Enaren mira arnasten

Alain Andres (Galdakao, 1975) eta Garo Azkue (Donostia, 1980) alpinistek Sorterriko Koblak bidea (400 m, AI5+, M8, A1) zabaldu dute Pointes des Nantillonsen (Chamonix, Alpeak), izotzean. Egileek beraiek kontatu dute jarduera.

Alain Andres eta Garo Azkue alpinistek zabaldutako 'Sorterriko Koblak' bidearen krokisa.
Bidearen krokisa. AINHOA CAPOROSSI
Alain Andres - Garo Azkue
2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Otsailak 4. Aostan alokatu dugun etxean esnatu gara, goizean goiz, gaur mendira igo nahi dugu eta. Izotz baldintzetan eskalatzen ibili gara aurreko astean, lanean, talde bat gidatzen. Taldekideek atzo arratsaldean alde egin zuten, eta biok geratu gara, elkarrekin zerbait egiteko asmoarekin. Oraindik ez dakigu non eta zer. Alpeetan ditugun kontaktuei galdezka gabiltza: Eigerren iparra, Monte Rosaren hegoa, Dru… Santi Padrosek Envers D’Aiguilleseko argazki batzuk bidali dizkigu. Badira lerro erakargarriak, eskalada on baten promesa ernarazten dutenak. Nantillons orratzetako lerro batek erakarri gaitu, baina ez liburuetan eta ez Interneten ez dugu haren erreseinarik aurkitu.

Enverseko aterpea bisitatzeko eta bazter enigmatiko horretaz gozatzeko ideiak asko erakartzen gaitu. Bi egunetarako janaria prestatu eta 14:30ean prest gaude Punta Helbronerrera igotzen den Skywaya hartzeko. Ordu erdi batean 3.500 metrora heldu gara. Kabinan goazela, daramagun traste pila ikusita, turista ingeles batzuek nora goazen galdetu digute. Azaldu diegu, baina ez dakit ulertu duten… Izan ere, hemen mendiak oso «irisgarriak» dira eta inguruan ditugunentzat mendiak paisaia besterik ez dira, postal bat.

Pointe de Nantillonseko eskalada
Pointe de Nantillonseko horma Enverseko aterpetik ikusita. Bidea eskuineko marra zuria da. ALAIN ANDRES

Eskiak jarri eta Bailara Txuria, Taculeko glaziarra eta Mer de Glace jaisteari ekin diogu. Bidean, aterpera igotzeko modu egokiena zein izango den hasi gara eztabaidan. Bide zuzen bat aztertu dugu, hurbildu ere egin gara, baina gertutik ez du hain itxura onik, eta udako bide luzea hobetsi dugu.

Aterpe irekia elurpean

Egunargia Mer de Glace meharrean itzaltzen ari den unean berean, eskiak ezkutatu eta ferratan gora abiatu gara aterperantz. Berandu da, frontalak piztu ditugu. Ez dugu aztarna zaharrik topatu, hemendik inor pasa izanaren arrastorik. Neketsuagoa da bidea, baina behintzat aterpean bakarrik egongo gara, gaurkoan gutxienez. Zeharkaldia ez dago erraza, motxilak pisua du. Goi mendian sentitzen gara jada.

Gauez ederki kosta zaigu aterpea topatzea, elurrez inguratuta dago; atea eta leiho batzuk solik ageri dira elurraren artetik. Iglu bat dirudi, ilargian abandonatutako espaziontzi bat. Ezagun da eskiatzaileren batek gogotik egin zuela lan atea, bi leihoak eta tximinia elurrez libre uzteko. Barruan luxua: sua, koltxoiak, mahaiak… hozkailu natural-naturala. Sua piztu, elurra urtu, afaldu, gauzak sikatzen jarri… gauerdia da zakura sartzerako. Azken aldian bezala, gaur ere lo gutxi egingo dugu.

Goiz jaiki gara, baina lasai hartu dugu, badakigu gaur ez dela eskaladarako egunik egokiena izango. Kopetako argiak ikusten ditugu Requin aterpe gordetik eskalatzera doazela. Izan ere, Interneten iragarri dute hango bideak baldintza onetan daudela. Guk beste aldera jo dugu, Aiguille de la Republique orratzeko Banana Ice Republique aldera. Azpian jarri garenerako eguzkiak indarrez jotzen du horma, ez da orientazio egokia. Bizpahiru luze eskalatu ditugu, baina larregizkoa da bero hau eta buelta ematea erabaki dugu. Eguzkiak elur eta izotz purga arriskutsuak sortzen ditu geure buruen gainetik.

