Zortzi urteren ondoren, bueltan da Tolosako 14 Orduko Ibilaldia

Maiatzaren 19an izango da iraupen luzeko martxen artean beteranoena eta entzutetsuena (68 km), Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta. Bihar zabalduko dira izen-emateak.

Ibilaldiaren aurreko aldi bateko irudia. ARALARKO ADISKIDEAK
Ibilaldiaren aurreko aldi bateko irudia. ARALARKO ADISKIDEAK
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 18a
21:00
Entzun

Iraupen luzeko martxen artean aspaldikoena (mende bat aurki) eta entzutetsuena bueltan da: Tolosako 14 Orduko Ibilaldia. Beste behin, tradizioak, naturak eta mendizaletasunak bat egingo dute Tolosan abiatu eta Tolosan bukatu, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat mendi, herri eta bide lotzen dituen txango honetan. Lau urtez behin egin ohi da mendi martxa, baina pandemia tarteko, 2020. urtean ezin izan zen egin, eta, beraz, zortzi urteko etenaren ondoren, maiatzaren 19an izango da aurtengoa. Gaur aurkeztu dute Tolosako Udalean.

1925. urtean 14 mendizalek egin zuten lehenbizikoz ibilaldi hau: Tolosatik Gaztelu aldera abiatu, Ulizarrera igo, Merkutik barna Gorritira, handik Lekunberrira, Iribastik Atako bailaran gora San Migelera iritsi, handik Guardetxera eta Igaratzara, Arritzagako meatzeetatik Amezketara eta handik berriro Tolosara, 68 kilometro osatu zituzten. 1926an egin zen bigarren edizioa, 1943an hirugarrena eta 1967. urtetik hona lau urtean behin egin izan da ibilaldia, Olinpiar Jokoekin bat etorriz.

Gaurko aurkezpenean, Aralarko Adiskideak elkarteko antolatzaileek azpimarratu dute ez dela lasterketa bat, mendi ibilaldi bat baizik: «14 orduetan parte hartu eta amaitzea garaipen bat da bere horretan. Mendiaz gozatzea eta erronka mendizaleekin partekatzea da saria, ingurune paregabean».

Izaera horri eutsi izanari esker, «14 Orduko Ibilaldia mendizaletasunaren ikur» bihurtu dela azpimarratu du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak: «Behin baino gehiagotan parte hartu dut mendizale modura, eta esperientzia paregabea da, gozamena; baina atzetik boluntario askoren lana ere badago, eta udalaren izenean eskertu nahi ditut guztiak».

14. Orduko Ibilaldiaren aurkezpena
Antolatzaileak eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea (erdian), gaurko aurkezpenean. TOLOSAKO UDALA

Natura zaintzeko deia

Ingurumena babesteko eta autosufizientzia sustatzeko neurriak hartzen jarraitzen dute antolatzaileek. Hori horrela, aurreko edizioetan egin bezala, anoa guneetan ura bakarrik banatuko da. Hortaz, parte hartzaileek gainean eraman beharko dute jan-edana.

Aurten beste proba bat egingo dute, gainera: sareko ura iturri anitzeko hodi batera lotuko dute Gorritin, eta mendizaleek hortik hartu ahal izango dute, beren botila edo kantinploretan. «Plastiko edo beirazko hondakin gutxiago sortu nahi ditugu horrela. Aurten ondo ateraz gero, ikusiko dugu beste puntu gehiagotara eraman ote daitekeen», diote.

Era berean, mendizaleen laguntza eskatu dute antolatzaileek eta udalak, ibilbidea txukun mantentzeko: «2000 mendizale bide beretik joatean gauzak behar bezala egiten ez badira, ingurumenerako karga da. Errespetuz jokatzeko dei egiten dugu; horregatik, ibilbidean zehar sortzen den zaborra modu egokian kudeatzea eskatzen dugu, horretarako prestatuta dauden tokiak erabiliz, ondo sailkatuz edota ez dagoenean, gainean eramanez».

68 kilometro, 17 udalerri zeharkatuz

Ibilbidea Tolosan hasi eta amaitzen da, eta guztira 17 udalerri zeharkatzen dira bidean, Gipuzkoako 10 eta Nafarroako beste 7. Hauxe da ibilbidea: Tolosa - Gaztelu - Uli - Merku - Gorriti - Azpirotz - Lekunberri - Burnigurutze - San Miguel - Guardetxe - Igaratza – Arritzagako meatzeak - Amezketa - Alegia - Tolosa. Azken edizioarekin alderatuta, bada aldaketa bat: aurten ez da Zarateko lepotik egiteko aukera izango. Bestalde, aurten ere doako autobus zerbitzua jarriko da Tolosatik Amezketara, laguntzaileen eta parte hartzaileen joan-etorria errazteko, eta trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko. 16:00etan hasiko dira irteten autobusak, eta ordu erdiro izango da zerbitzua, 20:00ak arte.

14 Orduko Ibilaldiaren mapa
14 Orduko Ibilaldiaren mapa.
14 Orduko Ibilaldiaren profila
14 Orduko Ibilaldiaren profila.

Ibilbidean egunsentia eta ilunabarra ikus daitezke. Izan ere, mendi martxa goizeko 05:00etan abiatzen da, minutuero 80 pertsona, eta 17:00-21:00 bitartean amaitu. Ibilbidea ordu horien barruan amaitzen duten pertsona guztiek 14 orduko txangoa bete dutela jasotzen duen ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri hori lortzeko, ordea, ezinbestekoa da bidean zehar dauden kontrolgune guztietatik pasatzea.

Izen ematea, bihartik aurrera

Izena emateko epea bihar, martxoak 19, zabalduko da, gauerdian, Zirkuituaren webgunean eta ibilaldiaren beraren webgunean. 25 euroko kostua du, eta diru hori antolakuntza gastuak betetzeko eta ekitaldiaren kalitatea eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko bideratuko da. Parte hartzaileek, gainera, kamiseta eta kantinplora bana jasoko dute opari. Horiek maiatzaren 1etik aurrera jaso ahal izango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.