Behetik gora egitea izaten da mendizalearen joera ohikoa, eta mendi tontorrera iristea asmoa. Goitik behera jaisteko proposamena dakar Javier Iturritxak (Mendoza, Araba, 1981) Barrancos y cañones de Euskal Herria gidaliburuarekin. Hutsune bat betetzera dator liburua, eta gertuko natur ondarea aldarrikatzera: «Guara edo Pirinioetako beste inguru batzuk datozkigu burura, baina Euskal Herrian munduko trokarterik politenetakoak ditugu». Baina arroilak segurtasunez jaisteko oinarrizko ezagutza batzuk ezinbestekoak dira: eguraldiaren berri izan, ibaien ur emaria eta jauzien zailtasun teknikoa ezagutzea, rappelak... «Eskarmentu nahikorik ezean, gidari edo espezialistekin joan behar da». Aristas y crestas de Euskal Herria lanaren ondoren, Iturritxaren bigarren argitalpena da.
Zergatik kaleratu duzu liburua?
Hiru arrazoik eraman naute liburua idaztera. Euskal Herriko ertzak biltzen zituen lanarekin oso gustura gelditu izanak, batetik; halako liburuak prestatzen gozatu egiten dudalako, bestetik; eta arroila jaitsieren inguruan argitalpen hutsune bat ikusten nuelako, azkenik. Duela 20 bat urte atera zuen Luis Mariano Mateok Cañones del Pirineo Occidental lana, eta uste dut bazegoela beste zerbaiten beharra.
Zer bildu duzu?
Euskal Herriko trokarte eta arroila guztiak biltzea ezinezkoa litzateke, eta onenak bildu ditudala uste dut, 85 guztira. Lurraldetasunari garrantzia eman diot aukeraketa egiteko orduan: Euskal Herriko herrialde guztiak hartu ditut kontuan, Araban hasi eta Zuberoan bukatu.
Norentzat da liburua? Hasi berrientzat baliagarria da, edo eskarmentua behar da gida erabiltzeko?
Garbi utzi nahi dut gidaliburu bat idatzi dudala, ez arroila jaitsierari buruzko eskuliburu bat. Eskarmentua dutenentzat gida erabilgarria da, arroilen inguruko informazio gaurkotua eskura izango dutelako. Hasi berrientzat edo hasi nahi dutenentzat ere balio dezake, baina esperientzia duen pertsonaren batekin joan behar dute. Aristas y crestas de Euskal Herria liburuan segurtasunari garrantzi handia eman nion, eta honetan are eta handiagoa: gidarekin bakarrik ezin da arroilak jaisten hasi.
Nolako jaitsierak dira? Behar bezala ekipatuta al daude?
Trokarte gehienak nahiko ongi prestatuta daude, baina kontuan izan behar da zer egoeratan dagoen ekipazioa. Denborarekin sokak usteldu egin daitezke, arroilen baldintzak aldatu, erosioa eta higadura gertatu... Jarduerak prestatzerako orduan ezinbesteko materiala eraman behar da, eta kontu handiz ibili.
Proposamenetako bakoitzarekin zer informazio bildu duzu?
Guztietan jarri dut informazio ahalik eta zehatzena: abiapuntura nola iritsi, jaisteko behar den denbora, jaitsieraren zailtasuna, garairik aproposena zein den, zer material behar den... Argibide horiek guztiak argazki, mapa eta krokisekin jantzi ditut.
Arroilak jaistera Guarara edo Kataluniako Pirinioetara joateko ohitura dago. Euskal Herriko arroilak nolakoak dira?
Galdera ona da hori. Guarara edo Katalunia aldera joan behar dela uste izaten dugu, baina Euskal Herrian sekulako arroilak ditugu, Zuberoan batez ere. Kalitate handikoak eta ezaugarri anitzetakoak dira: errazak eta zailak daude, ur kopuru handikoak nahiz lehorrak, motzak eta luzeak, zabalak eta itxiak... Uste dut garrantzitsua dela horiek guztiak ezagutaraztea.
Pentsatzekoa da zerikusirik apenas izango dutela Araba mendebaldeko eta Zuberoako ur-jauziek, ezta?
Bizkai eta Araba mendebaldeko arroilak ur jaitsiera zabalak dira, batez ere. Zuberoakoak, berriz, itxiagoak dira; behin haietatik jaisten hasiz gero bukatu artean zaila da irtetea. Iparraldekoak luzeagoak eta itxiagoak dira, eta horiek gustatzen zaizkit gehien. Zuberoan daude Euskal Herriko ur-jauzirik eta arroilarik onenak. Horregatik egin dut mapa zehatzago bat Zuberoa konplexuari buruz; hain onak iruditzen zaizkit hango arroilak, azkenerako guztiak sartu ditut gidan.
Ba al da bereziki gomendatuko zenukeenik?
Bat bakarra aukeratzekotan Althainetakoa aukeratuko nuke. Oso itxia da, polita, horma luzeak ditu, baina zailtasun handikoa ere bada. Esperientzia handia behar da hara joateko, baina arroilara gerturatzea, jaitsiera eta itzulerako bidea gozatzekoak dira. Herrialde bakoitzetik bat nabarmentze aldera, Artazulo (Nafarroa), Lezea (Araba), Haitzartea (Gipuzkoa), Lekime (Nafarroa Beherea), Azeri (Lapurdi) eta Tologorri (Bizkaia) gomendatuko nituzke. Guztiek dute bereizgarririk.
Zein da garairik aproposena arroilak jaisteko?
Ez dago garai zehatzik esaterik, troka bakoitzak bere ezaugarriak eta momentuak dituelako. Arabako Lezea, esaterako, udan jaitsi behar da, baina urteko sasoiaren arabera bilatu behar zaio bakoitzari egokiera. Udaberria izaten da garairik aproposena, baina ur emariarekin tentuz ibili behar da istripu arriskuak saihesteko.
Jarduera zaila eta arriskutsua al da arroila jaitsiera?
Arroila jaitsiera ez da jarduera zaila, baina teknikoki gauzak ongi ezagutzea eta menperatzea ezinbestekoa da. Istripu asko horiek menperatu gabe edo eguraldi iragarpenei jaramonik egin ez eta errekaren ur emaria handitzeagatik gertatzen dira.
Hasi nahi duenari zer aholkatuko zenioke?
Bi bide dituztela kirola ezagutzeko: esperientzia eta dakien lagunen batekin joatea, edo ikastaro batean izena ematea. Gehienak hasi gara lagunekin, edo gertukoekin, baina garrantzitsua da teknikak menperatzeaz gain horiek irakasten dituzten pertsonen eskutik hastea. Ikastaroak dira beste aukera; gaur egun elkarte, enpresa eta gidari asko ari dira horretan. Autodidakta izatea ez da gomendagarria.
Mendia. Arroila jaitsiera. Javier Iturritxa. Mendizalea eta 'Barrancos y cañones de Euskal Herria' liburuaren egilea
«Zuberoan daude Euskal Herriko arroilarik onenak»
Euskal Herriko ur-jauzi, trokarte eta arroilen bilduma osatu du Javier Iturritxak, eta horiek jaisteko proposamenak informazio zehatzarekin, krokisekin eta argazkiekin jantzi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu