Ibilbide honetan, herriko lurretan dauden karobi horietako batzuk ikusiko ditugu, Patxikutorreneko, Buztiñeneko, Errekaldeneko eta Antsoneko karobien aztarnak, hain zuzen ere. Ibilbidea SL-Gi 54aren seinale zuri eta berdez balizaturik badago ere, erne ibili beharra dago, zenbait tokitan berritu gabe baitaude edo ez baitira ikusten.
Herriko ikastetxearen ondoan dagoen aparkalekutik abiatu, eta lehen bidegurutzean, Etxeberri aldera bideratuko gaituen egurrezko seinalea ikusiko dugu. Etxe eder artean ibiliz, aldapa txiki bat igo, eta beste bidegurutze batera ailegatzean, bide seinaleak Uraundiagara ailegatzeko falta zaigun luzera erakutsiko digu. Ikuzleku zahar baten ondotik igaro ostean, errepide nagusia igaroko dugu. Leitzalde auzotik altuera irabazten jarraituko dugu. Ur biltegiaren ondotik pasatu, eta Buztiñeneko karobiaren ondora ailegatuko gara.
Garai batean, kareharria erabiltzen zen Euskal Herriko etxeak eraikitzeko, eta karobiak ziren material hori eskuratzeko labeak. Karobiak (Iparraldean eta Nafarroan gisu labe ere deiturikoak), mendian egindako zuloak ziren, eta horietan botatzen zuten kareharria egosi, eta kaltzio oxidoa (karea) bihurtzen zuten, hauts moduko gai zuria. Kareharria 800 eta 1000 gradu zentigradoko tenperaturan egosi behar izaten zen. Sua sei-zazpi egunez egoten zen piztuta, eta, karobiaren goiko aldetik ke zuria ateratzean, prozesua amaitutzat ematen zen, nahiz eta beste egun pare itxaron behar izaten zen karea karobitik atera ahal izateko.
Bide balizatutik jarraituz, Urandiaga erreka igaro, Patxikutorreneko karobiaren ondotik pasatu, eta erraz egingo dugu aurrera bide eroso batean zehar. Eguzkialde auzoaren goiko aldetik marrazten den bidean barrena, berehala egingo dugu topo Errekaldeneko karobiaren aurriekin, ibilaldi honetako hirugarrena.
Euskal Herriko karobi gehienak XVIII. mendetik aurrera hasi ziren eraikitzen. Mota desberdinetako karobiak badaude ere, badituzte ezaugarri komun batzuk: aldapa handiko lekuetan eraikitzen zituzten, inguruan harri eta egur ugari zituenetan. Karea, nagusiki, nekazaritzako lurrak ongarritzeko erabiltzen zen nagusiki, baina bestelako erabilerak ere izan ditu: eraikuntzak hormak egiteko, etxe eta baserrietako hormak zuritzeko, edota, desinfektatzaile gisa, gaixotasun eta izurriteetatik babesteko.
Karobien historia laburra gogora ekarri ondoren, aurrera egingo dugu Elduaienalde auzoan dauden etxaldeen artean. Kilometro pasatxo ibili eta gero, marka zuri eta berdeek ezkerraldera basoan sartzen den bidea hartzera gonbidatuko gaituzte. Aldapa pikoa jaitsi, errepide nagusia zeharkatu, eta azkar helduko gara Aiztunalde auzora. Egurrezko seinaleek Antsoneko karobira igotzeko bidea erakutsiko digute. Egoera kaxkarrean dago. Auzoa herrigunearekin lotzen duen errepide txikitik jarraituko dugu ibiltzen, eta, abiapuntura iritsi aurretik, Elizalde auzora ailegatuko gara, Tourseko San Martin elizaren ondora.