PR-Gi 26 zidorraren ibilbidea balizatuta egon arren, zenbait tartetan nahikoa zikina dago, eta marka zuri eta hori asko desagertu egin dira. Beraz, behar-beharrezkoa da track-a eramatea, bidegurutze asko egoteaz gain, bidearen zati batzuk antzematea kosta egiten baita. Azkenaldi honetan, gainera, bidea oztopatzen duten zuhaitz enborrak ere badaude. Bestalde, tontorra leku ederra izateaz gain, talaia paregabea da Aizkorri eta Aralar mendilerroen ikuspegiaz gozatzeko.
Zerain herrian emango diogu hasiera ibilaldiari, Goierri eskualdean. Zerain nekazaritzari lotuta bizi izan da betidanik, baina mendeetan eta mendeetan, haren lurretan dauden mea, egurra, ikatza eta bestelako lehengaiak ere ustiatu izan dituzte. Herriko lurretan, ondare naturalaz gain, ondare historiko garrantzitsua aurkituko dugu: meategiak, museoa, kartzela eta abar. Zeraingo ostatuaren ondotik abiatu aurretik, haren barnean dagoen kartzela bisitatu dezakegu, 1711. urtean eraikia. Udaletxearekin batera altxatu zen, eta haren berezitasun nagusia paretetako haritz oholak dira, presoek ihes egiteko arriskua txikiagoa izan zedin eraikiak. Zepo eta girgiluak ere ikus daitezke bertan.
Ostatua atzean utzi, eta herri aldera igotzen hasiko gara. Bidean, bolatokiaren ondotik pasatuko gara. Garai batean bederatzi bolatoki zeuden herrian sakabanatuta, baina Herriko plazakoa izan ohi da garrantzitsuena. Andre Mariaren Jasokundearen elizaren ondotik pasatu eta berehala, herriko plazako punturik gorenean, Zeraingo jauntxoen bizileku izan zen jauregiarekin egingo dugu topo. Dorretxearen parte izan ziren harri landuko hiru hormak dira zatirik deigarriena. Arku gotiko ederraren gainean, herriko armarririk zaharrena ikus daiteke. Laiotz-Lasusti auzoan barneratzen den bide zabalean zehar abiatuko gara. Hasieran, asfaltozko bidetik egingo dugu gora, eta, gero, lurrezko pistan zehar abiatuko gara pinudien eta baso mistoaren artean. Bidegurutzeetan erne ibili beharra dago, markak ia desagertu egin baitira eta oso erraza da bidez nahastea.
Gertu ikusiko dugu Barbariko haitza, baina haraino iristeko, magala zeharkatzen duen xenda balizatutik egingo dugu aurrera. Ataka txiki batera heltzean, hura igaro eta berehala ezkerretik ateratzen den xenda hartuko dugu. Hortik aurrera, bidea garbia da, eta mendi mazelan zehar erraz egingo dugu gora. Alanbrezko hesia igaro, azken maldari ekin, eta Barbariko haitzaren ondora iritsiko gara bukaeran. Talaia paregabea da Aizkorriko mendilerroaren ikuspegiaz gozatzeko.
Abiapuntura itzultzeko, behean ikusiko dugun Basazabal baserri aldera jaisten hasiko gara belazean zehar. Alanbrezko hesia gurutzatu ostean, Barbari auzora igotzen den errepideraino jaitsiko gara. Errepidean zehar hirurehun bat metro egin, eta eskuinetik Arrola Goikoa baserrira doan asfaltozko errepide txikia hartuko dugu. Xenda eroso bat hartuko dugu Barbariko magala zeharkatu, borda baten ondotik pasatu eta pista zabal bateraino ailegatzeko. Aurrera egin, eta laster Zeraingo eliza eta etxeak ikusiko ditugu gertu. Errekaldea auzoko errepidera jaitsi, eta herrira itzuliko gara. Ez dugu galdu behar kultur etxean dagoen Herri Museoa bisitatzeko aukera: zeraindarren bizimoduaren eta ohituren bilakaera azaltzen da han.