Munduko lasterkaririk onenekin lehiatzera ohitzen ari dira Lide Urrestarazu, Malen Osa eta Sara Alonso. Igandean, zaleen babesean, beren onena eman nahi dute Zegama-Aizkorrin. Gogotsu eta ilusioz daude.
Lide Urrestarazu: «Ilusio handiz prestatu dut aurtengo Zegama-Aizkorri»
Estreinakoz arituko da Zegama-Aizkorrin Lide Urrestarazu (Ordizia, Gipuzkoa, 1999); bai, behintzat, nagusien kategorian. Gaur-gaurkoz Skyrunning World Series zirkuituko liderra da. «Mendiko lasterketekin lehen lotura Zegama-Aizkorrirekin izan nuen. Gogoan dut osaba ikustera joan ginela, Andraitz ingurura. Oroitzen dut korrikalariak pasatzen ikustean pentsatu nuela ederra izango zela mendian hain arin ibiltzeko gaitasuna izatea. Urteren batean bertan parte hartzearekin ameste nuen».
2015 eta 2016 bitartean Junior mailan hartu zuen parte: «Nire lehenengo mendi lasterketak ziren, eta ilusio handia nuen. Oroitzapen oso onak ditut». Zortzi urteren ostean, aurten maratoian parte hartuko du. Gogotsu dago, eta honela azaldu du zer den lasterketa: «Etxeko lasterketa da. Giro izugarria izaten da. Ilusio handiz prestatu dut». Goierritarra izanik, inguruko jende ugari izango du ondoan, eta aitortu du horrek lasterketa «oso berezia» egiten duela.
Denboraldi honetan, Ordiziako mendi lasterketa eta Aloñako igoera jokatu ditu. Gainera, Skyrunning World Series zirkuituko hiru lasterketetan ere emaitza bikainak lortu ditu. Aipatzekoa, Acantilados del Norte (La Palma, Kanaria uharteak, Espainia) lasterketan lortutako garaipena. Igandekoari begira, Urrestarazurentzat entrenamendu bikainak izan dira Munduko Kopan jokatutako probak. «Distantzia laburragoko probak izan dira, baina entrenamenduetan zein lasterketetan indartsu sentitu naiz. Maratoiko distantziarako prest ikusten dut neure burua. Hala ere, bi asteren faltan belauneko lesio bat izan dut. Nahiz eta lesionatuta egon Zegama-Aizkorrin parte hartzeko aukera baldin badut, lasterketaz eta giroaz ahalik eta gehien gozatzea espero dut. Minik ez izatea eta nire onena ematea izango da helburua».
Malen Osa: «Gozatzea izango da helburu bakarra»
Neguan mendiko eskian aritu da Malen Osa (Oñati, Gipuzkoa, 2002). Bi txapelketa jokatu ondoren ekin zion mendi lasterketetako denboraldi ofizialari. Artean, Aiako mendi lasterketa ere jokatu zuen; garaile izan zen. «Lasterketa egokia izan zen nire sasoia ona zela ikusteko». Golden Trail Series zirkuituko bi lasterketa izan ziren lehiatu zituen lehenak. «Asiako egonaldia ez zen nik espero bezain ondo atera. Uste dut han erakutsi nuena baino sasoi hobea dudala. Gaixorik pasatu nituen aurreko egunak, eta Japoniara oso nekatuta iritsi nintzen jada». Karranpekin ibili zen lehen lasterketan, eta gorputzaldiak ere ez zion askorik lagundu. Nahi baino puntu gutxiagorekin amaitu zuen lasterketa. «Txinako lasterketan, gainera, altuerak ere eragin zidan. Bi probetan bosgarren amaitzearekin konformatu behar izan nuen». Orokorrean, eta behin etxean, bestela aztertu zituen lasterketak: «Egoera ikusita, nahiko lan polita egin nuela iruditzen zait. Bi lasterketetan oso gertu izan nuen podiuma, eta hori oso seinale ona izan zen».
