Mendi ibilaldia

Belozkarre, Ugatzeko mendi lepotik

Larraineko haranaren eta Arbailako basoen artean altxatzen da gailur hau (1.173 m), Zuberoako Pirinioetan. Txoko horren gaineko terraza zoragarri bat da izatez, eta Orhi mendi ikonikoaren iparraldeko aldea nabarmentzen da haren gainetik.

Egunsentia Ugatzeko lepoan
Egunsentia Ugatzeko lepoan. GORKA LOPEZ
Iparraldeko ibilbidea. Belozkarre
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ugatzeko lepoa, Mendikotziage lepoa, Belozkarre, Ugatzeko lepoa
  • Distantzia: 8 km (Desnibela: 355 m)
  • Iraupena: 2 ordu
  • Estekak: Belozkarre
2024ko irailaren 25a
05:00
Entzun

Belozkarreraino igoera gogorra egin daiteke Larrain herriko inguruetatik, Lojibarretik hasita zehazki, GR 10ak marrazten duen Pirinioetan zeharreko ibilbidea baliatuz. Baina desnibel eta distantzia hori ere bigundu dezakegu, garaiera handiko errepideak profitatuz, gailurrerako sarbidea izugarri errazten dutenak. Horrela, Iratiko txaleten eremua zeharkatzen duen errepidetik, Larraine eta Garazi lotuz, Bagargiak mendatera iritsiko gara, eta han, Ahuskira doan adarkadurari jarraituko diogu, Eskalerak mendiaren magalean dagoen Ugatzeko lepora azkar iritsiko garelarik.

Horrela, haranaren oinarritik abiatuta, baliatu beharreko denbora zein ahalegina nabarmen murriztuko dugu, adin eta egoera fisiko guztietarako proposamen egoki batera pasatuz. Paseo panoramiko ikusgarri bati ekingo diogu beraz, ezin hobea eguneko lehen orduetan edota azkenekoetan egiteko, eguzki-printzarik eztienak barreiatzen direnean Orhi ibaiaren eta haren ingurunearen gainean.

Belardi artean ibilian

Ugatzeko mendi lepotik pistatik jaitsiko gara, ezkerraldean ehiztarien txabola bat utzita. Ezkerretara dagoen bihurgune itxi batera iristen garenean, pista utzi eta zuzen jarraituko dugu aurreko muino belartsura. Une horretan erabaki behar dugu nondik jo nahi dugun, hainbat igoera eta jaitsiera dakartzan muino-segida bihurrituagatik, edota mendi-mazelaren erditik, desnibel-pilaketa hori saihestuz. Mendilerroaren gainetik joateak ikuspegi panoramiko handiagoak eskaintzen ditu, jakina, baina askoz erosoagoa da mendi hegaleko bidea. Beraz, bigarren aukera hau proposatzen dugu, baina nahi izatekotan, alde batetik joan gaitezke eta bestetik itzuli.

Horrela, belarraren gainean bi pauso eman ondoren, eskuinetik desbideratuko gara, GR 10ak balizaturiko bidezidorretik. Jarraian, Mendikotziageko gailurreko hegaletik ibiltzeari ekingo diogu, Larraineko haranerantz (Larrau) begira dagoen albotik, eta berau gainetik bistaratuko dugu, kontrako muturrean Orhi mendia tente agertuko zaigularik. Halaber, Eskalerak mendiko gailurraren ikuspegia izango dugu, gure bizkarrean altxatuta, Auñamendi eta Atxerito mendien artean hedatzen den tontorren zutabeaz gain, aurrealdeko ortzi muga ixten dutenak.

Mendikotziageko belardiak eta EskaIlerak tontorra atzean.
Mendikotziageko belardiak eta EskaIlerak tontorra atzean. GORKA LOPEZ

Aurreneko muino baten ertzetik pixka bat jaitsita, txabola eta borda baten aurretik igaroko gara, eta handik lehenengo tontor horren mendi hegalean zehar ibiltzen jarraituko dugu. Usategiak dituen mendi-lepo batera ailegatu eta antzeko ibilbidea errepikatuko dugu bigarren muinoarekin, aurrerago hirugarren batean ere berdina eginez. Hirugarren muino hori amaitzen ari garela, borda baterako bidea utziko dugu, Mendikotziageko lepora doan ezkerreko bidezidorretik.

Igoaldi txikia

Eskuinera egingo dugu jarraian, ibilbidea GR 10etik luzatuz, zeinak mazela albo horretatik hartuko duen, gero eta gorago igota mendi hegalean zehar ibiltzen garen bitartean. Lehen muino hori gaindituko dugu, segidan hodi txiki bat zeharkatu eta ondorengo gainari aurre egingo diogularik. Mendi mazelaren zati bat igo ondoren, aska batera iritsiko gara, bertan GR 10a utzi, ezkerrera egin eta metro batzuk igoko ditugularik beste bidezidor batekin bat egin arte.

Hortik, bi hegalen artean irekia dagoen muinora ailegatuko gara, non Lehentchegaratiako borda topatuko dugun. Honen aurrean eskuinera egingo dugu, inolako bidezidorrik gabe, azken igoerari aurre egiteko. Ondoren, lerro zuzen bat marraztu eta goialdean amaituko dugu, harkaitzak, belardiak eta pagoak nahasten diren mendilerroan. Berau zeharkatuko dugu, tartean topatuko ditugun harrizko oztopoak gaindituta, eta zuhaitz gutxiago biltzen dituen malda batera iritsiko gara. Aldapa hau igota, Belozkarreko gailurra zapalduko dugu, erabateko bakea nagusi den baranda ikusgarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.