Ibilbide zirkular honek, Arizkun, Urrasun, Amaiur eta Bozate herri eta auzoak lotzeaz gain, haien historiaren lekuko garrantzitsuak izan diren tokiak ezagutzeko parada eskaintzen digu: Donejakue bidea, Amaiurko gaztelua eta errota, Bozateko agotak eta Urtsuako dorretxe-jauregia, besteak beste.
Arizkun herritik abiatu, eta, galtzada zaharretik, Baztango Donejakue bideari —Berroko bideari— jarraituko diogu. Baztan ibaia zeharkatzen duen zubi zaharraren ondora iritsi eta berehala, Ordoki auzoko pabiloien ondoan izango gara. Bide zahar honek, Baionatik zetozen erromesak Baztan haranean zehar jaitsi eta Belate mendatea gainditu eta gero, Arre udalerrian bat egiten zuen Donejakue bide nagusiarekin. Errepidea gurutzatu ondoren, bide zaharra basoan barneratu eta Urrasun auzoraino eramango gaitu. Horra iristean, Amaiur arte bidelagun izango ditugun Donejakue bideko gezi horiak PRaren marka zuri eta horiekin (Baztangoiza-PR-NA 4) tartekatuko dira.
Santiago ermita atzean utzita, aurrera egin eta berehala, begi bistan izango ditugu Amaiur herrigunea eta haren gainean nabarmentzen diren gazteluaren aurriak. Galtzada zaharraren arrastoek erakusten digute inguru honek izan zuen garrantzia, Iruñea eta Baiona elkartzen zituen bide nagusia baitzen, XIX. mendera arte Baiona Nafarroako portua izan zen eta. Eskuinera bunker bat utzi eta gero, N-121 B errepidera aterako gara, Amaiurko sarreran. Herriko beheko aldean eliza, errota, iturria eta gurutzea ikusiko ditugu.
Erreka txikien bazterretan eraikita, XX. mendearen hasieran, Baztanen 29 errota katalogatu ziren. Baztango familia boteretsuen ondasunetan, irin-errotek leku garrantzitsua betetzen zuten. Ia herri guztietan noblezia-tituludun eta ondasun ekonomiko gehiago zuten familia pribilegiatuak izan ziren erroten sustatzaile nagusiak. Erroten jardunaz gain, hargintza eta errementaritza ere familia horien esku zeuden. Eraikin horietan ez zen errotariarentzako etxebizitzarik, eta soilik txoko bat izaten zuen bera jatorduak egin eta atseden hartzeko. Errotariaren lanak ez zuen etenik: ura egunez zein gauez aprobetxatu behar zuten, jasotzen zuten ordainsaria xehatutako ale kantitatearen araberakoa zen eta. Errota haietan, batik bat, garagarra eta artoa xehatzen zuten, aziendei bazka emateko edota taloak egiteko. 1976an, mende hasieran zenbatutako 29 errotetatik, bakarrik zortzi geratzen ziren martxan, eta gaur egun, berriz, Amaiur eta Etxaideko errotak bakarrik.
Herriko arkuaren azpitik igaro, eta karrika nagusian murgilduko gara ezker-eskuin altxatzen diren etxe ederrei so. Herriaren goialdera iristean, ermitaren ezker aldetik Amaiurko gaztelurantz zuzentzen den bide zabala igoko dugu. Gora iristean, ikuspegi ederraz gozatu eta gaztelu esanguratsu horren historia gogora ekarriko dugu. Hementxe bertan gertatu zen Nafarroako erreinuaren gertaera garrantzitsu bat. 1522an, Noaingo bataila galdu eta Nafarroako noble eta zaldun batzuk gaztelu honetan gotortu ziren Nafarroako independentziaren alde borrokan jarraitzeko. Gaztelauen armadak gaztelua setiatu eta kanoien indarrez txikitu eta gero, nafar gudariak errenditzera behartu zituzten.
Gure historiaren pasarte garrantzitsu horri errepaso laburra egin ondoren, Arizkunerantz abiatuko gara. Gaztelua atzean utzi, herria zeharkatu, eta sarreran ezkerrerantz hartuko dugu, bide seinaleek erakusten diguten bidean barrena. Kisuko bordaren ondotik pasatu, eta bide nabarmenetik San Migel ermitaren ondora iritsiko gara. Bozate auzora doan bidea hartuko dugu segidan, agoten herrira hain zuzen ere. Erronkari eta Baztango eremu baztertuetako biztanle jakin batzuk ziren agotak. Harria eta zura, eta geroago burdina ere lantzen zuten artisau haiek, mendeetan, bazterkeria sozioekonomikoa pairatu behar izan zuten. Haien existentzia Erdi Arotik da ezaguna. Mendeetan diskriminatu dituzte, jatorri ezezaguna izateagatik, eta herrietatik at bizitzera behartu zituzten.
Bozate auzoa zeharkatu, eta errepidearen ondoan dagoen Santxotena parke-museoa dago. Errepidearen bazterretik tarte bat bete, eta eskuinerantz egingo dugu, Erdi Aroko eraikuntza sendoa den Urtsuako jauregi-dorrearen eta Santa Ana ermitaren ondora joateko. Nafarroako nobleziaren sortetxerik zaharrenetako bat da, hango lurretan kokatu baitziren agotak, Bozaten zehazki. Urtsuako jaun feudalak, agotak bertan egotea defendatzen bazuen ere, esplotatu egiten zituen, berarentzat lana egitera behartuz. Urtsuarrak beaumontarrak ziren.
Aurrerago Lamiarrietako jauregiaren ondotik pasatu, Baztan erreka zeharkatu, eta Arizkun herrian goi aldetik sartuko gara. Karrika nagusia zeharkatzean eta abiapuntura itzuli aurretik, San Joan Bataiatzailearen eliza eta Klaratarren komentua ikusiko ditugu.