360º

Aizkorri, aterpe eta talaia

Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Distantzia: 7,4 km
  • Iraupena: 4 ordu eta 25 minutu
  • Estekak: Ibilbidea
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun

Euskal Herria gurutzatzen duen kareharrizko bizkarrezurrean barneratzen da Aizkorriko mendilerroa, eta bertan dago gure mitologiaren jainkosa Mariren etxeetako bat.

Aizkorri oso ibilitako mendia dugu eta esan daiteke ia bere isurialde guztietatik arazo handirik gabe igo daitekeela. Neguan, elurraren baldintzak onak izanez gro, IEko hegaleko kanalak ere igo daitezke.

Biderik ezagunenak bi hauek dira: Otzaurteko mendatetik abiatzen dena (hori deskribatuko dugu hemen) eta Arantzazutik hasi eta Urbiako zelaiak gurutzatzen dituena.

Historia handiko bidea

Aldaolako aparkalekutik M norabidea hartuko dugu Sandratiko Balkoiari dagokion informazio panelaren ondoko bidetik. Metro gutxi batzuk jaitsi eta Ubiergo erreka gurutzatu ondoren, bideak IIM norabiderantz egiten eta zuhaitzen artetik gora egingo dugu guk ere.

Basoaren ekialdeko mugaren ondotik atera eta 2010. urtetik itxita dagoen Sandratiko aterpera iritsiko gara. Bertan, bideak GR12arekin bat egiten du eta ageriko bide zabal batetik Sandratiko tunelerantz egingo dugu M-HM norabideari eutsiz. Bertatik ustezko erromatar bidearen arrastoak argi ikus daitezke. Nahiz eta erromatar bide bezala ezagutu eta tunelaren ipar sarrerako inskripzioak hori aditzera eman dezakeen, harrizko bide hori nork egin duen ez dago batere argi gaur egun.

Tunelaren sarreran, izotzetan zein arroka bustiarekin eroriak ekiditeko jarritako eskubanda atzean utziko dugu. Eskuinean Sandratiko baseliza dago. Lizarrate izena zuen garai batean tuneleko pasabide honek, baina baselizaren eraginez galdu egin du jatorrizko izen hori.

Pasabidetik igaro eta irteeran IM norabidea hartuko dugu, eta GR12ari jarraituko diogu ia 200 metrotan, Sandratiko Balkoira eramaten duen bidegurutzea atzean utziz.

Bideak HMra egiten duen momentuan, Eskaratzako iturrira iritsi baino lehen, seinaleztapenik gabe zuzen jarraitzen duen bidetik jarraituko dugu, I norabidean. Aipagarria da oso, bidean zehar aurkitu daitezkeen hamaika bide-seinaleen artean, bakar batek ere ez duela Aizkorrira igotzeko biderik aipatzen.

Baso karstikoa

GR12 utzi eta bide berritik jarraituko dugu, abiapuntutik metro gutxitara harriz beteriko basoan murgilduz. Basoko bidearen lehendabiziko bi herenetan ia modu zuzenean I norabidea jarraituko dugu, zuhaitzen artean sigi-saga txikiak eginez.

Bidea beti ez da agerian, nahiz eta zoruko harri leunduek nolabait bidearen testigantza eman. Sarritan, gainera, hostoek eta orbelak erabat estaltzen dute zidorra. Hala ere, bideak leku errazenetik egiten du oro har, beti norabidea mantenduz; hortaz, adi egonez gero, orientazioak ez luke arazo handirik eman behar.

Bat-batean, bideak harkaitz baten gainetik ezkerrera, M-IM norabidea hartzen du, eta basoko bidearen azken herenari ekiten dio. Inklinazioak ere lasaitu bat ematen digu 1300 metroko garaiera hartu arte. Puntu honetan, berehala sumatuko dugu basoaren goiko muga gertu dagoela. Berriro ere iparrerako norabidea hartzen du bideak, basotik irtetean.

Basoaren goiko mugatik irten eta belarrezko bizkar txiki batetik gure aurrean eta ezkerretara kokatzen den erlaitz batetara iritsiko gara. Gandor honek modu dotorean lotzen ditu Aizkorriko hego isurialdea eta goranzko diagonalean mendia ebakitzen duen IE isurialdea.

Isurialde hau ia 1400 metrotan hartuko dugu, gu gauden lekutik 1000 m behera dauden Zegama eta inguruari begirada kendu ezinik.

Altuerako ibilaldia

Bidetik jarraituko dugu, eta ia konturatu gabe atzean utziko dugu Aiztontor Altuna. Ibilbideak ertzetik gertu mantenduko gaitu oso modu nabarmenean, toki lau txiki batetik igaro eta Tontorraundira iritsi arte.

Bizkarra gainditu eta gailurrera eramaten duen azken tartea aurrez aurre daukagu. Aldapa txikiko bidetik jarraituko dugu, Aizkorriko aterpeari eta mendilerro guztiari ospea ematen dion ondoko baselizari eusten dion gandorreraino.

Gailurra bi eraikinen atzetik kokatzen da, metro gutxira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.