360º

Anboto, Durangaldeko behatokia

Euskal Herriko mendien artean ezagun eta maitatuenetakoa da Anboto, zalantza izpirik gabe. Urkiolako Natura Parkean dago, eta sinbolismo, historia eta mitologia handia duen mendia da.

Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Urkiolagirre, Anboto
  • Distantzia: 9,6 km (870 m+)
  • Iraupena: 4 ordu eta 50 minutu
  • Ingurunea: Durangaldea
  • Estekak: Ibilbidea
2024ko urriaren 11
05:00
Entzun

Kareharrizko mendilerro lerden bat osatzen dute Durangaldeko gailurrek, eta gain haietan gaina Anboto da. Hantxe dago antzinako jainkosa Mariren egoitza nagusia, Mariren Koba alegia. Arrazolako haranetik 1.000 metro gorago dago tontorra, eta haren hormetan 400 metrorainoko eskalada bideak ere badaude, hainbat ertz, gandor eta ezproiez gain. Mendizale orok nahiko lukeen guztia, mendi bakar batean bildua.

Bide normalen artean ezagunenetakoa Urkiolako Santutegitik abiatzen dena da, lasterka joan gabe pare bat ordutan egin daitekeen ibilbide erraz antzekoa.

Urkiolagirreko bidean

Santutegiaren atzean, ezkerrera dagoen aparkalekuaren ondotik abiatuko gara. Hasi orduko, Asuntzaraino doazen bi ibilbideen abiapuntuak ikusiko ditugu. Bistakoena aurrez aurre agertzen den pista dugu, Urkiolagirre mendia bere hegoaldeko basotik inguratzen duena. Guk hautatutakoa Urkiolagirre gainerantz doan ezkerraldeko belarditik hasten da. Horretarako, bertako ataka igaro beharko dugu.

Belardiak hego-ekialde norabidean gora egiten du, etenik gabe, baina ibiltzeko oso erosoa den aldapatik. Norabideari eutsiz, zuzen-zuzen zuhaizti batera eramango gaitu bideak, suebakia erabiliz igaro ahal izateko. Suebakitik aurrera, nahiz eta ageriko bideak hegoalderantz egin, guk gure norabideari jarraituko diogu, aldapan gora.

Anbotoko gailurreria Urkiolagirre gainetik
Anbotoko gailurreria Urkiolagirre gainetik. UNAI JIMENEZ

Gure ezkerretara Atxarteko harana eta Alluitzeko gandorra hasiko zaizkigu zabaltzen, eta guk gora egingo dugu. Ia konturatu gabe Urkiolagirreko gailurra joko dugu. Bertan erpin geodesikoa, informazio mahaia eta mendiko postontzi bat ikusiko ditugu. Hemendik, besteak beste, Gorbeia inguruko eta Anbotoren gandorrarekiko aparteko ikuspegia dugu.

Asuntzara jaisten

Urkiolagirreko gainetik ekialdera hartuko dugu, eta belardian behera egingo dugu. Bideak basoaren goiko mugari jarraitzen dio, eta, nahiz eta malda handiagoa izan, ibiltzeko erosoa da erabat. Beti norabidea mantenduz, jaitsieran dagoen atal lau bakarraren ondoren Asuntzara (Asuntze) eramango gaituen bide sigi-sagatsutik behera egingo dugu. Alanbre-hesia atakatik igaro eta Urkiolatik datorren pista hartuko dugu.

Nahi izanez gero, pistaren beste aldera gurutzatuz eta errekaren ondotik gora eginez, hego-ekialderantz, Polpoleko iturri famatua ikusiko dugu. Metal ura edo burdin ura isurtzen du iturburu horrek.

Harrizko basoa

Hartxintxardun pistari jarraituko diogu haranaren bukaera arte, ipar-ekialdeko norabidean eta ia maldarik gabe. Bideak hego-ekialderantz egiten du, eta berehala ekingo diogu Pagozelaibururako igoerari.

Aterpearen ondotik igaro, eta Zabalandiko bidegurutzeraino iritsiko gara. Bide nagusiak hegoalderantz behera egiten du, baina guk zuzen jarraituko dugu Pagozelaiburuko lepora doan pistatik barrena.

Lepotik Anbotorantz doan basoko bidea har dezakegu edota, metro batzuk aurrerago, harrobi zaharraren ondoko pasabidea bilatu. Behin basoan, ipar-ekialdera jarraituko dugu, aztarna zuri-gorriak lagun.

Esan beharra dago Anbotoko ertza hartzeko bide bakarrik ez dagoela, nahiz eta margo-aztarnak topatu. Hortaz, lurraren egoerari kasu egingo diogu, ahalik eta erosoen igo ahal izateko. Harriak erabat leunduta daude, eta bustirik egonez gero, oso zoru labainkorra topatuko dugu.

Horrelakoetan soilguneak bilatu ditzakegu, ea eguzkiak bertako harriak lehortu dituen, edota basoaren goiko muga inguruan gora egin, horrenbeste leundutako harrien artetik.

Behin basoa igarota, ertzera iritsiko gara.

Talaia paregabea

Ohituta dagoenarentzat ertzak ez dauka inolako zailtasunik, baina horrek ez du esan nahi bertatik lasai asko igaro daitekeenik. Badira pasarte labur batzuk tentuz ibiltzekoak baldin eta lurra bustita badago.

Lehendabiziko pasartea, plaka batetik doa: alderik alde arrakalak daude eta hegoalderantz eroria zabaltzen da. Ibilbidea grabatzeko orduan, lurra oraindik bustirik dagoela ikusita, pasartea ertzaren goiko puntutik igarotzea erabaki dugu, mailak diagonalean gora igoz eta harriaren irregulartasunak probestuz, urrats bakoitza emateko. Jaitsieran arrakala baten barnetik egingo dugu. Badaezpada ere, pasartean eskuak erabiltzea komenigarria da.

Lehendabiziko plaka gainditutakoan, balkoi txiki batera iritsiko gara. Lurrean duen harrizko plakak ebakiranzko malda dauka; beraz, ezkerreko hormari helduta igaroko gara, beste behin ere eskuak erabilita, batez ere jaitsiera egiteko.

Adi ibili beharreko azken pasarteak ertzean dagoen erlaitz txiki baten forma dauka. Nahi izanez gero, gainetik igaro daiteke, bukaerako maila jaitsiz, ondoren berriro ere bidea hartzeko.

Azkenik Anbotoko gailurrera iritsiko gara. Inguruan bertako erpinaz gain, Club Deportivo Bilbao elkarteak duela ehun urte baino gehiago jarritako mendiko postontzia topatuko dugu; euskal mendietan jarritakoen artean lehendabizikoa, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.