Ander Iñarra Olaziregi. Mendi korrikalaria

«Zuzendaritza honekin ez naiz euskal selekziora itzuliko»

Azken urteetan mendi lasterketetako euskal selekzioak izan duen korrikalaririk onenetako bat izan da Iñarra. Hainbat urtez Munduko Kopan lehen postuetan ibili ondoren, sasoi honetan Merrell etxearekin arituko da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Lezo
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Herriko lasterketa kutunean txapela jantzi zuen leku berean da hitzordua Ander Iñarra mendikorrikalariarekin (Lezo, Gipuzkoa, 1991). Garaiz iritsi da. Helmuga ezarrita zegoen lekura begira jarri da. Irabazi izanak berriro ere irribarrea ekarri dio aurpegira. Hilabete gogorren ondoren, argia ikusten hasi da.

Azken hilabeteetako txakalaldia eta gero, zer moduz sentitu zinen Lezo-Jaizkibel lasterketan?

Irabazteak ematen duen hauspoarekin, indarberrituta nago berriro. Atseden hartzeko asmoarekin, lau hilabete egin nituen lasterketarik korritu gabe. Azkenaldian ez nengoen ezertarako gogoz. Horrez gain, lo egiteko orduan ere arazoak izan ditut azken urte hauetan. Duela egun batzuk farmaziara joan nintzen, eta agian magnesioa faltako zitzaidala esan zidaten. Alegia, kirol asko egiteagatik galtzen den propietate bat faltako zitzaidala agian. Azken egunetan probatu dut magnesioa, eta aldea nabaritu dut gorputzean. Lo ere askoz hobeto egin dut, eta entrenatzeko ere indarrarekin sentitu naiz berriro. Ea irauten duen!

Ez ateratzekotan egon omen zinen.

Hala da, bai! Azken urteetan arazoak izan ditut loarekin, eta iaz, psikologo batekin hastea erabaki nuen. Hasieran asko hobetu nuen, baina azken hilabetean berriro ere arazoak izan ditut. Txakalaldi bat izan nuen abenduan, eta noraezean gelditu nintzen. Lasai irtetea erabaki nuen, inongo presiorik gabe, eta, irteera lerroan jarri orduko, lasterketaren harra sartu zitzaidan. Hasi bezain pronto ondo sentitu nintzen. Aurreko asteetan entrenatzen ari nintzela imajinatzen nuen lasterketa atera zitzaidan. Helmuga lehen postuan zeharkatzea oso polita izan zen.

Presioa sentitu al zenuen aurreko asteetan?

Bai, nahi gabeko presioa da, baina presioa da azken finean. Herrikoek askotan aipatzen dizkidate lasterketaren inguruko gauzak, eta berdin Zegama-Aizkorriren astean ere. Jendeari iruditzen zaio urte guztian ehuneko ehunean egon behar dudala, eta, orain, esaterako, hilabete besterik ez daramat entrenatzen. Jendeak jakingo balu nola pasatu ditudan aurreko asteak! Oso zaila da denboraldi oso batean sasoi betean egotea, eta nik ere nire gorabeherak izaten ditut. Hala ere, asko eskertzen da jendearen konfiantza.

Etxean irabaztea beti da berezia.

Bai, noski! Niretzat, Lezon irabaztea Zegama-Aizkorri irabaztearen parekoa da. Azken lau urteetan irabazteko aukera izan dut, eta oso berezia da. Entrenatzen naizen eremuan jokatzen da, eta niretzako ibilbide oso egokia da. Lasterketan oso eroso sentitu nintzen. Fisikoki ondo nengoen, eta neure burua animatzen joan nintzen. Niri gustatzen zaizkidan ibilbide horietakoa da, eta banekien suebakira ondo iritsiz gero aukera handiak izango nituela irabazteko. Halaxe izan zen. Handik behera asko gozatu nuen. Gainera, gertukoen babesa izan nuen, eta ederki etorri zitzaidan. Azken hilabeteetako buruhausteak ahazteko balio izan zidan.

Azken bi hilabeteetan euskal selekzioaren inguruan sortutako albisteek ere ez zizuten asko lagunduko.

Ez, hori ere ez da samurra izan! Oso minduta sentitu naiz ni ere. Ez nuen horrelakorik espero inondik inora, baina, azkenean, ezinezkoa zirudien arren, gertatu egin da. Dena lehertu zenean, uste nuen agian bileraren bat egiteko deituko zigutela, baina ez dira horretarako ere gai izan. Gizatasun falta izugarria sentitu dut. Agian, uste baino konponbide errazagoa izango zuen gaiak, baina ez dute aukerarik eman ezertarako.

