Somiedon (Asturias), ultra distantziako Espainiako txapelketa zen jokatzekoa aurreko asteburuan, baina zoritxarrak gogor jo zuen proba. Partaide bat, Jose Luis Garcia Fernandez madrildarra, 100 bat metro amildu zen maratoiko ibilbideko eremu batean, eta bertan hil zen. Lekukoen arabera, zitekeena zen istripuaren aurretik ondoezen bat ere izatea. Nolanahi dela ere, zoritxarrak jota utzi zituen gainerako partaideak eta antolakuntzako kideak, eta albistearen berri jakin orduko, proba bertan behera utzi zuten.
DesafiOSOmiedo lasterketak hiru distantzia zituen: ultra, 70 kilometrokoa; maratoia, 45 kilometrokoa; eta proba laburra, 23 kilometrokoa. Hain zuzen, maratoi distantziako lasterketan gertatu zen ezbeharra. Probarako 800 dortsalak izena emateko epea zabaldu orduko bukatu ziren, urtarrilean. Ultra distantziako proba Espainiako txapelketa zen, gainera, eta bertan lortutako postuen arabera banatu behar ziren Skyrunningeko Munduko Txapelketarako txartelak; irailaren 6tik 8ra, Urbiongo mendietan (Espainia) jokatuko da munduko txapelketa hori.
Sailkapenei dagokienez, lasterketa eteten denetarako Espainiako Mendi Federazioaren (FEDME) araudiak dioena ezarri dute: «Egoerak horrela eskatzen badu, proba eten ahal izango da ibilbide puntu batean. Kasu horretan, lasterketa eten den puntu horretako posizioak eta denborak hartuko dira kontuan, edo, bestela, eginiko azken kontrolekoak». Hori dela eta, lasterketa eten zen une horretako posizioak zehazten ari da FEDME, antolakuntzarekin batera.
Probaren buruan Oihana Kortazar (Elgeta, Gipuzkoa, 1984) eta Julen Calvo kataluniarra ziren une horretan. Eta haien atzetik, bigarren, Gemma Arenas eta Marc Olle, hauek biak ere kataluniarrak. Beraz, haientzat izango dira munduko txapelketarako txartelak.
Maite Maiora eta Goar Lopetegi hirugarren Val d’Araneko Camins d’Her proban
Asteburuan jokatu dira UTMB World Serieseko Val d’Araneko probak ere, hainbat distantziatan. Tartean, Camins d'Her proba (110 kilometro eta 6.400 metroko goranzko desnibela). Proba nagusia, Torn dera Val d'Aran edo VDA (163 km eta 10.000 metroko goranzko desnibela), bertan behera utzi behar izan zuten ostiralean, bigarren urtez jarraian, eguraldi baldintza makurrengatik. Partaideak ostiral arratsaldeko 16:00etan abiatu ziren, baina gauerdia baino lehen, ekaitz elektrikoen eta kazkabar jasen eraginez, antolakuntzak proba etetea eta partaideak ebakuatzea erabaki zuen.
Camins d’Her proban ere oso baldintza gogorrak izan zituzten korrikalariek. 1190 korrikalari atera ziren guztira. Emakumezkoetan, Maite Maiora mendaroarra (Gipuzkoa) jarri zen lasterketaren buruan hasierako kilometroetan, Silvia Puigarnau kataluniarra gertutik jarraika zuela. Atzerago, Allison Baca amerikarra zuhurrago atera zen. 40. kilometro inguruan, ordea, erritmo aldaketa egin zuen amerikarrak, eta lasterketaren burua hartu zuen. Montgarrin, Baca igaro zen lehen postuan, Puigarnau bigarren eta Maite Maiora, atzeraxeago, hirugarren. Hortik aurrera, bakoitzak bere erritmoan osatu zuten lasterketa, eta lehen hirurek hurrenkera horretan gurutzatu zuten helmugako lerroa. Allison Baca amerikarrak 14.44.51ko denbora egin zuen. Silvia Puigarnau hiru ordu laurden geroago helmugaratu zen (15.29.21), eta Maite Maiora, hirugarren, aurreko urteko ia denbora berean (15.44.03).
Gizonezkoetan, Goar Lopetegi Nieto Domusa Teknik Lana taldeko mendi lasterkari ibartarra (Gipuzkoa) hirugarren postuan helmugaratu zen Camins d'Her proba horretan. Lopetegik 12 ordu, 41 minutu eta 51 segundoko denbora egin zuen. Brooks Trail Runners taldeko Luke Grenfell-Shaw britainiarra izan zen irabazlea, 12 ordu 5 minutu eta 3 segundoko denbora eginda. Bigarren postuan Asics Trail taldeko Andreu Simon Aymerich bartzelonarra helmugaratu zen (12.31.08).
Val d’Araneko beste probetako batean, Sky distantziakoan, antolakuntzak ibilbidea moldatu egin zuen: 3 kilometro erantsi zizkion lasterketari (18 km guztira), baina desnibela 800 metrotik 456 metrora gutxituta. Sky proba horretan Gontzal Murgoitio (Elorrio, Bizkaia, 2001) hirugarren izan zen, Jan Torrella eta Jan Margarit kataluniarren atzetik.