Tokio 2020. ESKALADA

ZINTZILIK EUSTEAREN ZIRRARA

Kirol eskalada lehen aldiz izango da Olinpiar Jokoetan. Espezialista onenak abiadura, bloke eta zailtasun diziplinetan ariko dira. Ikuskizun ederra espero da.

Adam Ondra, ahalegin betean, bloke diziplinan. SERGEI ILNITSKI / EFE.
Unai Ugartemendia.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoak kirolak batuz doaz haien egitaraura. Zergatik? Zaharkituta ez geratzeko eta gazteak erakartzeko. Tokiokoetan, surfa, skateboardinga eta kirol eskalada gehitu dituzte olinpiar kirolen zerrendara. Ikuskizun ederra izan da surfean eta skateboardingean, eta eskaladan ere beste horrenbeste espero da. Abuztuaren 3tik 6ra bitartean jokatuko dira eskaladako probak, Aomiko parkean.

Itziar Zabala: «Ikusgarria izango da presioa nola kudeatzen duten ikustea»

Hiru diziplinatan ariko dira eskalatzaileak: abiaduran, blokean eta zailtasunean. Hiruretan egindako lanak emango du irabazlearen izena. Gutxi dira hiru diziplinak guztiz menperatzen dituzten eskalatzaileak, baina hirutatik bitan aurrean ibiltzea ezinbestekoa izango da finalean ariko diren sei eskalatzaileetako bat izateko.

Hogei ariko dira emakumezkoetan, eta beste hogei gizonezkoetan. Munduko Txapelketetan, diziplinak bereizi egiten dira, baina oraingoan bakoitzean lortutako puntuak batuko dira.

Mikel Linazisoro: «Zer egiten dugun ikusteko balioko dio jendeari»

Abiaduran, eskalatzaileek hamabost metroko horma bat igo beharko dute ahalik eta azkarren. Veddriq Leonardo indonesiarrak du munduko marka gizonezkoetan: bost segundo eta hogei ehunen. Emakumezkoena, berriz, Julia Kaplina errusiarraren esku dago: 6,99.

Blokeko diziplinan ariko dira jarraian. Eskalatzaileek 4,5 metroko horma batean babesik gabe aritu beharko dute, forma ezberdinetako blokeetan erori gabe. Estrategia, indarra eta malgutasuna ezinbestekoak dira modalitate horretan.

Zailtasunari dagokion proba izango dute gainditu beharreko hirugarren eta azken oztopoa. Hamabost metroko horma baten gainean, bidean aurkituko dituzten heldulekuekin aritu beharko dute lehian. Sei minutu izango dituzte erori gabe urrunen dagoen heldulekura iristeko.

Patxi Usobiaga: «Baliteke ezusteko handiak izatea»

Gizonezkoetan, Adam Ondra txekiarra da izarrik distiratsuena. Patxi Usobiaga eskalatzaile eibartarraren ikaslerik aurreratuena izan da azken urteetan. 28 urteko eskalatzaileak bost aldiz irabazi du Munduko Txapelketa, eta distira berezia erakusten du zailtasuneko eta blokeko probetan. Abiaduran, ordea, denborarik okerrena du Tokion ariko diren eskalatzaileen artean. Ondraz gain podiumera igo daitezkeenen zerrenda luzea da: Tomoa Narasaki eta Kai Harada japoniarrak, Jakob Schubert austriarra, Mickael eta Bassa Mawem anaia frantziarrak, Alex Megos alemaniarra eta Alberto Gines espainiarra, besteak beste.

Emakumezkoen artean, ordea, faborito argia dago: Janja Garnbret esloveniarra. 22 urteko eskalatzaile gaztea sei aldiz izan da munduko txapeldun; hau da, egungo espezialistarik onena da. Apenas duen ahulgunerik, baina huts egiten badu, hori aprobetxatzen ahaleginduko dira hainbat eskalatzaile bikain: Akiyo Noguchi eta Miho Nonaka japoniarrak, Shauna Coxsey ingelesa, Aleksandra Miroslaw poloniarra eta Petra Klinger suitzarra, besteak beste. Ikuskizuna ziurtatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.