Aurreko asteburuan Zegama-Aizkorrin maratoi bikaina egin ondoren, Ander Iñarra Olaziregik (Lezo, Gipuzkoa, 1991) ez zekien zer gorputzaldi izango zuen Leitzako Euskal Herria Mendi Erronkan, baina bistan da bikain errekuperatu dela.
Nolako lasterketa izan da Euskal Herria Mendi Erronkakoa?
Oso lasai ateratzea erabaki dut, aurreko astean Zegama-Aizkorrin korri egin ondoren. Lehen aldia izan da maratoi baten ondoren horrelako distantzia batean aritzen naizena. Neure burua nola zegoen ikusi nahi nuen lehenik, baina ikusi dut hankak ondo neuzkala korrika egiteko. Gaintzara (18,2 kilometroa) iritsi naizenean, ondo ikusi dut neure burua, eta kilometro bertikalean ahalegina egin dut. Irumugarrietara (22,1 kilometroa) iritsi baino 300 metro lehenago aurreratu ditut lehen postuetan zihoazenak. Handik aurrera lehen postuan joan naiz Ireberko (55 kilometroa) azken igoerara arte. Atzetik zetorrenak han harrapatu nau. Gora iristerako, erritmoa igo, eta atzean utzi dut, eta helmugara arte eutsi diot lehen postuari.
ikusi gehiago
Sufritzea tokatu zaizu?
Azken zatian bai. Lekunberritik (45,5 kilometroa) helmugara oso luze egiten dela banekien, eta, nahiz eta badirudien Leitza oso gertu dagoela, korrika asko egin beharra dago. Azken zatian gorputza askeago ikusi dut, eta hobeto joan naiz. Gustura sentitu naiz azken kilometroetan.
Aurreko astean oso ondo aritu zien Zegama-Aizkorrin, baina, hala ere, berriro ere errekorra egiteko gai izan zara Leitzan.
Bai. Ez dakit zer esan ere! Agian, zientzialariei galdetu beharko diegu (barrezka). Zegama-Aizkorrin azkar aritzeak sasoikoago jarri nauela esango nuke. Errendimendua hobetu dut, eta, gainera, ondo errekuperatu naiz. Nik uste ondo etorri zaidala, baina ez niri bakarrik, bigarren sailkatu dena ere Zegaman izan baitzen aurreko astean. Pentsatzen dut Zegamakoa entrenamendu bikaina izan zela gaurkoan horrelako maila erakusteko. Halere, ez dakit hau ona den. Urtean behin egiteko, agian bai, baina ezin da hilero horrela ibili.
Berriro ere errekorra egitea espero zenuen?
Ez nekien zer gorputzaldi izango nuen. Probatzera etorri naiz: banekien erretiratu egingo nintzela edo lasterketa ona egingo nuela. Zorionez, bigarrena atera da.
Hurrengo erronka nagusia Goierriko Bi Handiak (Beasain, 88 kilometro, +6.000 metro) izango da. Estreinakoz arituko zara horrelako distantzia batean.
Bai, eta hori ere beste jauzi bat izango da niretzat. Inoiz egin dudan lasterketarik luzeena izango da. Denboraldia hasi zenean jada buruan neukan bertan parte hartzea, eta urteko helburuetako bat bilakatu da. Orain arte egindako entrenamendu guztiak G2Hra begira egin ditut.
Zer espero duzu?
Ez dut entrenamendu askorik egin gauean lasterka, baina horrek ez dit ardura handirik sortzen. Edozein baldintzatara ondo egokitzen naizela iruditzen zait, eta gaur-gaurkoz oso ondo ikusten dut neure burua. Distantzia luzean ondo ibiltzen naiz, baina burua ondo kudeatzea garrantzitsua izango da. Leitzakoaren ondoren ondo errekuperatzea ezinbestekoa izango da, gehienbat entrenamendu luze gutxi gelditzen zaizkidalako.