Pointe de Nantillonseko eskalada
Garo Azkue lehen luzean, errimaia gaindituta. ALAIN ANDRES

Behin aterpean, Nantillons orratzetako lerroari eman diogu begi. Santik bidalitako argazkietako batean ere agertzen da, eta oso itxura ona du. Bat gatoz biok. Goizean ere egin diogu zeharbegiratua, baina nork bere baitarako gorde du pentsamendua. Kataloxaz aztertu dugu lerroa. Elur-plaka eder batek diedro eta tximinia sistema bati ematen dio bide. Ametsetakoa dirudi goulotte horrek. «Egingarria», diogu; azken aurreko luzera arte gutxienez. Azken aurreko luze hori lehor ageri da itxuraz, baina antzematen da arrakala moduko bat. Ea zer topatzen dugun. Sabaian, berriz, erlaitz mehatxugarriak ageri dira. Beste abentura baterako prestatu gara. Gaur goizago goaz ohera, baina ez nahi beste. 03:00etan jarri dugu alarma.

Ez dugu alarmarik entzun eta 05:00etan jaiki gara. Dena pixka bat azkarrago egin behar izan dugu, lehen zatia eguzkiak ukitu aurretik igaro nahi dugu eta. Lehen zailtasuna glaziarra hormatik bereizten duen errimaia hirukoitza igarotzea izan da. Bi luzetan gainditu dugu. Izotz jauziaren azpian gaude. Elurrezko bisera erraldoi batek babesten gaitu goitik etor litekeenetik. Lehen bi luzeak paretan itsatsita dagoen elur eta izotzezko plantxa batean gora dira. Oso tentea da, baina kalitate bikainekoa, eta progresioa ziurra da. Gainera, noizbehinka arrokara hurbildu eta seguru bat jarri dut (Garo). Jauzia gainditu eta zeharkaldi bat egin dugu couloirrerantz, hirugarren luze batean. Bilera zahar bat topatu dugu han: harri bat inguratzen duten kordino sorta kolorge bat. Poz txiki bat sentitu dugu, babes antzeko bat.

Ondotik, nik (Alain) hartu dut lekukoa sokaren buruan. Itzalean sartu orduko, motxiletako bat utzi dugu, arinago joateko, eta 55 metro eta AI5 zailtasuneko luze bati ekin diot. Zailtasunak zailtasun, arrokak aukera dezente ematen du babesteko. Beste luze bat dator, gatz eta piper gehixeagokoa (55 m, eta AI5+). Bidea oso itxura ona artzen ari da. Atzetik mugimendu bakoitza gozatzen dator Garo.

Berriro txandatu gara sokaren buruan. Ez da samurra datorrena (50 AI5+ eta M6), pauso zail batean nago (Garo). Elur geruza izoztua fina da, eta oso tentea da zati hau. Elur biguna kenduz zulo bat garbitu dut. Zulo barruko arroka batean pioleta gako moduan erabili dut, behetik gora indarra eginez; pauso xelebrea, baina urruti heltzea lortu dut, eta beste pioloa elur onean iltzatu ahal izan dut. Ozta-ozta heldu dio, eta leun-leun tira diot. Lortu dut sekzio zailetik ateratzea. Bilgunea!

Luze gogorrak

Alainen txanda da. Badakigu bi luze zail datozkigula. M7ko pasarte akrobatiko samarrak ditu lehenak (50 m.), eta tarteka elur sabaitxoren bat. Lerroaren crux-ean gaude: 45 metroko diedro bat da, hasieran elurra dago itsatsita, baina gorantz igo ahala lehortu egiten da, desplomea dela eta. Eskuineko aldea ispilu bat bezain leuna da, eta ezkerreko aldean arrakalaren bat agertzen da, kakoak sartzeko eta oinak zabaltzeko adinakoa. Librean egin dut ahal izan dudana (Alain), erorikoaren mugaraino. Asko zaildu da eskalada. Artifizialean jarraitu dut, eta azken metroak berriro librean. Gatz eta piper biziko mistoa bilatzen duten alpinistek hemen aurkituko dute bilatzen dutena. Gradu liberatua M8 ingurukoa izango da, eta behartu gabeko pausoak A1ean geratu dira.

Pointe de Nantillonseko eskalada.
Garo seigarren luzeari ekiten (AI5 M6). ALAIN ANDRES

Nire txanda da (Garo): soka goitik dudala lasaiago borrokatu ahal izango naiz librean saiatzeko. Gain-gainean da gaua. Kopetako argia piztu eta gora jarraitzeko prestatu naiz. Oso gogorra egin zait, erdi librean erdi artifizialean noa, baina gora iritsi nahi dut eta azken indarrak xahutzen noa; ez noa batere fin. Iritsi naiz halako batean. Besarkada. «Erlaitza bota beharra dago», esan dit Alainek, «lasaiago jaitsiko gara». Iritsi berria naiz eta oraindik ez dut arnasa berreskuratu, baina erlaitzari ostikoka hasi naiz. Gogorra dago. «Lasai», dio Alainek; «ezin bada bota, utzi». «Ez, ez, orain hasi naizela behera joan behar du», kaskagortu naiz (Garo). Halako batean elur puska erraldoia beherantz amildu da. Isiltasuna. Barreak gero.

