Zazpi erronka eta zortzimilako bat

Etzi estreinatuko da Mikel Lizarralderen 'Zazpi' dokumentala Bilboko Mendi Film jaialdian. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik egindako bidea kontatzen du, Euskal Herriko lurralde bakoitzeko mendi garaienak lotzeko zeharkaldia oinarrian dela.

Mikel Lizarralde 'Zazpi' erronkan
Mikel Lizarralde, Orhira bidean.
ramon olasagasti
Arrate, Eibar
2024ko abenduaren 6a
05:05
Entzun

Beheko zokoan baino eguraldi gozoagoa dago Arraten. Harro antzean dabil hegoa. «Eibarko zulo maitetik» oinez iritsi da bera, «aspaldi igo gabeko bide batetik». Goietan, jeneralean, beste haize bat ibiltzen da. «Zazpi proiektuaren hasiera hemen izan zen, Arraten. Nire erreferenteak elkarrizketa sortako bat, Maria Iralagoitiari egindakoa, hemen egin nion. Minbizia zeukan, eta Zazpi egitasmoari ekin baino pixka bat lehenago hil zen Maria. Horregatik grabatu nuen Zazpi-ren aurkezpena hemen», argitu du Mikel Lizarralde Asurmendik (Eibar, Gipuzkoa, 1980). Eta horregatik elkarrizketarako hitzordua ere Arraten.

Mendian bezala bizitzan ere badira mugarriak, eta horixe izan zen 2018ko otsailaren 3a Lizarralderentzat. Topinburu eta Galdaramuño mendi inguruetan korrika zebilela bikoitza ikusten hasi zen, eta handik gutxira esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. Hura, ordea, ez zen heriotza sententzia bat izan, bizitzeko akuilu eztenkada bat baizik: «Balio izan zidan jabetzeko, hi txikito, hau hasi eta buka egiten duk. Beraz, egin gabe edo saiatu gabe utzitakoen damurik ez nuen izan nahi».

Beraz, bizitzak jarri zion erronka haren aurrean, bera ere erronkak jartzen hasi zen, bizitzan aurrera egiteko. Eta halaxe, behe-behean egon ondoren, Eibar baino puskaz beherago, hasi zen gorantz. Eta egin zuen Getaria-Zarautz igerian, eta Zegama-Aizkorri maratoia korrika... Amaren aldetik erdi zegamarra izanik, berezia izan zen hura Lizarralderentzat. Zazpi ordu lasterka, eta hamaika geldialdi bidean, besarkada bati eta besarkada besteari. Maria emazteari eta Maialen eta Katrin alabei azkena, helmugan. «Ospitaleko ohetik nentorren, eta, errespetu guztiarekin, egun hartan Kilian baino asebeteago sentitu nintzen. Esklerosia nik daukat, baina Mariak, alabek, gurasoek, denok eramaten dugu, eta Zegama-Aizkorrikoa izan zen ospakizun bat denontzat».

Mikel Lizarralde 'Zazpi' erronkan
Buztanzelai gailurrean, Pirinioak zerumugan.

Nire erreferenteak elkarrizketa sorta egin eta gero, askok esan zioten: «Eta zergatik ez duk hire istorioa kontatzen?». Halaxe sortu zen Zazpi, esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik bizi eta hausnartu duen guztia kontatzeko ariketa, «optimista burugogor baten» zeharbide bat mendian eta bizitzan, bere zokogune laiotz eta gailur eguzkitsuekin.

Zazpi gailur, 300 km, hamaika etapa

Askok mugiezintasunarekin lotzen du esklerosi anizkoitza, eta, agian horregatik, bizipen horiek mugimenduan eta ibilian kontatzea erabaki zuen Lizarraldek. Eta beste erronka bat abiatzea, zazpigarrena: Euskal Herria alderik alde zeharkatu eta lurralde bakoitzeko gailurrik garaienetara igotzea, Pagomakurren hasi eta Hiru Erregeen Mahaian bukatu. «Beste erokeria bat. Mapan begiratzen hasi eta ikusi nuen 300 kilometro pasatxotan lot zitezkeela tontor guztiak, eta hamar bat egunetan egin nezakeela. Zazpigarren erronka, zazpi mendi... Hortik izena. Araban eta Bizkaian tranpatxo bat egin nuen, bi lurralde horietan garaiena Gorbeia baita, eta, horregatik, Bizkaiko bigarrena hartu nuen, Aldamin».

