Uharte Arakilgo Aiztondo eskalada eskola altxor txiki bat da, ongi aseguratutako hainbat luzeko eskalada bideak gordeak dituena. Horregatik, ez da harritzekoa asteburuero sokaldiak ikustea bertan, ezta eskalada ikastaroak emateko leku gisa aukeratua izatea ere. Esto si es Chamonix da bide horietako bat: bide horretan dago eskola osoko luzerik ederrena. Bide hori amaitzeko bi aukera daude: 6a+ zailtasuneko luze fin bat edo 6a zailtasuneko aldaera bat.
Bidearen datu batzuk
Luzera: 115 metro.
Luze kopurua: 4.
Nork irekia: ez dugu daturik topatu, baina azken luzeko aldaera Antxon Gorrotxategik ireki du.
Zailtasuna: 6a+ edo 6a. Luzez luze: 1L: V+ (30 m), 2L: V (25 m), 3L: V+ (30 m) eta 4L: 6a (30 m) edo 6a+ (30 m), aukeratutako aldaeraren arabera.
Orientazioa: hegoaldea. Baliteke udan bero handia egitea.
Ura: Uharte Arakilen.
Hurbilketa: autoa uzten den lekutik 10-15 minutu.
Jaitsiera: Iñaki Goñi bidean rappel eginez edo hormaren gainetik ekialdera mugarriak dituen bidexka bati jarraituz.
Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Bidean rappel egin nahi bada, hobe da 60 metroko bi soka eramatea.
Denbora: Eskalatzen, ordubete eta hogei minutu.
Deskribapena
Bidearen hasiera aurkitzeko, Alde hemendik bidearen ainguratze kimikoak topatzea da erosoena —horixe da alde horretan ainguratze kimikoak dituen bide bakarra—. Ainguratze kimikoen lerro horren ezkerreko parabolt lerroa da bidea.
Lehenengo luzea, 30 metro, V+. Tentetuz doan plaka bat hasieran —azken metroetan eskuineko ertzetik errazago eskalatzen da—, erlaitz txiki batera arte. Erlaitzetik gora arrail nabarmen bat duen horma bertikala eskalatuko dugu oso-osorik, eskuinean sabaitxo txiki bat utzita. Bi bilgune dituen erlaitz batera iritsiko gara; gurea ezkerrekoa da.
Bigarren luzea, 25 metro, V. Horma inklinatu bat eskalatu, eta gainean dagoen sabaia eskuinetik saihestuko dugu. Eskuinetik ezkerrera diagonalean doan tximinia inklinatu bat eta plaka inklinatu bat eskalatuta, zertxobait makurtuta dagoen plaka batekin egingo dugu topo. Plakaren ezkerreko ertzetik eskalatzen jarraituz, bilgunera iritsiko gara.
Hirugarren luzea, 30 metro, V+. Aiztondoko luzerik ikusgarriena eta ederrena da, inongo zalantzarik gabe. Bilgunetik eskuinera diagonalean irten, eta hodi itxurako tximinia bat eskalatuko dugu osorik, tarteka tximiniak eskalatzeko teknika erabiliz. Bilgunera iritsi aurretik dago luzearen pasabiderik zailena.
Laugarren luzea, 30 metro, 6a+. Bilgunearen gainean dagoen horma hobia eskalatuko dugu, eta eskuinaldera jo. Helduleku txikiko pasagune fin eta gogor baten ondoren, bilgunera iritsiko gara.
Laugarren luzearen aldaera, 30 metro, 6a. Bilgunearen eskuinetik jarraituko dugu, eta horma bertikal bat eskalatu. Ezkerrera zeharkaldi motz bat egin ondoren, etzanez doan plaka bat eskalatuko dugu, sabai txiki batera iritsi arte. Sabaia eskalatuta, plaka etzan bat eskalatuko dugu segidan eta, amaieran, zertxobait eskuinera jo eta arrail nabarmen bat eskalatuz, bilgunera iritsiko gara.