Eskalada

Aiztondo: 'Ainhoa' bidea

Aiztondo: 'Ainhoa' bidea.
Aiztondo: 'Ainhoa' bidea.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Uharte Arakil, Ainhoa bidea.
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun

Uharte Arakilgo Aiztondoko eskalada eskola ederra da, bai kirol eskaladan baita hainbat luzetako eskaladan ere. Horiei dagokienez, ongi segurtatutako bideak dira, eta hamabost zinta espresekin eta bilguneak muntatzeko zinta-uztai batekin nahikoa izango dugu denak eskalatzeko. Jaitsiera bi eratara egin daiteke: oinez edo rappel eginez. Bigarren aukera hartuz gero, gomendagarria da 60 metroko bi soka eramatea bi rappel eginez jaisteko.

Ainhoa bidea, aurretik egunkari honetan argitaratutako Clásica Sur bidearekin batera hormaren biderik errazenak dira eskola honetako eskalada estiloa ezagutzeko. Bidea Antxon Gorrotxategi hernaniarrak ireki eta ekipatu zuen, duela urte dezente. Horregatik bakarrik, merezi du hura eskalatzea.

Lehen luzea, 30 metro, 4b. Ezker joera duen harkaitz plaka etzan bat eskalatzen hasiko gara (IV). Bilgunera iritsi baino lehen, plaka tentetu eta heldulekuak gutxitzen dira, eta itsasgarritasunezko plaka bihurtu. Azken plakatxo hori da luzeari zailtasuna ematen diona (4b).

Bigarren luzea, 25 metro, V. Luzeak gainean eta ezkerrean ditugun bi zuhaixken ezkerretik jarraitzen du (IV+). Zuhaixken ezkerrean dagoen plaka bertikala eskalatuz, bilgunera iritsiko gara. Plaka bertikal horretan dago luzearen parterik zailena (V).

Hirugarren luzea, 30 metro, 5b. Luzea bilgunearen gainean eta ezkerrean ikusten den haritzerantz doa. Plaka bat eskalatuta (V), haritzera iristeko, ezker diagonalean doan helduleku oneko erlaitz hestu bat eskalatuko dugu ondoren (IV+). Haritzera iristean, pareko horma bertikala eskalatuko dugu bilgunera joateko (5b).

Laugarren luzea, 25 metro, V+. Bilgunearen gainean dagoen sabai txikira iristean, ezkerrera pasatuko gara, eta plaka fin eta bertikal bat eskalatuko dugu (V). Plaka etzan bat eskalatzen jarraitu, eta luzeari zailtasuna ematen dion sabaiaren azpira iritsiko gara. Sabaia eskalatzeko estutu beharko dugu, baina pasagunea ongi segurtatua da(V+). Sabaiaren gainean, azken bilgunea topatuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.