«‘Gauza onak, Maria, nola ekarriko ditu honek gauza onak, faborez!’, aurpegiratu nion. Arrazoia zeukan. Baina hori perspektibarekin ikusten da»

MIKEL LIZARRALDE'Zazpi' dokumentalaren zuzendaria

Irudiekin Pello Osoro triatloilari ezaguna eta bideogilea izan du bidelagun. «Hark lagundu zidan Nire erreferenteak elkarrizketak grabatzen, eta hari egin nion, gainera, sorta hartako bonus track-a, hamahirugarren elkarrizketa. 10 bat urte zeuzkala tumore bat atzeman zioten begi bateko nerbio optikoan eta kendu egin zioten. Geroztik begi bakarretik ikusten du». Osororena izan da, beraz, Zazpi dokumentaleko irudiak hartu dituen begi zolia. «Egia esan, faktoreen ordena pikutara bidalita egina dago dokumentala. Logikoena izaten da lehenbizi gidoia egotea, eta gero horren arabera filmatzea, baina ez: lehenbizi zeharkaldia egin genuen, Pellok irudiak grabatu zituen, eta gero egin genuen gidoia eta muntaketa». Eta muntaketaren ondoren, Maite Arroitajauregi Mursego-k egin zuen musika. «Lokuzioa, berriz, Haritz Leteren Lera estudioan grabatu genuen, ganoraz, Maitek berak aholkatuta. Oso eibartarra atera zaigu dokumentala». Aipatutakoez gain, proiektuan ezinbesteko bidelaguna izan zen Iñaki Osoro ere, Pelloren aita. «Zeharkaldiaren logistika izugarri erraztu zigun autokarabanarekin: otorduak prestatzen zizkigun, itxaroten gintuen etapa amaieretan...».

Lizarraldek dokumentala egitea eta Mendi Filmera aurkeztea jarri zuen mugarritzat, goragoko asmorik gabe. «Niretzat, egin beharreko urratsa zen. Itxi egin behar nuen proiektua. Pentsatzen nuen ez zutela onartuko, ‘eskerrik asko, beste batzuk aukeratu ditugu, eta ez dago denentzako lekurik’ erantzungo zidatela. Haiek oihuak bota nituen hautatu zutela jakin nuenean». Iñaki Peña lagunak, Mendian hil, hirian hil dokumentalaren egileak, esana zion Mendi Film «zortzimilako batera igotzea» dela. «Beldur eszenikoarekin eta lotsa puntu batekin nago, eta bestetik jakin-minez, filma amaitzen denean jendeak zer erreakzio daukan».

Mikel Lizarralde 'Zazpi' erronkan
Hiru Erregeen Mahaia tontorrean. Lizarralde bera, Pello Osoro, Fernando Errekalde eta Fran Compostizo lagunak.

Elkarrizketaren egunean bertan Danele Sarriugartek BERRIAko bere zutabean jasotako hitz hauek atera dira solasera, Sarriugartek Arantza Santestebani irakurritakoak: bizitza ere izan daitekeela luzea bezain zabala. Urteetan neurtu beharrean neur litekeela bizipenetan edo lagun sarearen zabaleran, esaterako. Euskal Herria bere zabalera osoan zeharkatu duen honetan, Zazpi proiektu osoan, jabetu da Lizarralde bizitzaren zabalera horretaz. Esaterako, gogoan ditu zeharkaldi hartan zatiren batean edo bestean berarekin ibili ziren guztiak: Andoni Azkargorta, Ibon Oregi, Ander Berrizbeitia, Mikel Larreategi, Oier Iribar, Javiertxo Almandoz, Fernando Errekalde, Fran Compostizo, nola ez, Pello eta Iñaki Osoro aita-semeak, eta Maria eta bi alabak. Eta gogoan ditu etorri nahi eta ezin izan zuten guztiak ere.

Diagnostikoa jaso eta ospitaletik etxeratu berritan, lagun eta senide askoren bisita jaso zuen Lizarraldek, eta iltzatuta dauka, bisita haien guztien ondoren, etxeko atea itxi eta emaztea eta biak besarkada batean lotu ziren unea: «Ikusiko duzu, honek ere ekarriko ditu gauzak onak», esan zion orduan emazteak. «‘Gauza onak, Maria, nola ekarriko ditu honek gauza onak, faborez!’, aurpegiratu nion. Arrazoia zeukan. Baina hori perspektibarekin ikusten da, denbora bat pasatu denean eta atzera begiratuta».

Horregatik, Hiru Erregeen Mahaira igo eta Linzako aterpean Maria, Maialen eta Katrinekin elkartzeko unea «oso polita» izan zela azaldu du Lizarraldek: «Honaino ere heldu naiz», esan zien. Eta Zazpi egitasmoaren bide berari jarraituz, Mendi Filmera helduko da etzi. «Maurice Herzogek aipatzen zituen beste Annapurna horietara joatearen aldekoa naiz ni, beti aurrera egitekoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.