Hilabete luzez min hartuta egon ostean, bosgarren izan zen 2012an, haren eta ingurukoen harrigarri. Onenekin lehiatzeaz gainera, hura izan da euskal herritar onena azken urteetan. Jokin Lizeagak (Urnieta, 1979) ondo baino hobeto ezagutzen ditu Zegamako sekretuak. Igandean, bosgarrenez aterako da munduko mendi lasterketa onenean.
Prest iganderako?
Bai! Zegama-Aizkorri mendi maratoian sortzen den giroak beti edukitzen nau korritzeko prest eta irrikan. Urteko lasterketarik garrantzitsuena da niretzat, eta, zortez, aurten sasoian iritsiko naiz, gainera.
Bosgarren urtea duzu aurten. Zer helbururekin zoaz?
Lasterketa guztietan bezala, helburu nagusia minik ez hartu eta gozatzea da, marka edozein dela ere; lehiatuz gozatzea ere bai, eta ikusleei lasterketan ilusioa piztea; familiako, lagun, ezagun eta euskal herritar oro lasterketan murgiltzea; eta, errendimenduari dagokionez, berriz, azken bi urteetako denboran helmugaratzea. Izugarria izango litzateke 13:00eko kanpai hotsa berriz ere helmugatik gertu entzutea. Hala ere, lau ordu edo bost egin, Zegaman oso erraza da gozatzea, eta hori da garrantzitsua.
Nola joan da prestaketa?
Entrenamenduak eta egindako lasterketak oso ondo joan dira. Lau garaipen lortu ditut, eta horiek entrenamenduetako une gogorrak erraztu dituzte. Inoiz baino hobeto iritsiko naizela uste dut, baina inoizko sasoi onenean iristeak ez du ziurtatzen aurreko urteetako marka hobetuko dudanik. Gorputzaldi onaz gain, beste faktore asko ere badaude: indarrak neurtzea, estrategia ona, elikadura eta hidratazioa, eta baita arlo psikologikoa ere.
Asteotan nola sentitu zara?
Azken hiru-lau asteetan ez naiz ondo sentitu. Entrenamendu kargaren eraginez, nekatuta nago, eta freskotasuna falta zait. Espero dut aste honetako atsedenari esker berriro ondo sentitzea eta egoera fisikoak gora egitea. Ondo entrenatzeak arrisku hori dauka: oso ondo iritsiz gero, marka lor dezakezu; nekatuta iritsiz gero, gerta liteke behar bezala ez aritzea. Igandera arte itxaron behar... Zer gertatuko ote da? [barrez].
Bi urteotan lehen euskal korrikalaria izan zara. Presiorik ezartzen dizu horrek?
Bi urteotan lehen euskal korrikalaria izan naiz, bai, eta lorpen polita da, baina dena ez dago neure esku. Nik nirea eginez gozatzen dut. Oso argi daukat gozatzeko korri egiten dudala eta ez diodala inori ezer erakutsi behar, ezta inori ezer zor ere. Lasterketak nire bizitzaren atal txiki bat besterik ez dira. Zegaman irabazi edo 50. egin, horrek ez dit ezer aldatuko, eta, beraz, presioak ere neurrikoa izan behar du; txikia, alegia. Lasterketa ahalik eta ondoena egin nahi izateak urduritasuna sortzen du, bai, baina prentsari, trail munduari, zaleek dituzten aurreikuspenak ez betetzeari ez diot beldurrik; nahiko abila naiz presioari ihes egiten.
Lau ordu eta zortzi minutu. Kilianengandik hamabost minutura ere ez…
Esango nuke sasi-korrikalari batentzat oso marka ona dela, oso gutxiren esku dagoena, eta lehenengo bosten arteko borrokan murgiltzeko aukera ematen duena. Dena den, hamabost minutu asko baino gehiago da, ia 30 segundo kilometroko. Horrek argi erakusten du kirol berria dela eta jauzi izugarria dagoela korrikalari amateurretatik profesionaletara. Zorionez, mendi lasterketetan profesional gutxi dago oraindik, eta horrek aukera ematen digu ni bezalakooi aurrealdeko bizipenez gozatzeko.
Sekreturik badago Zegamarako?
Ez, sekreturik ez dago. Dena den, munduko korrikalari onenak elkartzen dira Zegaman, eta hasiera oso azkarra izaten da. Korrikalari asko azkarregi ateratzen dira, eta hori oker handia da. Indarrak neurtzea eta ongi elikatu nahiz hidratatzea ere ezinbestekoak dira errendimenduan.
Zein da lasterketako zatirik hunkigarriena? Eta gogorrena?
