Goñi eta Olloko haranak ez dira oso ezagunak, baina haien lurrak hedatzen diren Andimendiko goi lautadetan jende andana ibiltzen da oinez zein mendiko bizikletaz. Batik bat Beriaingo gainean dagoen San Donato baseliza izan da horien guztien jomuga. Azken urte hauetan, ordea, bada beste interesgune berezi bat hurbilean: Euskal Herriko erdigune geografikoa. Felix Isasa ingeniariak, barizentroaren kontzeptuan oinarrituta, Olibesarioko saroian kokatu zuen erdigune hori, eta, geroztik, mendizale askoren erreferentzia geografikoa eta sinbolikoa bihurtu da.
Unanu herriko goialdean zabaltzen den ibilgailuentzako pistan zehar abiatu eta berehala, eskuinera ateratzen den lasterbide bat hartuko dugu metalezko ataka handi baten ondora ailegatzeko. Pista zabaletik aurrera egin eta ezkerretik marrazten den Iturtxikiko xendan barrena izen bera duen iturriaren ondora helduko gara. Metro gutxi batzuk gorago, itzulerako erabiliko dugun bide zabala eskuinera utzi eta pagadi aldera zuzentzen den bidetik igotzen hasiko gara. Tarte honetan, malda gogortu egiten da, eta, emeki-emeki, pagadian murgildu eta aurrera egingo dugu.
Azken pagoak atzean utzita, Elorriagoako lepora aterako gara, atseden txiki bat egiteko lekua aproposa, batik bat aurrez aurre ikusiko dugun malda piko eta bortitzari aurre egiteko. Aldapa honetan harri soltea izango dugu eta tarteka gogaikarria egingo zaigu. Desnibel handiena gainditu eta gero, Unanuko atakara eramango gaituen bidea zertxobait leundu egiten da. San Donato baselizaren irudia lehen aldiz ikusiko dugu, eta belarretan ikusiko ditugun harri-pilo handiek lagunduko digute hara iristen.
Mendilerroari jarraituz, erraz iritsiko gara baselizara eta haren ondoan dagoen Beriaingo tontorrera. San Donato baseliza Nafarroako Sakana eskualdeko Uharte Arakil udalerriko lur sailetan dago. Zehazki, Beriain mendiaren gailurrean dago, 1.493 metroko garaieran. Jende askok modu okerrean Beriain mendiari San Donato mendia ere esaten dio, mendi horren gailurrean dagoen San Donato baselizarekin nahasturik. Eraikina bi zatitan banatuta dago: bata, baseliza bera, eta bestea mendizale eta ibiltarientzako aterpea dena. Antzinako baselizaren eraikitze data zehatza ezezaguna da; dena dela, 1642. urteko aipamena dago. Egungo garaietan, berriz, 1906an eraberritu izan zen. Urteen poderioz, hondatuz joan zen, harik eta 1958an berreraiki zuten arte. 2005. urtean eraikinaren barnealdeko egoera tamalgarria zela eta (zikinkeria, idazki eta margo politikoak, zaborrak, bertaratutako batzuen utzikeria...) zaharberritu egin zuten. Baselizaren barrenean, aldarearen harriak San Donato eta San Kaieten irudiei eusten die. Irudiok, izatez, igeltsuzko erreplikak dira.
Tontorretik dagoen ikuspegi zabal eta paregabeaz gozatu ostean, eta, abiapuntura itzuli aurretik, Euskal Herriko erdigune geografikoari bisita egingo diogu. Ez da batere erraza kokalekua aurkitzea bide nagusitik ez baita ikusten eta erne ibili behar da Olibesarioko saroira iristean zutarri baten inguruan jarrita dauden hiruzpalau zirkulu zentrokidez osaturik dagoen erdigunea topatzeko. Paisaia aldagaitza da, harriz eta belarrez osatutako izaera soila erakusten du. Goi-lautadaren altzoa dirudien sakonunea leku berezia da, erabateko isiltasunean batez ere. Erdigunea kalkulatzeko masa zentroaren propietate bat erabili zuen Felix Isasa ingeniariak: gorputz bat edozein puntutatik zintzilikatzean, puntu horretatik marraztutako marra bertikala masa zentrotik pasatzen da beti.
Toki esanguratsu hori atzean utzi, eta Lizarragako tunelera zuzentzen den pista zabaletik aurrera egingo dugu. Bideak 180 graduko bira egiten duen lekuan, pista utzi eta beheko zelaigunera jaitsiko gara. Lezizagoako bidetik itzuliko gara herrira, Beriaingo harresi bikainaren ikuspegi ederraz gozatuz.