360º

Arlas, behatoki aparta euskal Piriniora

Ez da desnibel handiko mendia, baina bai oso esker onekoa: Arlas tontorretik euskal Piriniora, Auñamendira, Kartxela eta Orhiko mendiguneetara, Larrako karstera... zabaltzen zaizkigun ikuspegiak ederrak dira zinez. Goi-mendian hastapeneko urratsak emateko

jarraia226095
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ernaz lepoa, Pescamou lepoa, Arlas.
  • Distantzia: 2,2 km (abiapuntutik gailurrera).
  • Iraupena: 1 ordu eta 55 min.
  • Estekak: Treckview
2023ko martxoaren 29a
09:00

Mendizaletasuna gurasoen eskutik txikitatik jaso dugun askok, Ernaz lepoaren ondoan kokatuta dagoen Arlas mendia sekula ahaztuko ez dugun gailurren artean dugu. Igo beharreko desnibelari erreparatuta mendi handia ez den arren, goi-mendien eremuan sartzeak sortzen zuen zirrarak eta gailurrera iritsi aurretiko aldaparen tentetasun mailak, gailur hau begirunez ikustera behartzen gintuen haurtzaroan.

Tontorrari dagokion errespeturik galdu gabe baina heldu baten ikuspuntutik, mendi erraz, labur eta irisgarri baten aurrean gaudela aipatu behar da, aproposa erabat goi-mendian hastapeneko urratsak egiteko eta nola ez, haurrei mendizaletasuna transmititzeko.

Neguan ere, kranpoi eta pioleta erabiltzen hasteko aproposa da oso, Pescamou lepora arte behintzat. Hortik gorako bidea, elurraren baldintzen arabera oso bestelakoa izan daiteke eta aipatutako erreminten erabilera ez bada ezagutzen, labainduz gero sustoren bat ere izan daiteke, betiere, elurraren baldintzen arabera. Baldin eta gutxieneko ezagutzak baditugu, hastapenetan bada ere, gozamenerako esparru zabala eskaintzen duen mendia dugu Arlas.

Bada Ernaz lepotik zuzenagoa den bide bat, ipar hegala hartzen duena, baina Arlas mendiaren ekialdera dagoen ikuspegia aitzakia nahiko bada hego-magaletik doan bidea ezagutzeko.

San Martin-Pescamou

Ernaz lepoan dagoen San Martin aparkalekuan, 262 mugarriaren ondotik ekingo diogu ibilbideari. Ohiko bidea, aparkalekuaren hegoaldean dagoen aterpe librearen atzealdetik badoa ere, muinoa inguratu eta gandorretik doan bidea hautatu dugu gaurko egunean.

Elurra gogortuta topatu dugunez, hasieratik kranpoiak jantzita ibiliko gara. Hegoaldera begira, zuzen eta ezker aldean dugun muinoa inguratu eta ekialderantz goranzko bira bat eginez gandorrean kokatzen gara eta bertatik IE norabidean jarraitzen dugu, lehenengo lepotxoak ekialdera birarazi eta Arlas aurrean ikusten dugun arte.

Gandorra utzi, eta norabidea aldatu gabe, erliebeari jarraituko diogu beheranzko aldapa batek ohiko bidera bueltatzen gaituen arte. Bertan, orain arte bezala orografiari jarraituko diogu, IE norabidean. Bailara txikia ixten duen aldapa eskuin aldetik igo eta ekialderantz jarraituko dugu.

Bide erdian isolatutako bi zuhaitzen eskuin aldetik igaro eta berehala eskuin aldera bira egingo dugu arrapala zuzen igotzeko, hegoalderantz. Goialdeko muinoa eskuin aldetik inguratuko dugu eta ekialderanzko joera berreskuratuko dugu, orain bai, ageriko bidetik, galtzeko arriskurik gabe, Arlas mendiaren tontorra aurrean dugula.

Arlas mendira gerturatu ahala, aldapa baretu egiten da eta Monbiela mendiaren gainareneskuin aldetik ia guztiz lau igaroko gara. Mendi-bidearen punturik gorenean, bidebanatzean, eskuin aldetik jarraituko dugu Arlas mendiaren hego-mazela zeharkatzeko. Elur karga handiarekin, elauso arriskua dela eta zeharkaldi hau saihesteko, Kontiendatik abiatzea komeni da, edo bestela, iparreko bidearekin uztartzea.

Itzuli osoa egin eta HE norabidean, Pescamou lepora iritsiko gara, seinale tantaiaren ondora.

Pescamou-Arlas

Seinale tantaian ezker aldera egin eta muinoa inguratuz, itzuli osoa burutuko dugu, ipar aldera begira jarri eta Arlas aurrean ikusi arte.

Bertan agerikoa da hegoaldeko bidea hautatzearen zergatia. Larra-Belagua gune karstiko harrigarria azaleratzen hasten da, gure begien aurrean oraindik bere osotasunean agertu gabe eta gunerik garaienean, irmo, Auñamendi.

Ipar aldera emeki jarraituko dugu bidea estutzen doan heinean, azkeneko aldaparen oinean kokatu arte. Malda zeharo gogortu egiten da eta ertza osatzen duen harrien ondotik, elur-korridore estua probestuz, arazorik gabe gailurrera arte igoko gara.

Gailurretik ikuspegia ederra da, mendebalderantz begiratuta, gertuko Kartxela eta Orhi ingurua ederki ikus daiteke. Hegoaldetik Linza eta Zuriza inguruko mendiak, hego-ekialdera berriz, Larra-Belagua Karst gunea eta nola ez, Auñamendirekin batera, Soumcuy, Countende, Castetné eta Añelarra osatzen duten bi tontorrak, besteak beste. Laino ezean oraindik ere urrutiraago begiratu daiteke, gure kostaldetik oso gertuko mendiak ere ikusiz, ikusmena fin zorrozten badugu.

Jaitsiera iparretik jarraituta egin daiteke, hegalaren aldaparik gogorrena jaitsi arte. Bertan, eski pisten gainetik ezker aldera eginez, IM hegala zeharkatu daiteke beheranzko diagonal bat osatuz, mendi-bizikletan ibiltzeko seinaleztatutako bidetik (elurrez estalia ez bada), Col d’Arlas leporaino.

Lepotik ezker aldera eginez gero, igoeran aipatutako bidebanatzera bueltatuko ginateke, baina bidera jaisten galdutako metroak berriro ez igotzearren, Monbielako gaina atzean utzita, berriro ere hartu daiteke igoerako bidea, ezker aldera sartzen den adarretako bat baliatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.