Ezarian

Aizkorrondoko ubidea

Zegamako bazter ederrak ezagutarazteko xedez, Kanala izeneko zidor tematikoa hautatu dugu. Hari segika, XX. mende hasieran Aizkorrondoko magalean egokitutako ubidea ezagutzeko parada izango dugu. San Adriango haitzuloa goraxeago dela, harainoko urratsak egingo ditugu jarraian.

Ubideek, isil-isil, euren altxor preziatua garraiatzen dute argindarra ekoizteko asmoz. ARGAZKIAK: JOSEAN GIL-GARCIA.
Josean Gil-Garcia.
Zegama
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Zegama herria Gipuzkoako hegoaldean dago, Aizkorri-Aratz natur parkearen altzoan bapo-bapo babestua. Hango ondare oparoa dela eta, sei ibilbide egokitu dituzte ibarrean gaindi eroso ibiltzeko xedez: Murgizelai, Arrietaldea, Aizkorpe, Kanala, San Pedro eta Tunelaundi zidor tematikoak, hain justu. Kanala deritzan zidorra aukeratu dugu orain ibilbidearen lehen zatia egiteko. Gero, Aizkorrondoko ubidearen paraleloan ekinez, Aldaolako zentraleraino bideratuko ditugu gure pausoak. Azkenik, betiere ibiltzeko gogoa ase nahian, San Adrianera igoko gara, hots, behiala Araba eta Gipuzkoa herrialdeen arteko muga izaniko tunel historikora.

Abiapuntua, Tunelandin

Zegamako tren geralekua dugu abiapuntua. Zegamatik Otsaurteko mendatera ehunka metro eginda, trenbidearen ondoan utziko gaituen errepidea dago. Hari segika, Tunelandi deritzan zabalgunera iritsiko gara. Ibili-ibilian hasi aurretik, Zegamako udalerrian barrena oinez egiteko proposamenak irakurtzeko aukera emango digu propio jarritako argibide taula batek. Aizkorrondoko ubidea korritzen duen zidorra eder-eder zehaztuta dago.

Tunelandiko argindar zentralari begira, eskuinera egin eta lehen bihurgunera iritsita, ezkerrera joko dugu tunelaren gain-gainean jartzeko xedez. Lehen aldatsei aurre egin ostean, basabide batera irtengo gara. Hura zeharkatu, eta gora jarraituko dugu, betiere Kanala dioten bide-seinaleei men eginez. Bide ertzeko pago motzek garai bateko paisaia irudikatzen lagunduko digute ziztuan. Gorago, pinudiak eta soilguneek protagonismoa hartuko dutenez, ibarraren gaineko ikuspegi polita harrapatzeko parada izango dugu. Horrezaz gainera, naturari eta ekologiari buruzko jakingarriak irakurriko ditugu zidor tematikoan egokitutako informazio guneetan.

Intzunzaetako lepotik jauzika eta boteka datorren erreka parera iritsita, ibarrean aurrera egingo dugu, ezti-ezti. Errekastoa berehala gurutzatuko dugu, eta, Aztibaiko parajean, Errekailuneko ibarrari oratuko diogu Aizkorrondoko ubidera igo ahal izateko. Zegamako historian funtzio berezia bete izan dute ur emariek. Aizkorri mendilerroari soa luzatzea besterik ez da imajinatzeko konplexu karstiko erraldoiak milaka eta milaka litro ur biltzen dituela bere barrunbeetara. Eta milaka eta milaka litro ur isurtzen dituela aldats pikoetan behera.

Horren jakitun aspaldi izan ziren Zegaman, eta 1865ean abian jarritako paper fabrika batek behar beste argindar sortzeko baliatu zuten errekasto jauzkariak. Aizkorrondoko ubideak horretan du jatorria, hain justu ere. Kanal sigi-sagatsuak, Aizkorri mendilerroko magala burutik buru zeharkatzen du eta, Ezpaleo eta Aldaolako zentralei esker, XX. mende hasierako industrigintzak ez ezik Zegamako eta inguruko herrietako bizilagunek ere argindarra baliatzen asmatu zuten.