Gaur egun selekzioan denbora gehien zeramanetako bat zinen. Asko sufritu al duzu gaiarekin?

Bai, bai, oso gogorra izan da denentzat. Denbora luzez aritu gara lehian, eta azken urtean oso eskertza gutxi jaso dugu zuzendaritza berriaren aldetik. Pentsa, urte osoan Munduko Kopan lehiatzen ibili ondoren, oraindik ez dut zuzendaritza berriko inorekin hitzik egin. Ez nuen omenaldirik espero, baina, Munduko Kopan laugarren amaitu ondoren, zorion mezu bat behintzat espero nuen.

Abenduan euskal selekzioautziko zutela esan zuten korrikalari askok berriro ere itzultzeko deia jaso omen dute. Zuri ere deitu al dizute?

Ez, niri inork ez dit deitu. Ez presidenteak, ez hautatzaileek, ezta mendi lasterketetako arduradunak ere. Badakit askorekin harremanetan jarri direla selekziora itzultzeko, baina nik ez dut deirik jaso.

Deituko balizute, itzuliko zinateke?

Ez. Zuzendaritza honek jarraitzen duen bitartean, ni ez naiz euskal selekzioan arituko; hori argi daukat. Ez dut ezer jakin nahi zuzendaritza honekin, baina argi utzi nahi dut selekzioko talde berriari onena opa diodala. Bakoitzaren esku dago itzuli edo ez itzuli. Erabaki guztiak errespetagarriak dira, eta baten bat itzuliko dela ikusi dut. Baina niri burutik ere ez zait pasatu horiek dauden bitartean itzultzea. Ez naiz batere herratsua, ezta gutxiagorik ere, baina min handia egin digute. Agian, orain daudenek legealdia amaitzen dutenean, berriro ere euskal selekziora itzultzen saiatuko nintzateke beste zuzendaritza batekin. Ez naiz ateak itxi zalea, eta selekzioari ere ez diot aterik ixten. Gauza eta pertsona guztiek bigarren aukera bat merezi dutela iruditzen zaien horietakoa naiz. Haserre bizitzeak odol txarra eragiten du, eta horrela bizitzea ez du merezi.

Zer esan nahi izan du zuretzat euskal selekzioarekin hainbeste urtetan lehiatzeak?

Izugarria izan da! Lasterketa eta leku asko ezagutu ditut, eta Munduko Kopan ere lehiatzeko aukera eman dit. Gainera, nahiz eta banakako kirola izan, euskal selekzioan izan dugun lagun giroa aipatzekoa da benetan. Ordu asko igaro ditugu elkarrekin, gauza asko partekatu ditugu, asko lagundu dugu elkar, eta hori betiko geldituko den gauza bat da. Lagun paregabeak egiteko aukera izan dut urte hauetan guztietan.

Selekzioko garaia amaituta, Merrell etxearekin arituko zara aurten. Nondik etorri zitzaizun haiekin lehiatzeko proposamena?

Orain dela hiru urte jarri ziren harremanetan nirekin. Haiekin lehiatzeko proposamena egin zidaten. Munduko Kopan aritzeko aukera eskaini zidaten, baina nik beti argi izan dut: baldintza beretan, eta nirekin kontatzen jarraitzen bazuten behintzat, euskal selekzioarekin lehiatuko nuela. Orain, berriz, gauzak aldatu egin dira, eta nik deitu diet haiei. Oihana Azkorbebeitiaren bitartez, berriro ere neure burua eskaini nien. Baiezkoa eman zidaten, eta oso harrera ona egin didate. Nik pentsatuta neukan egutegia egiteko aukera ematen didate. Oso eskertua nago.

Zein izango da aurtengo egutegia?

Egutegia berriro ere Munduko Kopan oinarrituko da. Aurretik lasterketa batzuk egingo ditut, eta begiz jota daukat apirilaren 24an Viveiron [Galizia] jokatuko den Espainiako Txapelketa. Bestalde, maiatzaren 8an Munduko Kopako lehen lasterketa jokatu dut Frantzian, Skyrace des Matheysins [25,5 kilometro, +1980 metro], eta, hilabetea amaitzeko, Zegama-Aizkorrin ere egongo naiz. Ondoren etorriko dira, ekainean, Hochkong Skyrace [Austria]; uztailean Garmin Epic Trail [Herrialde Katalanak]; abuztuan Tromso Skyrace [Norvegia]; irailean Pirin Extreme [Bulgaria], eta, amaitzeko, urrian, Gorbeia Suzien. Exijentzia handiko egutegia izango da, baina aldi berean oso polita izango dela iruditzen zait.

