Ez dute inoiz Zegaman (Gipuzkoa) irabazi, ezta markarik jarri ere, baina Zegama-Aizkorriren historian sartu dira hirurak. 2002an lasterketa martxan jarri zenetik sei korrikalarik bakarrik lortu dute ekitaldi guztiak amaitzea. Horietako hiru dira Mikel Legarreta, Koldo Urrestarazu eta Jon Zubillaga. Urteroko lasterketa izaten dute, baina haren mendeko bihurtu gabe.
Gogoan al duzue nola jakin zenuten 2002an Zegaman maratoi bat egitekoa zela?
KOLDO URRESTARAZU: Pentsatzen dut herrian, Lazkaon [Gipuzkoa], zurrumurruren bat izango zela. Ahoz ahokoak asko funtzionatzen zuen orduan.
JON ZUBILLAGA: Mendi martxetan ibiltzen nintzen orduan. Uste dut goierritar batek aipatuta iritsi zitzaigula. Ikaragarri gogorra izango zela esaten zuten hasteko.
MIKEL LEGARRETA: Urnietako [Gipuzkoa] apaizak esan zidan. Segurarra zen, eta orduan harreman handia nuen berarekin. San Adriango aterpetxera ere berarekin etorri nintzen lehenbizikoz, eta urtero izugarrizko taldea ekartzen zuen bertara.
Aurretik mendian-eta korrika ibilitakoak al zineten?
K.U.: Ni errepidean ibilitakoa nintzen. Behobia eta Donostiako maratoi batzuk eginak nituen. Mendi maratoi batzuetan ere parte hartutakoa nintzen; Zallako Galarleizen, esaterako [Bizkaia]. Gasteiztik Gorbeara igotzen zen maratoia ere egin nuen.
J.Z.: Gehienbat mendi martxetan ibilitakoa nintzen. Hala ere, orduko mendi lasterketa batzuetan ere parte hartu nuen.
M.L.: Oso hasi berria nintzen; pentsa, 19 urterekin... Orain ez dut gogoan ea Donostiako maratoia edo Zegama-Aizkorri egin nuen lehenago. Orduan, inoiz ez nituen hogei kilometro ere egin mendian korrika.
Nola gogoratzen duzue lehen urtea?
M.L.: Kotoizko kamiseta batekin eta galtzamotz arruntekin irten nintzen. Garai hartan gehienok mendizaleak ginen, korrikalariak baino gehiago. Ez da gaur egun bezala. Ziur naiz orduan ez urik, ezta gelik ere ez nuela eramango [barrezka]. Gogoan dut Andraitzeko igoera atzeraka egin nuela. Sei ordu eta erdian amaitu nuen.
J.Z.: Izugarrizko beroa egin zuela gogoratzen dut! Etxeko hiru anaiok irten ginen. Aizkorriraino, elkarrekin. Gero, anaia zaharrenak lehenago amaitu zuen, eta beste biok elkarrekin sartu ginen. Oso giro euskalduna zegoen orduan; denok bertakoak ginen. Jende asko hurbildu zen ikustera.
K.U.: Aizkorri pasatu eta izugarrizko karranpekin hasi nintzen. Gelditu, luzaketak egin... a ze miseriak ! Ezagutu ere ez genuen egiten ibilbidea. Hori bai, helmugara iritsitakoan sentitu nuen emozioa ez dut berehalakoan ahaztuko.
Hirurok asko sufritu zenuten arren, hurrengo urtean berriro ere irteeran zineten.
J.Z.: Asko sufritu arren, bertan bizi izan nuen giroa asko gustatu zitzaidan. Horregatik itzuli nintzen. Gainera, lehen urtetik izen handia hartu zuen probak, eta ordurako jende askok egin nahi zuen.
K.U.: Sufrimendua eta gozamena balantza batean jarri, eta bigarrenak irabazi zuelako itzuli nintzen.
M.L.: Niri ere sufritzea gustatzen zait; bestela, ez ginen kirol honetan ibiliko. Izan ditut urte asko orduan baino gehiago sufritutakoak.
Hemezortzi urte beteko ditu Zegama-Aizkorrik. Ba al duzue bereziki gogoratzen duzuen ekitaldiren bat?
J.Z.: Orain hiru urtekoa. Eguraldi txarra egin zuen, eta niri behintzat oso gogorra egin zitzaidan Aizkorriko gailurreria igarotzea. Lasterketa bertan behera uztekotan egon naizen lehen aldia izan zen.
K.U.: Niretzat ere orain hiru urtekoa. Ikaragarri sufritu nuen nik ere; hotz ikaragarria pasatu nuen. Zira bera ere ezin nuen ireki.
M.L.: Orain zortzi bat urte ospitaleratu egin ninduten, birus batengatik, lasterketaren aurreko astean. Larunbatean, bezperan bertan eman zidaten etxera joateko baimena. 48 orduan atseden hartzeko gomendatu zidaten, eta ez ateratzea erabakia nuen. Hala ere, etxean ez nuen minik sentitzen. Egunean bertan, 22:30ean, kalera atera nintzen 20 minutuz korrika egitera. Ez nuen minik, eta hurrengo egunean irteeran nengoen. Hori bai, izugarrizko miseria pasatzea tokatu zitzaidan.