Zegama-Aizkorri maratoia ez zegoen bere helburuen artean. Halere, prestakuntza «oso ondo» joan dela aurreratu du, eta kilometroak gehituz joan dela lasterketa gerturatu ahala. «Ondo ikusten dut neure burua, eta erritmoa ere ona izaten ari da entrenamenduetan. Zerbait polita egin dezakedala iruditzen zait». Jakitun da halako lasterketa batean gauza asko gerta daitezkeela. «Gauza asko hartu behar dira kontuan: eguraldia, lesioak, aurkarien sasoia, ondo jatea eta edatea... Ni nire lanera egitera aterako naiz».
Lasterketa amaieran zera pentsatu nahiko luke: «Gozatu egin dudala, eta nire onenean aritu naizela. Oroitzapen ona izan nahi dut lehen Zegama-Aizkorri lasterketaz. Etorkizunean halako asko izango ditut aurretik, eta helburuetako bat izango da hemendik urte batzuetara lasterketa hau irabaztea». Aurtengorako hauxe bere aurreikuspena: «Badakit aurkari indartsu batzuk ez direla bertan izango, eta ni ere sasoiko nagoela; zerbait egiteko moduan ikusten dut neure burua».
Sara Alonso: «Lasterketa irabazteko aukerak ditudala uste dut»
Iaz sei hilabetez egon zen geldirik Sara Alonso (Donostia, 2001), eta ezin izan zuen Zegama-Aizkorrin parte hartu. 2022an aritu zen bertan lehen aldiz, eta hirugarren amaitu zuen. Euskal Herriko emakume korrikalari batek inoiz egindako markarik onena lortu zuen. Iazkoaz, berriz, ez du oroitzapen gozorik. «Hasieran uste nuen iritsiko nintzela, baina lesioak ez zuen onera egin, eta azkenean ezin izan nuen parte hartu. Ikustera joan nintzen, baina oso gaizki pasatu nuen. Negarrez ere aritu nintzen». Baina aurtengorako gogotsu dago. Azarotik dago Zegama-Aizkorrira begira. «Entrenamendu gurutzatu gehiago egiten ditut orain. Eliptika eta bizikleta saioak egiten ditut astean bitan, eta korrika gutxiago».
Aurtengo denboraldia Calamorro Skyrace lasterketan hasi zuen Alonsok, eta irabazi egin zuen. Errekorra ezarri zuen, gainera. Handik gutxira, Asiara joan zen, Golden Trail Series zirkuituko bi lasterketak jokatzera. Japonian jokatu zuen lehen proba, eta bigarren geratu zen. «Oso emaitza ona izan zen. Golden zirkuituan bigarren sailkatzea zaila izaten da». Txinan jokatutako bigarren lasterketan, gauzak ez ziren berak nahi bezala atera. Altueran jokatzen den lasterketa da Txinakoa, eta Alonso ez da ondo moldatzen baldintza horietan. Halere, gustura dago. «Banekien Txinan ez nintzela ondo ibiliko, baina ezin nuen albo batera utzi hara joateko aukera».
Aurtengo Zegama-Aizkorri lasterketara begira, ilusioz gainezka dago berriro ere. «Distantziak errespetua ematen dit. Asiatik itzulita, bi entrenamendu luze egiteko aukera izan dut. Besteren bat egiteko asmoa nuen, baina ez dut denborarik izan». Fisikoki nola dagoen galdetuta, ez du zalantzarik. «Uste dut ondo nagoela. Duela bi aste, Aratzeko igoera egin nuen lasterketako erritmoan, eta, orain dela egun gutxi, serie bikain batzuk».
Maude Mathysek eta Sophia Lauklik ez dute lasterketan parte hartuko, eta horrek aukera gehiago ematen dizkio irabazteko: «Horrek presio eta urduritasun handiagoa sortuko dizkit, baina oso gogotsu nago. Halere, ez nituzke Theres Leboeuf, Daniela Moreno eta Malen Osa baztertuko. Malen oso indartsu ikusten dut».