Mendi ibilaldia

Artikutzatik Izura

Antzina, lurralde hauek Orreagako Errege Etxearen eta haren Ospitale Orokorraren menpe egon ziren. Nafarroako lurretan barneratuko gara, beraz, Izura igotzeko.

Izu tontorra
Izu tontorrak ikuspegi zabala eskaintzen du barnealdera nahiz itsas aldera. MIKEL ARRIZABALAGA
Nafarroako ibilbidea. Artikutzatik Izura
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Artikutza, Izurriztiko mairu-baratzeak, Izu, Pagolleta, Urgurutze, Artikutza
  • Distantzia: 9,1 km
  • Iraupena: 2 ordu eta 50 minutu
  • Ingurunea: Artikutza
  • Estekak: Artikutzatik Izura (wikiloc)
mikel arrizabalaga
2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

1919. urtean Donostiako Udalak Artikutzako lurrak erosi eta 1947 eta 1960 bitartean Enobietako urtegia altxatu zuen. Zenbait bizileku berritu eta beste batzuk eraiki ziren egun Artikutza herria edo auzoa izenez ezaguna dena sortu arte. Horrekin batera, bideak berritu dira, batez ere Oiartzundik datorrena. Gaur egun eremu hori mantentzeko familia gutxi batzuk baino ez dira bizi. Artikutzako antzinako burdinola izan zenaren inguruan eraiki ziren etxe batzuk: Olajaundi, Ostatu Zarra, Almandoz, Olazar eta Bekoetxe. Beste batzuk, berriz, beranduagokoak dira: San Agustin kapera, zentral elektriko txiki bat, barrakoiak, ikuztegia, zubiak, txaletak eta udaleko aterpea.

Almandoz etxearen ondotik San Agustin ermita aldera hartu, eta berehala pista utziko dugu, eskuinean dugun belardia zeharkatzen duen xendari heltzeko. Pinudian sartuko gara, eta sigi-sagan urtegia izandakoaren hormatzarraren ondora iritsiko gara. Xendari jarraituz, urtegia inguratzen duen pistara helduko gara. Parez pare Izura igotzeko PR NA 125aren bide seinale zuri-horiak atakan margoturik ikusiko ditugu. Pagolletaraino bidelagun izango ditugu.

Langa igaro eta aldapa malkartsu bati aurre egin eta gero, pista batera helduko gara. Ezkerrera hartuz gero, berriro urtegiko pistara jaitsiko ginateke; beraz, gorantz joko dugu. Aldapa pikoak ez du etenik. Pagadi eta pinu gorrien basora iristean bidea zertxobait leuntzen da, eta tarteka txondor plaza batzuk ere ikusiko ditugu. Gorago, landaretzak ezkutatutako Izurristiko mairu baratzeak atzean utzi, eta bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerrerantz joz gero, pagadi bikain bat zeharkatuz Pagolletara jaitsiko ginateke; eskuinera, berriz, Barazar aldera. Guk aurrean dugun bidezidorrari eutsiko diogu, eta tontorrera, Izu aldera abiatuko gara, azken maldari ekinez.

Bost minutu eskas beharko ditugu alanbrezko hesiaren beste aldean dagoen Izuko gailurra zapaltzeko. Aurrez aurre dugun ikuspegi eder eta zabalaz gozatu ostean, hesiaren ondotik doan zidorrari segitu eta berehala iritsiko gara basora. Amekorrungo atakaren ondoan berriro Artikutzako barrutian murgilduko gara, eta, pagadian aurkituko dugun orbela zapalduz, erraz jaitsiko gara Pagolletara.

Basotik atera eta Pagolletara iristean, Orreagaren garaiko mugarri bat ikusiko dugu, eta horren atzean, barrutitik kanpo, trikuharri baten aztarnak. XIII. mendekoak dira lehenengo erreferentzia historiko idatziak, eta, horietan, aipatzen da antzina lurralde hauek Orreagako Errege Etxearen eta haren Ospitale Orokorraren menpe egon zirela. Egun, barrutiaren hainbat lekutan Monasterio ospetsuaren irudia den makulua landurik duten zenbait mugarri ikus ditzakegu. Ehun mugarritik gora daude oraindik ere. XIX. mendean, Mendizabalen eta Esparteroren Desamortizazio Legearen arabera, lurralde hauek besterenduak izan ziren, eta, ondorioz, hurrengo urteetan jabe ugari izan zituzten. Beraz, esan daiteke XIII. mendetik XIX. mendera arte barruti osoa Orreagako Santa Maria Kolejiata Errealaren eskuetan egon zela, eta garai horietan ustiatu zela gehien Artikutzako balio naturala, mende horietan sortu baitziren burdinaren metalurgia gunerik garrantzitsuenak.

Leku honetan, egurrezko hesola batek hainbat norabide erakutsiko dizkigu. Hesia zeharkatuz gero, Igantzi-Lesaka aldera jaitsiko ginateke; aurrera segituz, Eskaseko atezaindegira; eta ezker aldera jaitsiz gero, Enobietara. Abiapuntura itzultzeko, azken hori aukeratuko dugu, Lesakako bidea izenez ezagutzen dena, hain zuzen ere. Ez dugu bide seinalerik ikusiko, baina erraz antzematen da bidea, eta pagadian zehar berehala izango gara Urgurutzen, Enobieta eta Amekorrungo errekak biltzen diren lekuan. Puntu horretatik Artikutzara bueltatzeko, urtegia inguratzen duen pistari jarraitu beharko diogu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.