Mendi ibilaldia

Dallobasoko telegrafoa

Dallobasoko hariztia eta telegrafoa bisitatu ditugu Dallo herritik abiatuta.

Sararte bidea Dallo herriaren inguruetan
Sararte bidean aurrera egingo dugu Dallora itzultzeko. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Dallo
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Dallo, Telegrafoa, Gazeoko mugarria, San Martin Girku, Bidazuri
  • Distantzia: 10,5 km (125 m+)
  • Iraupena: 2 ordu eta 15 min
  • Ingurunea: Arabako Lautada
  • Estekak: Dallo.gpx
Josean Gil-Garcia.
2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Argomaiz herriko Zabalgainaren eta Mezkiako Sanjuaniturriren artean dorre optiko bat altxatu zuten 1846an, Dallo herritik hurbil. Ez zen Euskal Herrian jarritako eraikin optiko bakarra izan. Izan ere, Madril eta Irun hirien arteko komunikazioa bermatzeko asmoz, makina bat dorre altxatu zituzten hainbat talaiatan eta muin estrategikotan. Gotorleku gehienak desagertuak dira jada, baina oraindik banaka batzuk harrigarriro agertzen dira paisaiaren erdian, Quintanilla Erriberabeitiko gaztelua, kasurako. Ibilbidean bisitatuko dugun dorrea Arabako Lautadako ekialdean altxatu zuten, Dallo eta Ezkerekotxa herrien artean. Dallobaso izena hartu zuen hark, magalaren iparraldean hazten den basoa erreferentzia hartuta.

Galtzadan gora

Dallo herrian hasiko dugu ibilbidea. Barrundiako udalelerriko herrietako bat da, eta hara heltzeko, Agurain eta Dulantzi herriak lotzen dituen A-1 errepidea hartu behar da. Herriaren sarreran lagako dugu autoa. Autobiderantz joango gara oinez. Dallo atzean utzi eta berehala, errepidea bazter utzi eta ezkerretik doan nekazari bideari oratuko gatzaizkio. Girkuzabalean aurrera egingo dugu, aurrez aurre ikusten ditugula Herediako gainak eta Arabako Lautada ekialdetik ixten duten Aratz eta Aizkorri handiak.

Ibilian-ibilian, intxaurrondo batzuk hazten diren lekura iritsiko gara. San Migel Arrate izeneko parajean gora egingo dugu orduan, eta hegoalderantz abiatuko gara. Dallogaina inguruko antenak bistaratuko zaizkigu gandorrean. Erkameztian sigi-saga, goiko atakara iritsiko gara. Herediako sakanaren eta Los Nogales bidearen artean zabaltzen den lepoan gaudela, ezkerrera egin eta hegiz hegi jarraituko dugu. Hala, Galtzarra deritzan bidean aurrera joko dugu. Dallobasoko haritz basotxoa ikusiko dugu iparraldera begira dagoen magalean. Iraganean eskualde hau estali zuten harizti zabalen azken arrasto adierazgarria da. Gaur egun, ordea, asko murriztuta dago, eta oso leku txikia hartzen du, nekazaritza intentsiboaren mesederako.

Erpin geodesikora ziztuan iritsiko gara. Alanbre paretik segituko dugu, harrobi ttipi baten ertzetik igarota. Jaitsiera xume baten ostean, telegrafoko talaiara iritsiko gara. Alanbre parean jarraituko dugu. Alanbrea maldan behera amiltzen den lekuan, gandorretik jarraituko dugu, erkameztitik barna. Bide ondoan mugarri deigarri bat agertuko zaigu tanpez. Harriaren oinaldean helduleku bitxi bat antzemango dugu. F. Javier Ajamil adituak dioenez, litekeena da behiala parajeotan altxatutako dorre optikoaren hondarra izatea. Dena dela, hor dirau zoruan ongi sustraitua, bidaztien soa erakarrita.

Gazeoko mugarria

Heredia eta Ezkerekotxa herriak lotzen dituen bidegurutzera helduko gara laster batean. Eskuin-ezker egin ordez, gandorrari eutsiko diogu, noranzkoa aldatu gabe. Bidea estutzen bada ere, erraz antzemango dugu zidorra. Erkametzak eta labore soroak alde bietan direla, Berdinako talaiatik igaroko gara bizkor. Orduan, gainaldea estaltzen duten soroak saiheste aldera, bidexkak iparraldeko isurialdera igaroaraziko gaitu. Pinudia zeharkatu ostean, Gazeotik datorren nekazari bidera jaitsiko gara. Hortxe egon zen estilo gotikoko Apostolatuen mugarri ezaguna, erromesen gidari eta bidari. Iruraiz, Barrundia eta Agurain udalerriek bat egiten duten lekuan zegoen, bidaztientzat ikusgai. Zortzi aurpegiko prisma gutiziatuak beste hainbeste santuren erliebeak erakusten zituen. Micaela Portilla ikerlariaren eskuetan laga zen orduan harriaren inguruko ikerketa historikoa, eta Jose Luis Vitoria mendizaleari argazkitan jasotzeko ardura. Zoritxarrez, harribitxia betiko desagertu zen 1965eko urri ilun batean.

Apostulatuen errekastoa lagun, iparraldera joko dugu. Girku inguruan alde batera utziko dugu ur baltsa txiki baten ondotik doan bidea eta zuzen jarraituko dugu, noranzkoa aldatu gabe. San Martin baseliza goititzen zen talaiara joko dugu zuzen-zuzen. Tontorrera igo gabe —gurutze bat dago gainaldean—, muinoa inguratzen duen nekazari bideari jarraituko diogu. Ondoko bidebanatzean, ezkerrera hartu, eta, San Martin muinoa ezkerraldean delarik, Bidazuri bidearekin bat egingo dugu aurrerago. Telegraforako bidea eta Heredia herria lotzen dituen bidean gaude. Ezker eta eskuin eginda, mendebalderantz jarraitu eta, Sararte bideari segika, Dallora iritsiko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.