Azken tirada korridore bat da, elur tapoiekin eta bloke handiekin, eta murru batean bukatzen da. Zeharka, eskuinetik egon liteke ihesbide bat, baina rappelen lerrotik aterako ginateke, eta ez da lokatzetan sartzeko unea eta ordua. Beraz, gau betean, beheranzko bideari heldu diogu. Rappeletan, kordino zahar batzuk besterik ez dugu topatu bide osoan. Dauden apur horiek, gainera, ustelduta daude guztiz; hogei urtetik gorakoak dira denak. Beraz, bilgune guztiak muntatzen edo indartzen goaz. Iltze eta fisureroren bat horman utzi beharrean izan gara. Baina pozik gaude egindako lanarekin eta bost axola! Azkeneko rappela elur-perretxiko batetik egin dugu, eta halaxe zeharkatu dugu errimaia hirukoitza.

Pointe de Nantillonseko eskalada
Alain Andres seigarren luzea garbitzen. GARO AZKUE

Aterpean afaria ez da oturuntza izango: bi egunetarako janaria kalkulatu genuen eta hirugarren gaua da dagoeneko. Espageti pakete baten hondarrak eta nahita razionatutako urdaiazpiko eta gaztarekin bete ditugu sabelak, sutondoan, pozik.

Natillons orratzetako Erdiko Diedroa edo Troussier Diedroa eskalatu dugu lehen aldiz izotz baldintzetan, Philippe Grenier, R. Nicod, L. Reyssen eta M. Troussier eskalatzaileek 1977an harkaitzean zabaldutako lerroa, eta gaur egun ahanzturan eroria. OHM/Chamoniardeko topoak kontsultatu ondoren, eta urte askoan lerro horretan rappel bakar baten arrastorik ez dagoela kontuan izanda, Garok proposatu du neguan izen hauxe jartzea bideari: Sorterriko Koblak.

Sarrik Habanako erbestetik idatzi zuen poesia eder horretan distantziak sortzen duen mira arnasten da; besteak beste, haren txikitako pagadi hezeen, ortzadarraren edo enaren mira. Eta Mikel Laboaren ahotsean eta doinuan barru-barruraino sartzen da mira hori. Gure mendi arteko gogozko erbestean, zenbaitetan, hala gertatzen zaigu guri ere.

Artelan bati buruzko artelana

Sorterriko Koblak bideak, hain soin liraina izanik mendian, merezi zuen adierazpena ere edertasun berekoa izatea. Krokisa, alegia. Artelan batek beste artelan bat eskatzen zuen, ezinbestean. Horretan, beste sokakide bat batu zaie Andresi eta Azkueri: Ainhoa Caporossi (Zumaia, Gipuzkoa, 1993) marrazkilaria. Harena da lerroa irudikatzen duen marrazkia, irudi soila baino gehiago. Trangoworld markak egindako zozketa batean Vall de Boin eskaladako asteburupasa bat egokitu zitzaion Caporossiri, eta han Alain Andres zen Trangoworldeko enbaxadore eta gidarietako bat. «Horrelaxe ezagutu genuen elkar, eta hasieratik harreman ona egin genuen», azaldu du mendizale zumaiarrak.

Arte Ederretan lizentziatua da Caporossi, eta gaur egun delineatzaile lanetan ari da. Betidanik izugarri gustatu izan zaio marraztea, baita mendia ere. Eta zergatik ez biak uztartu? esan zuen berekiko. «Halaxe hasi nintzen, ilustrazioei zentzu bat ematen eta mendiarekin loturiko marrazkiak egiten. Eskalatzen ere ibiltzen naiz, ikusiak nituen Eli Azurmendiren eskaladako krokisak, etxean dut haien liburua ere, eta nire artean pentsatu nuen, zein ederra, nik ere hau nahi dut egin». Alainek ohitura du bere eskaladei buruz oso testu pertsonalak eta barnerakoiak idazteko, eta Ainhoak horiexek hartzen ditu oinarri krokisaren lehen zirriborroa egiteko. Oraingo honetan, Nantillonseko eskaladaren bizipenak sorterriarekiko miraz blaitu zaizkio bere idatzian Alaini; izan ere, urte asko dira jada Torlan bizi dela (Huesca, Espainiako Pirinioak), sorterritik urrun. Eta sentimendu eta bizipen horien isla da Caporossiren krokisa ere: batetik, lerroa bera ageri da, erdian bi sokalagunen adiskidetasuna, eta azkenik, Gernika margolaneko elementuak, sinbologiaz beteak, baita eroritako hegazkin nazi bat ere, ertz batean.

«Ilusio eta motibazio handiz» ari da Caporossi krokis artistikoen mundu honetan, hain maiteak dituen bi zaletasunak uztartzen. «Bestelako marrazki asko egin izan ditut, baina mendikoak oso gustura egiten ditut, badakidalako zein zaila den bide horiek eskalatzea, eta, ulertzen dudanez, horrek ni ere erakarri eta motibatu egiten nau».

 Alain Andresen iritziz, Caporossik «biribildu» egin ditu alde guztiak: «Erabili dituen koloreak, zerukoak, mendiarenak, nola lotu duen lerroa Gernika-ren elementuekin eta gu bion besarkadarekin... Asko gustatu zait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.