektorea izan daitekeela esango genuke, 300 metrotik gorako eskalada gozagarria eskaintzen baitu.
Hauek dira Goikua sektorea osatzen duten bideak:
1.- Ayestaepelde, 120 metro, V- (V-, 35 m; III+, 40 m; IV, 45 m).
Sektorearen ezkerrean dagoen ezproia oso-osorik igotzen duen bidea da, Asier Izagirrek eta Xabi Smithy Mujikak 2018ko ekainaren 2an Xabi Ayestaran eta Miren Epelderen oroimenez ireki zutena. Sektoreko biderik «basatiena» da, baita gutxien errepikatzen dena ere, ibilbide osoan seguru finkorik ez baitago. Aipatzekoak dira bidearen lehen metroak, bertan baitaude zailtasunik handienak.
2.- Eskerrik asko, Patxamama, 60 metro, V (V, 35 m; IV+, 25 m).
Amaigabea dirudien ur-tantadun plaka zoragarri bat igotzen duen bidea da, Josema Berrocosok 2022ko urriaren 16an bakarka eskalatuz ireki zuena. Josemaren hitzei oihartzun eginez, bide hau ama lurraren opari bat da, hortik bidearen izena.
3.- Izen ezezagunekoa, 60 metro, V+ (V+, 35 m; IV+, 25 m).
Sektoreko biderik zaharrena da, Miguel Angel Morenok eta Iñaki Lermak irekitakoa. Lehen luzea sektore osoko luzerik zailena da, baita ikusgarriena ere. 2024ko otsailaren 8an, Josema Berrocosok eta Naur Jungituk berriz egin zuten, espit zaharrak paraboltekin ordezkatuz eta bidearen izpiritu originala errespetatuz. Bide honen izenaren berri ez dugu topatu.
4.- Bloke, 60 metro, V (IV+, 30 m; V, 30 m).
Sektoreko biderik berriena da, 2024ko otsailaren 8an Asier Izagirrek, Iker Mujikak eta Xabi Smithy Mujikak Iñigo Bloke-ren omenez ireki zutena. Nahieran eskalatu daitekeen arren, gatz puntua bigarren luzean topatuko dugu.
5.- Langus, 60 metro, IV+ (IV+, 30 m; IV+, 30 m).
2024an ireki diren beste bideetako bat da: urtarrilaren 27an ireki zuten, Asier Izagirrek eta Xabi Smithy Mujikak. Bidea Iñaki Langus-i eskaini diote. Ur tantadun plaka errazak eskalatzea gustuko dutenek gozatu ederra hartuko dute bertan.
6.- Plan B, 60 metro, IV+ (IV+, 35 m; IV+, 25 m).
2022ko udazkenean Gontzal Avilak eta Antxon Gorrotxategik ireki zuten eskalada bide eder eta jostagarria da. Haien benetako helburua Eskerrik asko, Patxamama bideak segitzen duen lerroa irekitzea zen, baina, bertara iritsi eta dagoeneko irekita zegoela ikusi zutenean, bide hau irekitzea erabaki zuten; hortik Plan B izena. Antxonek irekitako bideen berezko zigilua du bideak: pasagune zailetan ongi babestua dago, eta pasagune errazetan autobabeserako aukera ematen du.