«Zergatik ibaia?», galdea egin zidan norbaitek duela ez hainbeste. Ibaiak nire kantu asko bustitzen dituela, alajaina. Galderak ez ninduen harritu, urtu baizik: «Bai, badakit, uraren jonkia naiz».
(Txiste txar bat: zer da sekula erreko ez zaituena? Erreka!) .
Batzuetan neure buruari ura kantuetatik kanpo uzteko agindua ere eman izan diot originaltasunaren izenean. Alferrik. Onar dezadan: ez naiz hain berezia. Eta zertarako kontra egin, gainera? Edo... kontra egitekotan, igerian hobe, angula eta izokin!
Hor. Hemen. Ez dakit non. Ura agertzen zait beti.
1. Sortu berri dudan azken kantuan.
2. Aspaldian eta ingelesez Little river deitu nuen batean (iloba Ibairen omenez, Ura patrikan diskoan).
3. Hainbestetan entzuten dudan Joni Mitchellen River-en (nire —eta askoren— kantu maiteenetakoan).
4. Gure birraitonak eskuz harrapatzen zituen amuarrainak.
5. Gure aitona-amonak erreka bueltan sortu ziren, eta zentral elektrikoz elektriko egin izan zuten lan.
6. Gure aitak ibaian egiten zuen arraun.
7. Gure iloba Intzak hala egin eta irakasten du, egun.
8. Nik ibaian ikasi nuen igeri.
9. Amsterdamen pasa nituen hamasei urte, edo Amstel dam-en (Amstel ibaiaren dikeari esker sorturiko hirian).
10. Itsasoan murgiltzea maite dudan arren, errekan bainatzea dut nahiago.
11. Ur gezaren usaina gustatzen zait adatsean eta ur gainean etzanda zuhaitzen adarrei begira egotea, ur azaleko hostoa banintz bezala.
12. Harri zapala kontuz aukeratu, hatz mamiz ukitu, makurtu, uretara jaurti eta zenbat salto egiten dituen kontatzea da ziurrenik nire denbora-pasarik gustukoena (beti daramat harriren bat patrikan uraz gain —Virginia Woolfen antza dut horretan—).
13. Nuestras vidas son los ríos que van a dar a la mar que es el morir (J. Manrique).
14. Elkarrenak gara gaur errekarenak bihar (H. Cano).
15. Emily Dickinson:
Nire ibaia zugana doa—
hartuko nauzu, urdinduriko itsasoa?
Nire ibaia erantzun zain—
Ai, itsaso! —begira, apain—
Eramango dizkizut errekak
Zokoetako tantodun ferekak—
Itsaso, ur hau hartu, bai?
16. Bach adoratzen dut eta Bach alemanieraz erreka da (Jon Sebastian Erreka).
17. Hau idazten ari naizela, erreka entzuten ari naiz. Ez J.S. handia, bestea, Urumea! Alboan bizi dut. Gauean entzuten dudan azken gauza da eta esnatzerakoan entzuten dudan lehena...
Aizue, agian, 17garren puntu honetaraino iritsita, galderari buelta eman beharko nioke: zergatik ni? Ibaia da nire jonkia?
Ez al zuten, bada, hiru laurden ur ginela esan? Mundua ere ez al da hala? Langar, euri, iturri, olatu, laino, itsaso, amaigabekiro? Beti fugan, beti eraldaketan, higadura nekaezinean...
Non da ura ur huts eta non lur?
U R, L U R
L bat da euskaraz ura eta lurraren arteko aldea? Ele edo kontu bat? Muga higakorra duen hori, ez al da bizitzaren metafora ala bizitza bera?
Mendian zehar musika egiten dabiltzan horiek bete-betean asmatu dute: URMUGA.
Hotsa, musika, soinua, zarata, ura, lurra, lurruna, mendi punta, zerua, lainoa, berriz ere ura.... ez dakit non hasi eta non amaitzen den zer. Eta agian, horrexegatik nau ibaiak liluratzen: musika delako musikarion ura. Ura, berriz, munduarena.
Ezin da garenaz gaindi ezer sortu, izan. Ura gara? Bada, garena erabiltzen dugu, garenak gu erabiltzen gaituen bezala. Eta ibaian ezin badu pertsona berak bi aldiz sartu (Heraklito), mugak urezkoak dira.
Eta, beraz, mugarik ez da.
Heraklitoren ibaian
arrainak arraina arrantza,
arrainak arraina txikitu arrain zorrotzez,
arrainak arraina eraiki, arraina arrainean bizi,
arrainak ihes arrain setiatutik.
Heraklitoren ibaian
arrainak arraina maita
zure begiek dir-dir —dio neskak— arrainak zeruan bezala,
/>zurekin nahi dut igerian gure itsasorantz,
ai, arrain eskolako ederren zaren hori.
Heraklitoren ibaian
arrainak arraina asmatu arrainen haraindian,
arraina arrain aurrean belaunikatu, arrainak arrainari kanta,
/>arrainak igeri non errazago galde.
Heraklitoren ibaian
Nik, mihi-arrainak, arrain distantzian
(esan dezagun, arrain zuhaitz eta arrain harritik)
batzuetan arrain txikiak idatzi ohi ditut
arrain zilar ezkatetan, hain labur,
ilunak begia kliskatzen duela lotsaren lotsaz?
Wislawa Szymborskak horrelako eder adierazi zuen.
Eta arrain honek itzuli.