Nardagaizto da Aketegi sektoreko irteerak eskalatzeko kanalik zuzenena, baita Aizkorriko kanal nagusirik teknikoena eta luzeena ere. Zegamatik begiratuta (Gipuzkoa), Aketegi erpinaren gailurraren azpitik zutabe erraldoi eta zuzen baten modura luzatzen da, eta pagadiaren erdian pasillo estu eta nabarmen bat osatzen du.
Zegamako tren geralekura iristen den errepidetik jaisten hasiko gara, ezkerrera egiten duen bihurgune nabarmen batera iritsi arte. Bihurgunean bertan, basoan sartzen den pista nabarian sartuko gara, kilometro bertikalaren puntu gorriei jarraituz. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 33. kilometro parera iritsitakoan hogei metro eskas ezkerrera jarraituz, kanalaren hasierara iritsiko gara.
AD+/M4/III-IV zailtasunekoa
Lau irtengunez osatuta dago. Lehenengora iristeko, 40-45 gradu inguruko malda bat igoko dugu. Irtengune hori, denetatik zailena, MD/M5/6a zailtasunekoa da, baina eskuinetik saihestu daiteke. Beste hiru irtenguneak, berriz, zailtasun handirik gabeak edo eskalaezinak izan daitezke elurraren arabera; bigarren eta laugarrena batez ere. Bigarren irtengunea eskuinetik saihestu daitekeen arren, laugarrena Nardagaiztori zailtasuna ematen diona da, lehen irtengunea saihestu badugu. Irtenguneen artean 45-50 gradu inguruko maldak topatuko ditugu.
Kanala Aketegik osatzen duen anfiteatroaren azpian amaitzen da. Aketegiko gailurrera iritsi nahi badugu, kanalaren irteeratik pixkanaka eskuinaldera desbideratuz igotzen jarraitu beharko dugu, 50 gradu inguruko malda bat igo eta gailurraren azpian kokatu arte. Zailtasun guztiak amaituta, gailurrera arazorik gabe iritsiko gara.
Duen zailtasunagatik, kanal hau igotzen hasi aurretik, elurra nahikoa duela bermatzea izango da gomendagarriena, baita eskaladako materiala eramatea ere.
Eskalada
Aketegi: Nardagaizto kanala
Elurra bolada baterako etorri dela baliatuz, hona hemen Aizkorrin eskalatzeko kanal nagusietako bat.
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Zaila
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu