Bera barnean zela denda amilduta hil zen Golovtxenko gau betean

Sergey Nilov sokakideak istripuaren eta bere jaitsiera epikoaren xehetasunak eman ditu, Mountain.ru atariari eskainitako elkarrizketan.

Dmitry Golovtxenko, Gasherbrum IVko espedizioan. MOUNTAIN.RU
ramon olasagasti
2023ko irailaren 13a
20:20
Entzun

«Sergey, erortzen ari naiz», horiexek izan ziren Dmitry Golovtxenko alpinista errusiarraren azken hitzak Gasherbrum IV mendian (7.925 m). Abuztuaren azken eguna zen. Hego-ekialdeko ertz eskalatu gabean, 7.684 metrora heldu ziren egun hartan Dmitry Golovtxenko eta Sergey Nilov. Gaua igarotzeko prestatzen ari zirela gertatu zen ezbeharra. Anna Piunnova Errusiako Mountain.ru mendiko atariaren zuzendariari emandako elkarrizketan azaldu du Nilovek gertatutakoa.

Nilov eta Golovtxenko abuztuaren 21ean abiatu ziren kanpaleku nagusitik gailurrerako saioa egiteko asmoarekin. Eguraldi baldintza nahiko makurrak izan zituzten hasieratik, haize zakarra, elurteak..., eta erlaitz txikietan eserita, elkarrengana arrimatuta, igaro zituzten zenbait gau, eskalatzeko asmoa zuten ertzak aukera gutxi eskaintzen baitzuen denda jartzeko. Egunean doi-doi luze pare bat egiten zituzten hego-ekialdeko ertz horretan, eta halabeharrez janaria eta gasa murriztu behar izan zituzten, hurrengo egunetan iraun ahal izateko.

Abuztuaren 27an, eguraldiak zertxobait hobera egin eta azkartu egin zuten erritmoa. Abuztuaren 31n, 7.684 metrora heldu ziren. Gertu sumatzen zuten gailurra. Lepoxka txiki batean muntatu zuten denda, gaua igarotzeko. Elurrez eta harriz sendotu zuten nolabait denda, segurtasuneko soka bat jarri zuten harri batean eta beraiek sokara lotu ziren. Dendaren barnean tea hartzen eta lotarako prestatzen ari zirela, jabetu ziren denda ez zegoela ondo finkatuta.

Denda, 7.684 metrotan kokatua. Korridore horretan behera irrist egin eta amildu zen, Golovtxenko barnean zela. Sergey Nilov / Mountain.ru

Sergey Nilov segurtasuneko sokaren mutur bati lotuta, kanpora atera zen, plataforma zabaltzen eta denda orekatzen saiatzeko. Korapiloa egin eta Golovtxenkori bota zion soka, hau ere lotu zedin. Golovtxenkok desorekatutako dendaren barnean jarraitzen zuen, barneko materialari nola edo hala eutsi nahian, gal ez zedin. Ez zuen denborarik izan sokara lotzeko. Bat-batean, denda irrist egiten hasi zen. «Sergey, erortzen ari naiz», esan zuen orduan Golovtxenkok, eta denda mendian behera amildu zen, alpinista errusiar handia barnean zela.

Nilovek egunsentira arte itxaron behar izan zuen jaitsierari ekiteko. Lehen geruza baino ez zeraman soinean. Gainerakoa, dendarekin batera galdu zuen. Laguna erori zen lerroan behera rappelatzea erabaki zuen. Beheranzkoan, material arrastoak aurkitu zituen, eta haiei esker salbatu zuen bizia. Hamabost rappel egin zituen, ainguraleku seguruak finkatzeko gorriak eta bi pasata. Lo-zaku bat ere aurkitu zuen, eta hari eskerrak igaro zituen hurrengo gauak, elurretan kobazuloak eginda.

Glaziarrean, lagunaren gorpua ere aurkitu zuen. Dendaren oihalarekin bildu, azken agurra eman, eta kanpaleku nagusirantz jarraitu zuen. Bost egunen buruan, ezer jan eta edan gabe (su txikia aurkitu zuen, baina puskatuta) heldu zen azkenik kanpalekura. Izozteekin, erabat ahituta, muga-mugan, baina bizirik.

Anna Piunnovak, Mountain.ru atariko zuzendariak, Golovtxenkoren familiaren gertukoa izanik, haren izenean eskatu du gertatutakoarekin ez espekulaziorik eta epairik egiteko, eta gertatutakoak gertatu diren bezala onartzeko. Golovtxenkok bi alaba zituen.

Dmitri Golovtxenkok eta Sergei Nilovek munduko sokaldirik indartsuenetako bat osatzen zuten. Urrezko bi piolet zituzten (mendian ematen duten garaikur nagusia da urrezko pioleta): bata, Thalay Sagar mendian 2016an zabaldutako bideagatik (Dmitri Grigoriev izan zuten sokakide); eta, bestea, 2012an, Muztagh Tower mendiaren ipar-ekialdeko ertzaren lehen igoeragatik (Alexander Lange lagun zutela). 2019an, berriz, berealdiko ahalegina egin zuten Jannu mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian. Jaitsiera hil edo bizikoa, epikoa, izan zen. Espedizio hartatik film bikaina sortu zen: The Wall of Shadows (Itzalen horma). Hemen ikus dezakezue trailerra..

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.