Getaria (Gipuzkoa) herri txikia izan arren, oso ezaguna da arrazoi ugarirengatik: munduari bira ematen lehena izan zen Juan Sebastian Elkano marinelaren jaioterria delako, arrantzale giroko herria delako, Cristobal Balentziaga jostun ezagunaren museoa bertan dagoelako eta Getariako Txakolina jatorri izenaren udalerri nagusia delako, besteak beste. Baina herrigunean ez ezik, herria osatzen duten lau auzoetan ere (Askizu, San Prudentzio, Meaga eta Eitzaga) bada zer bisitatu eta ezagutu: San Prudentzio ermita eta San Martin Toursekoaren eliza, esate baterako.
Getariatik Zumaiarantz doan kostaldeko Donejakue bidearen zati handi bat antzinako galtzada batetik igarotzen da. Herrigunetik maldan gora jarri, eta berehala egingo dugu bat galtzada horren lehen zatiarekin. Aldapa pikoa igo, tarte txiki bat errepidetik bete, eta berriro bat egingo dugu galtzada zaharraren trazadurarekin. Industrialdea eskuinera utzita, Loidi baserriaren ondora igoko gara, Askizura doan errepidearen ondora. Handik aurrera egin, eta San Prudentzio auzorantz doan errepidea hartuko dugu. Landa-auzo eder horretara ailegatzean, San Prudentzio ermitarekin egingo dugu topo.
Ermita horren lehen aipamen idatziak XV. mendearen ingurukoak badira ere, bertan egin diren indusketa arkeologikoek Erdi Aroan kokatzen dute. Oinplano karratuko tenplu soila da, eta harlangaitzezko hormak ditu. Egungo itxura XVI. mendetik aurrerakoa da, baina baditu Erdi Aroko arkitektura osagai batzuk: adibidez, portada gotikoa, geroago goratua izan zena. Ermitan egindako arkeologia indusketek erakutsi dute Erdi Aroan jatorria duten beste ermita batzuen aldean, San Prudentzio ez zela izan landa komunitate bateko parrokia. Aitzitik, beste horiek ez bezala, debozio handiko santutegia izan zen Erdi Aro betean. Horren froga da ermita barruan aurkitutako altxorra, Erdi Aroko jantzien dozenaka osagarriz osatua.
Askizura doan errepidera itzuli, eta, 300 bat metro bete ondoren, Donejakue bidearen bide seinaleek ezkerreko bide zabala hartzera gonbidatuko gaituzte. Azti eta Aziarregi baserrien ondotik igaro, eta Askizuko landa auzoan murgilduko gara. Sarasola eta Aldazburu baserriak atzean utzi, eta berehala helduko gara San Martin Toursekoaren elizaren ondora. Gaur egungo auzoa, Goi Erdi Aroan (V. mendetik XI.era bitarte) eratu zen herrixkaren lurretan altxatutakoa da. Auzo horretan egindako arkeologia indusketek erakutsi dutenez, kokagune horrek erromatar jatorria du, eta, oraingoz, esan liteke bertan izan zela Gipuzkoako kristau komunitaterik zaharrena. Elizaren lur azpian VI. mendean datatutako tenplu kristau baten aztarnak aurkitu dira. Adituek diotenez, eremu hori Askizu herrixkako erdigunea eta erreferentziazko gunea izan zen. Gerora, mendeetan zehar handitu egin zuten, gaur egun ezagutzen dugun eraikina bihurtu arte. San Martin tenplua, Gipuzkoako landa giroko eraikin gotikorik garrantzitsuenetakoa da, lurralde osoan estilo horretan eraiki zen lehenbizikoa. Gaur egungo eraikina XV-XVI. mendeetakoa da.
Askizu auzoari bizkarra eman, eta Donejakue bidetik aurrera egingo dugu. Mendi Txiki baserriaren parera heltzean bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerrekoa utzi, eta eskuinetik abiatu bezain laster, ezkerrekoa hartuko dugu. Mahastien artean, Talaia bidearen (GR-121) eta Txakolinaren ibilbidearen (PR-Gi 202) bide seinale zuri-gorri-horiek erakutsiko digute zer bideri jarraitu beharko diogun. Pista zabalak, Urgullmendi inguratu, eta Arriaundiko tumuluaren ondora eramango gaitu. Metro batzuk aurrera egin, eta bi bide balizatuak bereizi egiten dira. Aurrera doana (GR-121) utzi, eta, ezkerretik jaisten den bidetik (PR-Gi 202), altuera galtzen hasiko gara. Usategi landetxearen ondotik pasatu, eta, Lasalde eta Agirregiaundi azken baserriak atzean utzita, etxe artean jaisten hasi, eta abiapuntura itzuliko gara.
Mendi ibilaldia
Askizuko herrixka
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Getaria, San Prudentzio, San Martin Toursekoa, Arriaundi tumulua, Getaria.
- Distantzia: 6,4 km
- Iraupena: 2 ordu
- Estekak: wikiloc
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu