Zazpigarren egunean ez du deskantsatu

Carlos Moran mendizalea 3.000 kilometroko erronka egiten ari da, Nahia Gomez 14 urteko zegamarrak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutzera emateko. Erronkaren lehen zatian, 24 aldiz egingo du Zegama-Aizkorri mendi maratoia.

Moran Txanton tabernan dauden dortsalekin. J. M. / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Zegama
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Goizean goiz da, etamerkatariak euren postuak muntatzen ari dira Zegamako plazan (Gipuzkoa), ostegunetan azoka egiten baita herrian. Merkatarien antzera, goiztiar dabil Carlos Moran ere. Kirola egiteko arropa soinean, emaztearekin plazatik igaro, eta Txanton tabernara doaz zuzen- zuzen, ohitura balitz bezala. Tabernara iritsi, eta, kafea atera bitartean, soinean duen dortsala kendu, eta zazpi zenbakia daraman beste bat hartu du tabernako paretatik. «Nire zenbakirik gustukoena!», esan du barre artean.

Zazpigarren eguna du Moranek Zegama-Aizkorri mendi maratoiko ibilbidea egiten, eta ez du deskantsatzeko inolako asmorik. Sasoiko dago; momentuz, ez du neke handirik nabari. «Hala ere, kontuz ibili beharra dago; ez dakit noiz egingo dudan behera», adierazi du korrikalariak. Joan den ostiraletik, egunez egun ibilbide bera egin du, eta beste hamazazpi aldiz ere egingo du. 1.000 kilometro egingo ditu maratoiaren ibilbidea egiten; beste 1.000 kilometro bizikletan, eta beste 1.000 asfaltoan korrika. Guztira, 3.000.

Hori guztia 14 urteko Nahia Gomez gazte zegamarrak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutarazteko. Glomerulonefritis fokal eta segmentario kortikoerresistentea dauka Gomezek. Duela pare bat urtetik du gaitza, izan zuen birus batetik eratorria. Orain, dialisiaren menpe dago gaztea.

Duela gutxi arte, Nahia Gomezen kasua apur bat «ezkutuan» zegoen. Moranek gaztearen amaren bidez jakin zuen haren egoeraren berri, eta ezagutzera emateko zerbait egitea pentsatu zuen. Kirol munduak jende asko mugitu izan du beti, eta, Moran mendian asko ibiltzen denez, Zegama-Aizkorri maratoiaren antolatzaileei laguntza eskatu zien erronka prestatzeko.

Kafea lasai hartzen ari da Moran, herritarrak tabernara goizetako kafea hartzera joaten diren bitartean. Ezaguna da herrian; denen ahotan dago haren erronka. Txanton tabernan sartzen den bakoitzak badu zerbit hari esateko: «Gaur ere ba al zoaz?», «Ez al zara nekatzen, ala?». Moranek barre artean jasotzen ditu denak.

Maratoiaren antolatzaileetako bat ere, Alberto Aierbe, tabernara joan da, egunero legez. Sartu bezain pronto, argi esan du: «Honek zazpigarren egunean ere ez du deskantsatzen!».

Zegamarraren itxura bera daukaten bi gizonezko sartu dira Txanton tabernan. Ricardo eta Iñigo Ruiz de Apaolaza aita-seme gasteiztarrak dira, eta gaurko bira Moranekin egingo dute. Moranen ezaguna da Ricardo Ruiz de Apaolaza, eta, proiektuaren berri eman zionean, biraren bat Moranekin egitea aukera polita iruditu zitzaion ekimenean apur bat laguntzeko. Gaurko bigarren aldia du. «Zin egin nion hiru bira berekin egingo nituela; gero ikusiko dugu ea gehiagotan laguntzen diodan», azaldu du Ruiz de Apaolazak.

Ibilbidearen hasiera

Kafea jada amaiturik, herriko plazarantz abiatu dira hiru mendizaleak. Azoka muntaturik dago, eta herriko haur eta gazte talde eder bat Moran noiz iritsiko zain dago. Herriko gazteek Urbiara egingo dute txangoa, eta, Nahiaren ekimenarekin bat egiteko, pankarta bat zabalduko dute bertan. Moran eta Ruiz de Apaolaza aita-semeak azken luzaketak egiten ari dira. Minutu gutxi falta dira bederatzietarako. Abiatzeko desiatzen daude.

Bederatziak jotzear dira, eta Moranek honako hau esan du: «Bederatzietan puntu-puntuan ateratzen naiz beti; ez minutu bat lehenago, ez minutu bat beranduago. Horrela, elizako erlojuari begiratzean, herritarrek gutxi gorabehera badakite non gauden».

Elizako kanpaiek goizeko bederatziak jo bezain pronto atera dira Moran eta bere bi laguntzaileak. Maratoiko ibilbideari jarraikiz, lehenik bira bat eman diote herriari. Bitartean, Zegamako gazteak eta bertara joandakoak errepidearen bi aldeetan banatuz joan dira, korrikalariak erditik pasa zitezen.

Zegamari bira ematean, herritarren txalo artean alde egin dute Moranek eta Ruiz de Apaolaza aita-semeek. 42 kilometro luze dituzte aurretik; gaur, Aizkorriko mendilerroa inguratzen duen laino artean. Zazpigarren egunean ez du deskantsatu Moranek, eta, dirudienez, zortzigarrenean ere ez du deskantsatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.