Oroitzapen onak ere izango dituzue.
K.U.: Lehen aldiarekin gogoratzen naiz beti. Amaitzea lortu nuelako.
J.Z.: 2008a. Inoiz egin dudan denborarik onena egin nuen, 5.13.
M.L.: Ni ere, Jonen antzera. Denbora onena egiteaz gain, gutxien sufritu dudan urtea izan zen hura. Lasai atera nintzen, beste urteetan baino gutxiago entrenatuta; baina lasterketan oso ondo sentitu nintzen, eta izugarri gozatu nuen. Bost ordutik jaitsi dudan urte bakarra izan zen.
Urteroko konpromisoa al duzue?
K.U.: Bai, baina urtetik urtera joaten naiz. Dortsala ziurtatuta eduki arren, ez nuke derrigorrezko zerbait izatea nahi.
J.Z.: Lehen urteetan itsuago ibiltzen nintzen, baina gaur egun ondo amaitzearekin konformatzen naiz. Ilusio handia egingo lidake hogei osatzeak.
M.L.: Mendian korrika jarraitzeko aitzakia paregabea da. Dortsalik ziurtatuta edukiko ez banu, agian urteren batean beste kirolen batean gehiago murgilduko nintzateke.
Asko aldatu al da lasterketa?
M.L.: Asko. Lehen, inguruko jendea ateratzen ginen. Lasterketaren maila ere ikaragarri handitu da: lehen, sei ordu eta erdiren inguruan ibilita, erditik aurrera amaitzen zenuen; gaur egun, berriz, nahiko atzean.
J.Z.: Prestakuntza ere asko aldatu da. Nik 2007an probatu nuen lehen gela. Kaka egitera gelditu behar izan nuen denbora gutxira. Gauza berria zen hura; gaur egun, ordea, hori da normalena.
K.U.: Maila eta jendearen soslaia aipatuko nituzke. Lehen, mendizaleak ginen gehienok; gaur egun, errepideko lasterketetatik etorritako jende asko dago. Balioak ere asko aldatu dira, mendiarekiko errespetua ere galduz doa.
Zer da zuentzat Zegama-Aizkorri?
J.Z.: Urteko konpromisoa. Bertan egotea gustatuko litzaidake ahal dudan guztietan. Oraindik ere ileak lazten zaizkit Sancti Spiritun. Zerbaitengatik da.
M.L.: Ekitaldi berezi bat. Pentsa, anoa gune askotan ezagutzen gaituzte! Eta nabarmentzekoa da boluntarioen laguntza.
K.U.: Maite dugun lasterketa bat, etxekoa. Asko miresten dugu boluntarioen lana.
Noiz arte egingo duzue Zegama?
K.U.: Aurtengoa amaitzen badut, hogeigarrenaren bila joatea gustatuko litzaidake. Ekainean bigarren haurra izango dugu etxean, eta edozer gauza gerta dakiguke oraindik ere. Hala ere, oraindik ere motibazioa baldin badut, gustatuko litzaidake jarraitzea.
M.L.: Ez dut mugarik jarriko badaezpada, baina huts egin arte jarraitu nahiko nuke. Ez da hain zaila urteren batean huts egitea.
Zuek, Zubillaga eta Legarreta, zuen herrietan lehenengoak izango zineten mendi lasterketetan. Geroztik, zaletasun handia dago Berastegin eta Urnietan.
M.L.: Bai, bai. Urnietan, esaterako, Jokin Lizeaga ere hasi zen ni baino geroago. Geroztik begira zer-nolako ibilbidea egin duen. Hura ere lehen aldiz nirekin etorri zen Zegamara entrenatzera. Gogoan dut inoiz ibili ez izana izateko nola igotzen zituen aldapak. Denborarekin arraza hobetuz joan da [barrezka].
J.Z.: Uste dut ni izan nintzela mendian korrika hasi zen lehena. Gero, bi anaiak ere ibili ziren, eta azken urtetan jende asko dabil; Ion Azpiroz, esaterako. Azken urteetan ibilbide oparoa egiten ari da.
Ibilbide luzea duzue mendi lasterketetan. Zegamakoa al da egin duzuen lasterketarik onena?
J.Z.: Giroa eta ibilbidea kontuan hartuta, bai. Chamonixen ere parte hartutakoa naiz, eta han ere izugarrizko giroa izaten da, baina etxekoa bezalakorik ez dago.
M.L.: Bai, zalantzarik gabe. Agian guretzat berezia delako izango da.
K.U.: Dena duen lasterketa bat da, eta bai, niretzat ere bai. Ingurua zoragarria da.
Mikel Legarreta, Jon Zubillaga eta Koldo Urrestarazu. Mendi korrikalariak
«Zegama-Aizkorri maite dugun lasterketa bat da, etxekoa»
Zegama-Aizkorriren eta mendi lasterketen eboluzioaren protagonista eta lekuko dira, munduko mendi maratoi ezagunenetakoaren ekitaldi guztietan parte hartu baitute 2002tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu