Untzillatx (934 metro) Anbotoko mendilerroaren hirugarren puntarik altuena da, Anboto bera (1.331 metro) eta Alluitz (1.040 metro) ondoren, eta bi mendi horiek osatzen duten mendilerrotik bereizia dago. Untzillatxen konplexutasun geologikoa eta batez ere kare masan dituen etenuneak dira horrenbeste eskalatzaile erakarri dituenak aspalditik. Ekialdeko magala da bertikalena, goitik behera Atxarteko haitzartera 650 metroko jauzia duelarik. Igoera ikusgarrienetakoa Diagonal Nagusia izeneko zartadura erraldoian barrena doa, Urkiola mendatetik ikusgai. Aldiz, lerro hauetan proposatzen dugun ibilbidea Untzillatx igotzeko bide klasikoa da, mendizaleok, eta ez eskalatzaileak, egitekoa.
Mañaria herrian (Bizkaia) hasi behar dugu ibilbidea, harrobietatik oso hurbil eta baita Kurutze Santu baselizatik ere, herriaren sarrerako lehen zebra bidearen ezkerretara ateratzen den bidean. Asfaltozkoak Kanpaineta auzorantz garamatza. Goialdetan pista utzi, eta ezkerreko bidezidorretik jarraituko dugu gorantz. Jarraian, malda arintzen denean, eskuinalderantz hartu, eta txabola zahar baten ateraino jarraitu behar dugu.
Atsedenaldi labur batean, Mugarra eta Errialtabasoren ikuspegiaz gozatzen hasiko gara, arestian dugun malda pikoari ekin aurretik. Bide berori eutsiz, pinudi aldapatsua gainditu behar da soilgune bateraino iritsi arte. Cairn batek ezkerreko bideari jarraitu behar diogula adierazten du, pagoen eta haritzen sustraiek osaturiko eskailera artean mazela pikoan arnasari ezin eutsiz. Lurra bustia dagoenean, lokatzak oraindik neketsuago bihurtzen du pasabidea. Azkenik, harrigarria badirudi ere, artadi txiki batekin topo egingo dugu. Ez da ohikoa garaiera hauetan artadiak pagadiak baino garaiera handiagoan aurkitzea. Arnasa lasaia berreskuratu ahal izango dugu Oraieta lepora (540 metro) heltzeko dugun pasabide lauan.
Ikuspegi ederra
Orain arteko aldapak txikiak izan dira hemendik aurrera aurkituko dugunarekin alderatuz gero. Beraz, ura edateko eta gorputzari azukre pixka bat sartzeko leku aproposa dugu hau, antzina hamaika artzainek egiten zuen bezala.
Igarobide natural honetatik, Mañariako mazela utzi eta Izurtzakoan jarriko gara, barrenean daukan artadiaren gainaldetik. Bidezidorra estua da, batzuetan belar artean bestetan haitzartean Untzillatxen ipar isurialdea zeharka gaindituz. Azken metroak gailurreriaren haitzartean gaindituko ditugu tontorreko buzoiraino (934 metro). Ikuspegia sekulakoa da. Astxiki, Alluitz eta Anboto hego-ekialdean; Udalatx ekialdean; Oiz ipar-ekialdean; Mugarra, Errialtabaso, Leungane eta Aramotz mendebaldean; Gorbeia hego-mendebaldean...
Jaitsiera ez dugu etorritako bidetik egingo, Lauretako diagonal txikiaren bidetik baizik. Gailurreriari jarraituko diogu, lepo txiki bat eta cairn bat aurkitu arte. Horrek ezkerrerantz bideratzen gaitu, Untzillatxen hegoaldeko horma erraldoien azpitik. Markuarreko hartxingadiaren gainetik goaz txoriaren ikuspegiaz gozatuz, baldin eta bertigoak hartzen ez bagaitu. Lauretako arrailetik pasatzean, arriskutsua dirudien arren ez da horrenbesterako; arretaz eta astiro ibiliz gero, ez da horren zaila. Ez dago galbiderik, gainera, bidezidorrari beherantz jarraitu behar zaio hormaren ondotik hego-ekialderantz.
Hormatik urruntzen garenean, Elosuko lepora (565 metro) helduko gara. Orain, baso bide batek, mendiaren hego magala inguratuz, Mañariarantz eramango gaitu, mendebalderantz ibiliz. Ekialdekoa, berriz, Atxartera doa. San Martin baselizaren (383 metro) ondotik pasatuko gara, Mañariako mazelan igo dugun bidearekin bat egin arte. Azkenik, Kanpaineta auzora jaitsiko gara, aldizka atzera begiratuz, gaur menperaturiko erraldoi karstikoa eta askorentzat Euskal Herriko tontorrik ederrena miresteko.
Mendi ibilaldia
Durangaldeko zentinela
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Zaila
- Tontor eta leku izenak: Mañaria, Oraietako lepoa, Untzillatx, Lauretako lepoa, Elosuko lepoa
- Distantzia: 6,7 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu.
- Ingurunea: Anbotoko mendilerrotik erauzia, kare haitzeko mendi puska da Untzillatx. Haren haitzarteetan hasi eta hezi dira gero Pirinioetan, Alpeetan eta Himalayan ibili diren goi mailako euskal mendizaleak.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu