Mendi ibilaldia

Aramotz mendilerroaren tontorrak kateatuz

Aramotz mendilerroko (Legarmendi ere esaten zaio) lur karstikoak zeharkatuko ditugu ibilbide honetan, bertako zazpi tontor eta haien harrizko eremu bihurrituak lotuta.

Aramotz mendilerroa
Leunganako eta Mugarrako gailurrak, Mañariako haranaren gainean. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Aramozko mendilerroa
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Landa Ederra, Mugarrikolanda, Pagasarri, Gantzorrotz, Artaungana, Leungana
  • Distantzia: 12,8 km
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Aramotz edo Legarmendi mendilerroa
  • Estekak: Ibilbidea
2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

Durangotik, Orozketa baserriko auzorantz jarraituko dugu seinaleen atzetik, eta, hura zeharkatu ondoren, bazterbidetik jarraituko dugu, Landa Ederrako aterpe eta aisialdi guneko aparkalekuraino. Han, Aramotz mendilerroaren iparraldeko ebakidurara ematen duen bidearen luzakinarekin bat egingo dugu, haren gainean Mugarraren irudia nabarmentzen delarik. Pinudi bat zeharkatu, eta maldan gora abiatuko gara inolako desbideratzerik hartu gabe; hala, idazkun adierazgarriak dituen zutoin batera iritsiko gara. Han, bidea utzi, eta Mugarrikolandarantz seinaleztatuta dagoen ezkerreko bidezidorra hartuko dugu.

Mugarraren oinarrian

Mendi mazela inklinatu batetik igotzen da bidezidorra, elorri mordo bat zeharkatuz, harkaitz handi baten azpitik igaro eta bide estuaren bidebanatze batera iritsiko garelarik. Ezkerreko adarretik jarraituko dugu: bestearen leku berera eramango gaitu, baina malda leunagoa du, nahiz eta pixka batt luzeagoa den, itzulinguru txiki bat marraztuko baitugu. Horrela, Mugarrako pagadiaren azpian bira egin ondoren, ibarbidearen eta haren errekatxoaren gainetik igaroko gara, eta Mugarrikolandako belardira ailegatuko gara, Mugarra ezkerraldean eta Artatxagana eskuinaldean ditugula.

Han bidezidor batekin bat egingo dugu, eta eskuinera segituko dugun berrogeita hamarren bat metro, iturri baten eta askaleku batzuen ondotik pasatzen den eskuineko xendratik desbideratzeko, eta Mugarra-Aramotz elkartearen jabetzako borda aldera bideratzeko. Hura inguratu, eta ezkerretik igoko gara pagadian zehar, lehen muino baterantz. Horren ondoren, harkaitzezko tarte bat zeharkatu, elorri eta guzti, eta bigarren muino bat topatuko dugu lapiaz batek estalia, pagadiaren gerizpean. Goiko aldean, eguneko lehen postontzia aurkituko dugu: Pagasarri. Bertatik, Aramotzeko sakonune karstikoaren ikuspegi ederra ikusten da, basoz estalia, eta harkaitz zurixkako gailurrak haien gainetik agertzen direlarik.

Sakonune karstikoaren gainean

Eskuinetik jaitsiko gara mendebalderantz doan pagadian zehar, basoaren barneko soilgune batera iritsi arte; ezkerretara metro batzuk egin, eta PR-BI 82aren eta PR-BI 83aren baturarekin bat egingo dugu, eskuinetik jarraitzeko. Harkaitzez beteriko basoan sartuko gara, eta hainbat igoera eta jaitsiera egingo ditugu, bata bestearen atzetik, Aizkorri azpitik igaro eta Pagofin ezkerretara utzita; pinudiaren adakera zarratuaren artetik nabarmentzen da hura.

Aurreko bidezidorra baino zabalagoa den bide batetik igoko gara, orain jadanik zerupean, eta bidegurutze bateraino jaitsiko gara. Bertan, idazkun adierazleak dituen zutoin bat aurkituko dugu, bi bide balizatuak bereizten diren tokian. Eskuinera egingo dugu, PR-BI 83tik Belatxikietarantz, eta jaitsiera luzatuko dugu Otzatxeko baso-sakonunerantz, belarrezko bidezidor batetik. Alde guztietatik irteten diren muino harritsuen artetik aurrera egingo dugu. Iparraldera biratu, eta bi hodi igaroko ditugu: horien arteko bereizketa dolinek egiten dute. Orduan, gailur biribildu baten aurrean agertuko gara, zeinak eskuinaldean punta formako muino txiki bat duen: Gantzorrotz eta Bernagoitiburu dira, hurrenez hurren.

PR-BI 83tik eskuinetik irtengo gara, harkaitzen eta sastraken artean gora eginda, bidezidorrik gabe Bernagoitiburu zapaldu arte, eta jarraian zubi harritsuan aurrera egingo dugu, Gantzorrotzen eta bertako dorre formako postontzian amaitzen den maldaraino. Kontrako aldetik jaitsiko gara, ondoko Urtemondo gailurrera eta handik bereizten gaituen mendiarteari begira. PR-BI 83ko bidezidorra zeharkatu, eta hurrengo mendi lepotik igoko gara, zeinaren bigarren gainean Azkorramendiko postontzia topatuko dugun. Aurrera jarraitu, eta lapiazetik jaitsiko gara muinoen arteko mendi-lepora; segidan, malda igoko dugu Akatzazarganaraino. Postontziaren ondoan norabidea aldatuko dugu: ezkerrera egin, eta ekialdera joko dugu, hegoalde partean Gorbeaialderako ikuspegi zabala utzita. Ondoren, Leunganarantz joko dugu; hain zuzen, mendilerroaren gailur gisa nabarmentzen da hura.

Leunganako sabaia

Harrizko zubi malkartsuan behera egingo dugu, bidezidor batera iritsi arte. Handik, eskuinetik, belardi bateraino jaitsiko gara; jarraian, ezkerrera egin eta ibarbide batean barrena joko dugu, eskuinetara dagoen xendrarekin bat egin arte, parean hazten den pinu ilara saihestuz. Emeki-emeki igo, ezkerreko muinoa inguratu, eta beste bide batekin bat egingo dugu, eskuinetik. Pixka bat aurrerago, bidegurutze batera iritsiko gara, eta ezkerretik igotzen den adarkadura aukeratuko dugu, ezkerretarago dagoena baztertuta.

Mugarri batek eta baliza gorri batek egiaztatuko digute hau dela Artaunganarantz igotzeko bidea. Eskuineko aldetik sartuta hartuko dugu bidea, atoan pagadiaren gainean jarriko gaituen diagonal bat marraztuko dugu, eta haitz artean gailurrera helduko gara. Hura zeharkatu, eta gailurraren iparraldean hedatzen den haitz multzotik jaitsiko gara, ezkerreko albotik eskuinekora aldatuta, zubi harritsuaren higadura mailaren arabera; dolinen eta baso multzo txikien artean, Leungana alderantz inklinatuta dagoen zelai batera jaitsiko gara.

Leunganaren tontorrean ikusten den erpin geodesikoa erreferentzia gisa baliatuko dugu mendi mazelako puntu urrunetara ez joateko. Berebiziko oztoporik gabe, aldapa malkartsuari jarraikiz gailurrera iritsiko gara, eta handik ezkerretik abiatuko gara, ikuspegi ederrak tarteko, Errialtabaso, Mugarra eta Anboto mendilerroetarantz. Asbakarreko mendi lepora ailegatu, eta berriro igoko gara, berrehun bat metro, Artatxaganako tontorra zapaldu arte. Orduan, mendilerroan aurrera jarraitu, eta Mugarrikolandaraino jaisten den bidezidorrarekin topo egingo dugu. Handik, egingo dugu itzulera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.