Mendi ibilaldia

Aitzulotik Orkatzategira

Aitzuloko leiho natural, ikaragarri eta misteriotsuak Oñatiko haranaren panoramika ikusgarria eskaintzen du, eta Orkatzategiko gainetik ere ikuspegi ederra zabaltzen da Urkuluko urtegirantz eta Leintz ibar osorantz.

Urkuluko urtegia, Orkatzategi tontorretik
Orkatzategi tontorretik Urkuluko urtegirantz zabaltzen den ikuspegia. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Orkatzategi
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Araotz auzoa (Oñati), Aitzulo, Orkatzategi, Urtapotolueta I trikuharria, Santa Kurtzeko lepoa, Agerre baserriak
  • Distantzia: (483 m+)
  • Iraupena: 3 ordu
  • Ingurunea: Leintz ibarra
  • Estekak: Aitzulo eta Orkatzategi
mikel arrizabalaga
2024ko urriaren 23a
05:00
Entzun

Araotzetik abiatuta, Aitzuloko begitik pasatu eta Orkatzategiko tontorrera igoko gara. Ibilbidea zirkularra da, eta bi noranzkotan egin daiteke, baina lehendabizi Aitzuloko begira eta gero Orkatzategiko tontorrera joanda, hasierako aldapa luze eta aspergarria saihestuko dugu. Ibilbidea Araotzeko Elizondo auzoan hasten da, Oñatin. Erdigunea da. Eliza, pilotalekua, bolalekua, eskola zaharra eta elkartea bertan daude. Arabarekin muga egiten duen herri txiki bat da, eta bertan aparkaleku txiki bat aurkituko dugu sarbideko errepidearen ondoan.

Aparkalekuaren atzeko aldapatik, Ugaran auzora jaisten hasiko gara, eta, bertara iristean, errepidetik jarraituko dugu, kilometro erdi baino gutxiago, Errotabarriraino. Auzo horrek ferratokia, errota eta zubi interesgarri bat ditu, eta garbitoki hondatu bat errekan. Saratxo erreka zeharkatu ondoren, Zubia auzo aldera doan bide zaharra hartuko dugu. Laster, auzo errepidera irtengo gara, eta handik auzoko etxeen artean ibiliko gara.

Bideak etxe artean jarraitzen du. Ibilbidea marra horiz eta zuriz seinaleztatuta dago (PR-Gi 3003 Uraren bidea). Jarraitu beharreko bidea Aitzuloko begiraino iristen da. Otalora baserrian asfaltozko bidea utzi, eta lurrezkotik gorantz egingo dugu. Eugenio de Otalora Handiren harrizko lorategiaren (Lurgorri Atxarraga) ondotik pasatu ostean, pinudi bat zeharkatu eta berehala helduko gara borda baten ondora. Bide eroso eta nabarmenak haitzuloaren sarrerara eramango gaitu.

Aitzuloko begia naturak zizelkatutako mirari geologikoa da. Kareharrian irekitako arkuen leiho erraldoitik Oñatiko ibarra ikus daiteke. Ikaragarria bezain misteriotsua den leiho natural horrek forma apetatsuak ditu, eta natura eta argazkigintza maite dutenentzat helmuga kuttun bihurtu da. Orkatzategiko mendia zeharkatzen duen kobazuloak sabaian zulo bat du, munduari begira dagoen leiho handi bat bezalakoa.

Orkatzategirantz jarraitzerakoan, haitzuloaren eskuinaldean dagoen arrasto hori eta zuriekin markatutako bidetik jarraitu behar dugu. Zuhaixka batzuen artean pasatu, eta zabalgune batera iritsiko gara. Ibilbidea jendearen joan-etorriak markatzen du, eta arrasto horiak eta zuriak agertzen dira lurrean. Aitzgaineko presa txikiaren ingurura heltzean, bide balizatua utzi eta ondo markatutako xendan barrena igotzen jarraituko dugu.

Ondo zapaldutako bidetik jarraituko dugu, eta Orkatzategira igotzeko azken tarteari ekingo diogu berriro, lur harritsuetatik. Lehenengo, lepo txiki batera eramango gaitu, eta, gero, haitz harritsuak, haizetsuak eta bista bikainak dituen tontorrera. Urkuluko urtegiaren eta Anboto eta Udalatx gailurren ikuspegi ederrez gozatu ahal izango dugu.

Abiapuntura itzultzeko, kontrako isurialdetik (HM) jaitsiko gara bidezidor lauso batetik. Aldapa biziak Urtapotolueta I trikuharriaren ondora eramango gaitu, eta aurrerago Linatzako tumulua ikusiko dugu. Uraren Bidea bide balizatuarekin berriro bat egingo dugu, eta bertatik Santa Krutzeko lepora helduko gara, izen bera duen ermitatik gertu.

Pista zabal eta bizitik jaisten hasi, eta, kilometro bat pasatxo bertatik ibili eta gero, Agerre baserrien ondora heldu, eta, eskuinetik ateratzen den lurrezko pista hartuko dugu. Bide erosoak Aizkorbe auzoko baserri ederren ondora eramango gaitu, eta bertan, pare bat garbitoki ikusiko ditugu. Errepidera atera, eta berehala helduko gara abiapuntura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.