Zer da zuretzat Munduko Kopan lehiatzea?

Kirol aldetik, nire egutegia horretara mugatzen dut, eta lehentasun guztia ematen diot. Beste gainontzeko lasterketa guztiak bigarren mailan geratzen dira. Urte osoan markatutako helburuetara ondo iristeko baliatzen ditut gehienbat. Horregatik jokatzen ditut hain lasterketa gutxi Euskal Herrian. Pena handiarekin gelditzen naiz askotan, baina beste erremediorik ez dut izaten! Etxe inguruko lasterketak goxoagoak iruditzen zaizkit, gertuagokoak. Alde horretatik, zaleen babes izugarria dugu hemengo lasterketetan.

Munduko Kopan gozatu bai, baina ahalegin handia ere eskatuko du, ezta?

Bai. Lanean, askotan, egunak eskatu behar izaten ditut, eta horiek opor egunetatik hartzen ditut, noski. Urtearen amaieran, bi aste besterik ez ditut izaten nire oportxoak egiteko, bai atseden hartzeko kiroletik eta lanetik. Baina, gaur egun, lasterketetako emaitzekin eta bizitako uneekin asebeteta gelditzen naiz. Askok uste dute, gainera, kanpora joaten garenean turismoan ere ibiltzen garela. Baina oso ordu libre gutxi izaten ditugu, eta gehien ezagutzen duguna supermerkatua izaten da [barrezka]. Askotan, leku batera iritsi, gauean lo pixka bat egin, korrika egin eta azkar batean etxera itzuli behar izaten dugu. Askotan ez naiz pentsatzen ere jartzen zer herrialdetan nagoen ere! Handik itzultzean jabetzen naiz non egon naizen. Eta, noski, astelehenean lanera joan beharra izaten dut.

Azken urteetan maratoi distantzian korritu dituzu lasterketa gehienak. Hemendik urte batzuetara ikusten al duzu zeure burua ultra distantziako lasterketa gehiago egiten?

Bai, agian bai. Esaterako, 24 urterekin jada Ironman bat egin nuen, eta alde horretatik orduak ez dira arazo bat niretzat. Pandemia garaian, Camille Xenda [Pirinioak, 120 kilometro] egin nuen bi etapatan, eta handik astebetera, Carros de Foc [Herrialde Katalanak, 55 kilometro] osoa egin nuen 10 ordu inguruan. Esperientzia eta eskarmentua dut distantzia luzean aritzeko.

Ironman hitza aipatu duzu, triatloiaren falta al duzu?

Ez. Oraindik ere asko asebetetzen nau mendian korrika ibiltzeak, eta, gaur-gaurkoz, oso gustura nabil mendian korrika. Hala ere, ez dut baztertzen berriro ere itzultzea, baina oraingoz ez daukat hori buruan.

Azken astean sareetan idatzi duzu psikologoaren laguntza behar izan duzula. Noiz ikusi zenuen laguntza horren beharra?

Askotan pentsatu izan dut fisioarengana joaten naizen bezala giharrak askatzera psikologoarengana joan naitekeela burua lasaitzera. Badirudi psikologoarengana zoazelako arazo oso larriak dituzula, eta hori ez da horrela. Fisikoa bezain garrantzitsua da osasun mentala, eta hori zaintzea ere ezinbestekoa da. Kirolarien artean oso ohikoa bihurtzen ari da psikologoarenera joatea, baina agian askoz ere beharrezkoagoa da bizitza arrunterako. Horregatik azaleratu nahi nuen sare sozialetan. Laguntza hori beharrezkoa duen jendea pauso hori ematera animatuko nuke, zalantzarik gabe. Gaur egun psikologo gehienak lan askorekin dabiltza, eta argi dago hori zerbaitegatik dela. Etorkizunean psikologoen beharra izango dugula iruditzen zait.

Sare sozialekin ere kritiko samar agertu zara. Gaur egun itxurakeria gehiegi dagoela iruditzen al zaizu?

Sare sozialetan badirudi denak oso ondo bizi garela, alegia, inork ez duela arazorik. Baina hori ez da horrela. Edonoren profila ikusiz gero, dena dira irudi politak: mendia, ingurua, irribarrea... Baina hori ez da benetako errealitatea. Nik ere lanera joan behar izaten dut, beste edonork bezala nire haserreak izaten ditut, besteak ere nirekin haserretzen dira... Beste edozeinek izaten dituen buruhausteak izaten ditut nire egunerokotasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.