Zatirik hunkigarrienak, irteera eta Sancti Spirituko tarte ikusgarria, zalantzarik gabe. Milaka ikuslek osatutako pasabidean barrena haien orroa entzun eta bizitzea ez da egunerokoa. Gogorrena, berriz, azken jaitsiera. Indarrak gaizki neurtuz gero, hamar kilometroak amaiezinak izan litezke.
Zegama... Zegama da. Hala esan zuen Kilian Jornetek.
Bai, niretzat ere, Zegama... Zegama da. Askotan erabiltzen ditudan hitzak dira. Munduko korrikalari onenak munduko afizio onenarekin elkartzeak hori dakar.
BERRIAk martxan jarritako lehiaketan zeu zara euskal herritarren artean faboritoetako bat.
Zer lehiaketa jarri duzue martxan? [barrez]. Teknologia berrietan atzeratu samar bizi naiz, zorionez, eta ez neukan horren berririk. Neure mailari dagokion lana egiten badut, pozik. Euskal herritarretan, lauzpabost mutil eta neska gaude lehen hamar postuetan sartzeko moduan. Daukagun maila goraipatzekoa da.
Zer eguraldi eskatuko zenuke iganderako?
Eguraldia edozein dela ere, antzeko denbora egingo dut nik. Hala ere, zenbat eta eguraldi makurragoa, orduan eta aukera handiagoa sorpresa gehiago egoteko. Beraz, hobe euria eta hotza. Hartara, gainera, baliteke askoz hobeak diren aurkari batzuek kale egitea [barrez]. Eguraldi onarekin ia ezinezkoa da hori.
Zein da azken egunetako plana?
Astea irakasle lanetan pasatuko dut, zorionez; ostiralean, berriz, aurkezpenek eta prentsak sorturiko nekeari ahalik eta ondoena eutsi, eta larunbatean, korrikalditxo bat eginda, prest iganderako. Karbohidratoak ere ez dira faltako, eta hidratazioa ere ez.
Lasterketaren ostean, nolako biharamuna izaten duzu?
Irabazi zein lasterketa bertan behera utzi, minik hartu ezean, lagun, familiako eta zaleekin partekatuko dut unea. Ondoren, Seguran bazkaldu, eta astelehenean hiru-lau orduz zaldian ibiltzea egokituko zait ikasleekin. Beraz, primerako biharamuna [barrez].
Mendiko Lasterketen Euskal Selekzioko prestatzailea zara. Nola ikusten duzu taldea aurten?
Inoizko talderik indartsuena daukagula uste dut. Selekzioan gauden bost mutil eta bost nesken maila lehenengo hamar postuetan sartzeko modukoa da. Denak ez gara sartuko, baina baietz lau mutil eta lau neska! Nire lanaren merituz baino gehiago, norberaren kalitatearen ondorioz izango da hori, noski.
Nolako entrenamenduak prestatzen dizkiezu?
Lana, familia eta lagunak uztartuz, nork bere plana du. Astean bost-sei egunez entrenatzen dira; sei eta hamabi ordu bitartean, zikloaren arabera. Saio luzeenak hiru ordu edo hiru ordu eta erdikoak izaten dira.
Atsedena ere entrenamenduen parte omen da.
Zalantzarik ez. Karga handiaren ostean, atseden hartzea da entrenamendu onena. Kirolari amateur askok profesionalek han eta hemen zabaltzen dituzten entrenamenduak egiten dituzte, atsedenerako denbora eta baliabideak dauzkagula ohartu gabe. Oker handia da hori. Gehiegizko entrenamendu gehiegi dago mendi lasterketetan eta, oro har, bakarkako kirol gehienetan.
Elikadura asko zaintzen duzu?
Errendimendurako, ezinbestekoa da ongi elikatzea, baina nik neuk ez dut jaki bat ere kentzen otorduetatik. Jateak emaitza onak lortzeak bezainbesteko plazera ematen du, eta, beraz, zentzuz, baina zergatik ez jaten gozatu?
Zer ezaugarri behar ditu mendiko korrikalari batek?
Erresistentzia aerobiko ona behar du izan, eta zango gihar indartsuak ere bai.
Zer helburu dituzu 2014rako?
Helburu nagusia munduko kopa izango da aurten ere. Uztailean Dolomitetan, abuztuan Suitzako bi lasterketatan eta urrian Italian lehiatuko naiz. Horiez gain, espero dut Euskal Herriko beste hainbat lasterketatan inguruaz eta zaleez gozatu ahal izatea.
Mendia. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Jokin Lizeaga. Mendiko korrikalaria
«Zegaman gozatzea oso erraza da, eta hori da garrantzitsua»
Mendiko korrikalari sutsua da Lizeaga, baina amateurra. Azken urteetan, ordea, profesional onenekin lehiatu da Zegama-Aizkorrin, eta hura izan da lehen euskal ordezkaria. Aurten ere, Zegama du urteko helburu nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu