Antxon Gorrotxategi eskalatzaile eta ekipatzaile gipuzkoarra uzten ari den ondarea sekulakoa da. Haren eskutik, Egino eta Ziordiko haitzak erreferentzia bihurtu dira zailtasun handirik gabeko hainbat luzetako eskalada bideak eskalatu nahi dituztenentzat. Hurbilketa motza duten bideak dira, baita ongi segurtatutako bideak ere, baina gomendagarria izan daiteke auto-babeserako materiala eramatea, zenbait lekutan aseguruen arteko tartea murrizteko. Horrez gain, 50-60 metroko soka, 15-16 espres-zinta eta harkaitz zubietatik pasatzeko uztai zinta batzuekin nahikoa izango dugu bide guztiak eskalatzeko. Eginoko Elmer da horietako bat, Antxonen ekipatzeko estiloa ezagutzeko bide paregabea.
Behin bidea eskalatuta, Eginora jaisteko motzena Aztorea eta Usoa-tik doan ohiko bidea da. Apirilaren 1etik abuztuaren 31ra espezien habiagintzagatik bide horretatik jaistea debekatuta dagoenez, garai horretan Lezera doan jaitsiera izan daiteke erosoena, nahiz eta luzea izan.
Lehen luzea, 45 metro, IV. Lehen 8 metroetan kanaltxo eta plakatxo bat eskalatuko dugu (II+), erlaitz eroso batera iritsi arte. Erlaitzetik gora, plaka etzan bat (IV) eskalatu, eta, zuhaixka batera iritsitakoan, eskuinera joko dugu, aurrekoa baino tenteagoa den plaka bat eskalatu (4b) ondoren bilgunera iristeko.
Bigarren luzea, 40 metro, V. Luzeak bilgunetik gora eskuinera doan gandor zabalari jarraitzen dio, ur tantadun horma baten oinera iritsi arte (II+). Ur tantadun horma eskalatu (V), eta, ezker joerarekin, plaka bertikal bat eskalatuko dugu (V). Bilgunera iritsi aurretik, pasagune fin bat eskalatu beharko dugu (5b).
Hirugarren luzea, 40 metro, V. Parean dugun horma bertikala eskalatuko dugu, azpian ur tantadun plakatxo bat duena (V). Bilgunera iritsi aurretik, horma zertxobait etzan, eta azken aseguruen arteko tartea zertxobait handitzen da, baina zailtasuna ere jaitsi, eta helduleku onak topatuko ditugu. Hirugarren bis bilgunera iristeko, 15 metro inguru ibili beharko ditugu.
Laugarren luzea, 30 metro, IV+. Plaka etzan bat hasieran eta horma bertikal bat ondoren eskalatuko ditugu (IV). Horma bertikala eskalatu ondoren zertxobait makurtua dagoen horma bat eskalatu (IV+) eta, ezker joerarekin jarraituz, bilgunera iritsiko gara.
Laugarren «bis» bilgunea bi enbor dituen harkaitz adierazgarri baten ezkerrean dago, ezkerraldera 80 metro inguru ibili ondoren.
Bosgarren luzea, 45 metro, IV+. Luzearen lehen paraboltera iristeko helduleku oneko pausu bertikal bat eskalatuko dugu (IV+). Hemendik gora, luzeak zuzen jotzen du, plaka bertikal bat eskalatuz (IV), bilgunera iritsi arte.
Seigarren luzea, 20 metro, III. Bilgunetik gora doan gandortxoa eta hormatxo bertikal bat eskalatuko ditugu, eta azken bilgunera iritsi.
Egino, Larreñigiko haitzak: Elmer bidea
Egino eta Ziordiko haitzak erreferentzia bihurtu dira zailtasun handirik gabeko hainbat luzetako eskalada bideak eskalatu nahi dituztenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu