Mendiko bizikleta

Arabako Lautadako ibilbide zikloturista handia

Bi eguneko zeharkaldia, Errege Bidearen eta bide berdeen artean, lautadako altxorrak ezagutuz.

Arabako Lautadako bira handia bizikletaz
Urtegien gaineko zubian, Garaiorantz. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Arabako lautada
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Ataria, Landa, Heredia, Galarreta, Amamioko San Joan, Agurain, Estibaliz, Olarizu, Ataria
  • Distantzia: 133,5 km
  • Iraupena: 8 ordu, bi etapatan
  • Ingurunea: Arabako Lautada
  • Estekak: Arabako Lautada Ibilbide Zikloturista Handia
Ivan Ruiz.
2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Erliebe mapa bat behatuz, erraz antzemango dugu Arabako Lautada, mendiz inguratuta dagoen ordoki handia baita. Mendebaldetik, Badaia mendilerroak mugatzen du; ekialdetik, Sakanak; iparretik, Elgea eta Altzaniako mendiek; eta hegoaldetik, Entzia-Iturrieta eta Gasteizko Mendiek mugatzen dute. Duela ez asko, eskualde hori ezagutzeko ibilbidea diseinatu dute; geziekin eta bi puntu gorrirekin seinaleztaturik dago.

Ibilbidea diseinatzeko, lehendik ere baziren bideak hartu dira oinarri, hala nola Gasteizko Eraztun Berdea, Vasco-Navarro trenaren bide berdea, Uribarri Ganboako urtegiaren ibilbidea, Posten Errege bidea, GR-25a eta Donejakueren barnealdeko bidea. Zeharkaldiaren zailtasuna kontuan izanda, egun bakarrean edo bitan egitea posible da; guk geuk bi etapatan banatuko dugu.

Lehen etapa

Gasteizen du hasiera ibilbideak, Salburuko Ataria interpretazio zentroan, hain zuzen. Eraztun Berdea Gasteizko parke perimetralak elkartzen dituen bidea da, eta hortik Gamarra auzora jarraituz hasiko dugu martxa; bertan, Vasco-Navarro tren zaharraren bide berdera batuko gara.

Erretena atzean utzi, eta bide berdea baztertuko dugu, Amarita zeharkatu, eta Uribarriko urtegiaren aurrean, horri bira ematen dion bide berdearekin bat egingo dugu. Zidor politen eta egurrezko pasabideen laguntzaz, Uribarri Ganboa, Landa eta Garaioko hondartzak eta Mendixur bisitatuko ditugu.

Posten Errege Bideari segituko diogu orain (PR-A 13); XV., XVI. eta XVII. mendeetan postariek Frantziara joateko erabilitako bidea. Gebarako gaztelua ezkerrean dugula, Audikanara iritsiko gara, eta lehenengo mendi bideekin bat egingo dugu.

Heredian, pistan gora egin eta laster, ibilbidearen tarte teknikoenean sartuko gara; adi ibili behar dugu margo zuri-horiei jarraitzeko. Atxarteko urmael bakartiarekin topo egingo dugu tarte horretan.

Jaitsierarekin bat, Luzuriagara iritsi, eta pista luzeak Galarretara igoko gaitu. Ikusi beharrekoa da herri horretako eliza. Posten bidea utzi eta Arabako Lautadako bira mendi magalean (GR 25) bideaz baliatuko gara Zalduondora iristeko.

Ibilbide ofiziala baztertuz, Aistrako San Julian eta Santa Basilisa (XII. mendea) baselizara daraman bidetik igo, eta Araiara jaitsiko gara gero; bertan afaldu, garbitu, eta Amamioko San Joan ermitara igotzeko kanpin dendan lo egitera, Lautadako behatoki paregabea.

Bigarren etapa

Zalduondora bueltatu, eta Barrualdeko Donejakue bidearen seinaleei segituko diegu, Done Milian ermita (XVII. mendea) bisitatu, eta Erdoñana zeharkatuko dugu; Agurainera daraman errepidea jarraituko diogu gero. Azpimarratzekoa da herri horretako Kale Nagusiaren zeharkaldia.

Gezi horiaren bideak Gazeora eramango gaitu, eta Tourseko San Martin elizan nahitaezko geldiunea egingo dugu. Barruan, XIV. mendeko margolan freskoak ditu; ondo mantendu dira.

Trenbidea gertu dugula, Dulantzirantz joko dugu. Herriaren iparrean Aiarako Andra Mariaren eliza bisitatzeko aukera izango dugu.

Laster, beste baseliza eder bat agertuko zaigu bidean, XII. mendeko Arraraingo San Joan, Burgura iritsi garen seinale. Herria zeharkatuta, pare bat bide gurutze aurrerago, Estibalizko Andra Mariara daraman bidea izango dugu gure eskuman, eta ezkerrean, Vasco-Navarro bide berdearen lotura.

San Prudentziorekin batera, Arabako zaindaria da, eta, horri eskainitako XII. mendeko santutegi famatua bisitatu ondoren, trenbide zaharraren bidera batuko gara, Donejakue bidea baztertuz.

Olarizuko lorategi botanikoak egingo digu ongietorria Gasteizera iristean. Eraztun Berdearen seinaleei jarraitzea izango da gure azken eginkizuna, Zabalgana, Zadorra, Alegria eta Salburuko parkeak elkarrekin lotuz.

Eta, hala, Atarian amaituko dugu mikroabentura interesgarri hau, Arabako Lautadaren esentzia dastatzeko altxorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.