Nekea arinduta, kanalari jarraitzeko unea iritsi zaigu. Ubidean ezkerrera jo, eta hegoalderako urratsak egiten hasiko gara.

Ubidea bidaide

Aizkorri mendilerroko magal luzea alderik alde korritzeari ekingo diogu orain, San Adriango tunela jomuga dugula. Tunelanditik datorren basabidea zeharkatuko dugu Argaitzi inguruan, eta, han, PR-Gi 35 ibilbide laburra alboratuko. Hariztiari, hegazti migratzaileei eta konplexu karstikoari buruzko lerro mamitsuei mokadu ederrak emateko aukera emango digute ibilbidean zehar jarritako jakingarri taulek.

Apenas ohartu gabe, Iturbegietako iturrira iritsiko gara. Presa moduko ur biltegi zabala ikusiko dugu berehala. Izan ere, Aldaolako zentraletik datorren ur emariak eta ibilbidean zehar ondoan eraman duguntxoak bat egiten dute han.

Aizkorpe aldera segituko dugu, betiere ubide ondoko zidorrari begia kendu gabe. Zehar-zehar, Arribeltzetara iritsiko gara. Iruetxetako baserritik eta Elurretako Ama ermitatik datorren basabidea ikusiko dugu hango bide sardan. Pagalindatik igaro eta berehala, Donejakue bidearekin bat egingo dugu. San Adriango haitzulora igotzeko zidorrik erosoena izanagatik ere, kanal ondoko xendari eutsi beharko diogu Aldaolako zentralera iritsiko bagara.

San Adriango haitzuloa

Ibiltzeko irrikan daudenek aukera polita dute Aldaolan San Adriango tunelera igotzeko. Aldaolako zentral zaharraren ondoko errekasto emaritsua zeharkatu eta ubide zahar baten ondoan segituko dugu beste erreka bateraino. Hura gurutzatu gabe, eskuinera egin, eta magalean gora jarraituko dugu, gogo biziz. Aldaolako ubidera jauzika doan errekasto zalapartatsua begi aurrean dugu une oro. Hegoaldera tinko egingo dugu pagoak, izeiak eta pinuak bidaide. Igoera nekosoa amaituta, gainaldera iritsiko gara. Aratz mendia aurrez aurre izango dugu, eta, haren eskuinean, San Adriango hormatzarra eta Araban sarraraziko gaituen haitzulo sonatua.

Eskuinera egin dugu gainaldeko basabidean, eta bidegurutze bateraino segituko dugu. Aldaolako ubidera jaisten den errekastoa eta ubidea ikusiko ditugu. Errekastoa gurutzatuta, PR-Gi 70 eskuinean utzi (itzulera egiteko egokia da) eta gora egingo dugu Mikeleten aterpera iristeko. Mendi aterpea inguratu, eta mendebaldean ikusitako San Adriango murailara joko dugu zuzen-zuzen. Haitzuloko Gipuzkoako sarbidea zabala dela bistan da. Leizarrateko mendatera bidean jarriko gaituen hustubideko sabaia, aldiz, baxuagoa. Karlos V.aren pasadizoa izkiriatua geratu da betiko. Izan ere, berak gustukoa ez bazuen ere, tunela igaro ahal izateko burua makurtu behar izan zuen. Harrokeriari eustearen kariaz, burua makurtu zuen lehen eta azken aldia izan zen hura, nonbait.

Zegamako geralekura itzultzeko, haitzulotik irten, mendi aterpetik igaro eta PR-Gi 70 zidorra ikusi dugun tokiraino jaitsiko gara. Gero, zidorrari segika ipar-mendebaldera egingo dugu. Holaxe, leun-leun, Aizkorrondoko magalak zeharkatuz, geralekuan amaiera jarriko diogu ibilbideari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.