Mendi ibilaldia

Astogana, Garaitik

Oiz mendi zabalaren ipar-mendebaldeko muturrean kokaturiko terraza panoramiko txikia da mendi hau. Ibilaldi luzea egingo dugu Garaitik haren balkoiraino.

Astogana menditik Urdaibai alderako ikuspegia
Astogana menditik Urdaibai alderako ikuspegia. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Astogana
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Garai, GR 38, Jandolamendi lepoa, Astogana
  • Distantzia: 21,5 km
  • Iraupena: 4 ordu eta 20 minutu
  • Ingurunea: Durangaldea eta Lea-Artibai artean.
  • Estekak: Astogana
2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

Astogana gailurra mutur txiki bat da, tamaina zabaleko mendi handi baten barruan, Oiz mendigunearen barruan, hain zuzen. Durangaldea eta Lea Artibai mugakide dituzten eremuetan harresi berde gisa altxatzen da, irmo. Garaitik igotzeko, Oiz mendiaren hegoaldeko magal zabaletik alegia, hamar bat kilometroko distantzia gainditu behar da, eta zati handi bat hormigoizko errei batetik igarotzen da. Gainazal eroso horrek erraztu egiten du goranzkoa, baina beroak asko estutzen badu, edo oinetako arinak ez badaramatzagu, zaildu ere egin dezake igoera.

Ibilbidea ezaugarritzen duen elementu nabarmen hori alde batera utzita, beste bi aldagai garrantzitsu aipatu behar dira. Lehenengoa da Durangaldeko mendi multzoaren gaineko ikuspegiak zinez ederrak direla Astoganatik, baita Urdaibaiko estuarioaren zein Lea Artibaiko haran gaineko panoramikak ere. Bigarrenik, Kristobal ermitara iritsitakoan, telekomunikazio antenek eta errota eolikoek hartuta dagoen Oiz gailurrera igo gintezke, jakina, baina Astoganako ikuspegiek eta bertan arnastu daitekeen lasaitasunak zerikusirik ez dute Oizko gainarekin, eta, beraz, norberak erabakiko du Oiz igo ala ez.

Garaiko basoetan barrena

Txikia eta luzarana den Garaiko herrixkaren iparraldeko alboan, aparkaleku bat dago, ondoan haur parke txiki bat duena. Parkea eskuinera utzita, auzo bideen bidegurutze bateraino jaitsiko gara, non zutoin bat dagoen, GR 229 ibilbideari buruzko idazkunekin. Atsedenlekurantz zein Lasiarrerantz seinaleztatzen duenari jarraituta, ezkerretik hamar bat metro igoko gara, beste bidegurutze bateraino, eta han ere ezkerretik jarraituko dugu, pista harritsu batean barrena.

Jarraian, eremu lauan aurrera, zuhaizti misto trinko batean sartuko gara. Bidegurutze bat agertuko zaigu, eta ezkerretik jarraituko dugu, GR 229ari jarraituz. Maldak xenda atsegin bati ematen dio bide. Eukalipto landaketa batera iristean, goranzko norabideari helduko diogu berriro, eta haritzez, pinuz, gaztainondoz eta pagoz osatutako baso eremu batean sartuko gara. Ondoren, eremu lauak eta goranzko malda txikiak tartekatuz, pagadiaren gain batera iritsiko gara, eta han GR 38arekin bat egingo dugu. Jarraian eskuinetik jarraitu dugu, pixka bat jaitsi, ondoren berriro gora, eta atsedenleku batera helduko gara.

Oizko erreitik

Askaldegian, ezkerretara utziko dugu GR 38 eta GR 229 zidorren ibilbidea, eta erreitik jarraituko dugu. Asfaltoa zena hormigoi bihurtuko da aurki. Añaoko muino basotsua inguratzen dugunean, basotik irtengo gara une batez, eta Udalatx eta Alluitz artean hedaturiko mendilerroa ikusteko aukera izango dugu, Anboto tartean dela, bai eta Oiz mendiko zuhaitzik gabeko muinoak ere, errota eolikoen lerroa goi-goian kokatua dagoela.

Goi tentsioko linea baten azpitik igaro eta Añao zein Egiluze arteko mendi lepo irekian barneratuko gara. Aurrerantzean, erreiak marrazten duen igoera leunari jarraituko diogu, pinu, haritz, hurritz, lizar eta urkien artean lasai-lasai. Basoan zehar aurrera egin ahala,ondoan dagoen Jandolamendiko lepora ailegatuko gara. Han, gorantz egingo dugu pixka bat, Oiz mendiaren hegoaldeko magalerantz hain zuzen. Horrela, sigi-saga pare bat eman eta Sarriako eremuko azken pinu ilarara iritsi ondoren, eskuineko bidea alde batera utzi, eta hurrengo bidebanatzean ezkerreko bidea hartuko dugu. San Kristobal baselizara eramango gaitu bide horrek.

San Kristobal eta Astogana

Gainerako ibilbideak ez du misterio handirik, baina altuera hartzen goazen heinean ikusgai izango ditugun bista panoramikoen pizgarria du. Oiz mendiaren mazela zabalaren muturrerantz joaterakoan ere horietaz gozatzeko aukera izango dugu. Horrela, mendi hegalaren ezkerrerantz joko dugu, desnibel handirik gabeko malda txikietan aurrera. Jarraian, kanadar pasabide bat zeharkatuko dugu, eta, pixka bat aurrerago, eskuinera utziko dugu Undakortako eremura eta Iturrizuriko iturrira doan pista.

Behin malda gaindituta, bestelako oztoporik gabe mendiaren ipar-mendebaldeko muturrera iritsiko gara. Han da San Kristobal baseliza. Kokalekuak ikusmira zoragarria eskaintzen du. Hormigoizko erreia behin betiko utziko dugu hor, Oiz gailurrera doan luzapena eskuinera lagata. Bi kilometro eskasera dago Oizko talaia.

Ezkerrera egin, lau errota eolikoren azpitik igaro, eta Astoganara joko dugu, bizkar txikia estaltzen duten harkaitz zein landareen artean irekitako bidezidor estuan barrena. Postontzi zahar bat, metalezko gurutzea eta norabide guztietara zabaldutako ikuspegi zoragarriak, horra gailur apal honen bereizgarriak. Garairako itzulera ibilbide beretik egingo dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.